Moriako errefuxiatu gunearen aldeko jaki bilketa

Guaixe 2020ko ira. 25a, 13:48
Morian dauden errefuxiatuak jatekoa jasotzen. Argazkia: Zaporeak.

Zaporeak-ek jatekoen larrialdiko bilketa eginen du gaur eta bihar. Hiriberrin, Irañetan, Uharte Arakilen, Bakaikun, Olatzagutian eta Ziordian ariko dira boluntarioak elikagaiak biltzen. 

Greziako Lesbos uharteko Moriako errefuxiatu eremuan sutea izan zen hilaren 8an. Erabat kixkali zen eta, horren ondorioz, 13.000 pertsona zerua goian eta lurra behean dutela gelditu dira, ezer gabe. Errepide bazterrean egotera behartu zituen poliziak. Hori izan zen aurreneko bizpahiru egunetan Greziako Gobernuak hartutako neurri bakarra. Kale gorrian zeuden pertsonak artatzeaz gobernuz kanpoko erakundeak arduratu ziren. Migratutako pertsona horiei jatekoa bermatzen lan egiten dute Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeko boluntarioak. Egun haietan 4.500 anoa banatu zituzten. 

Mitilini hiriburutik oso gertu, kostaldean, errefuxiatuendako kanpamendu berria eraiki dute. 5.000 pertsonendako tokia du, baina 9.500 sartu dituzte beraien gogoz kontra. Zaporeak-etik azaldu dutenez, “helburua lehengoko egoerara itzultzea da; hau da, pertsona errefuxiatuak Greziako irletan konfinatuta edukitzea Europako Batasuneko herrialdeek gaian esku hartzen ez duten bitartean”. Gaztigatu dutenez, “suteak pertsona errefuxiatuen asilo eskaeran prozesuko dokumentazio guztia erre zuen eta orain, kanpaleku barruan dauden 9.500 pertsona errefuxiatuak erregistratu behar dituzte eta bestelako tramiteak egin, horrela beharrezkoa duten asistentzia emateko”.

Suteak eragindako ondorio latzak neurri batean arindu ahal izateko, eta pertsona errefuxiatuen artean gaixo kronikoak, haurdunak, abusuak jasan dituztenak eta adin txikikoak dira zaurgarrienak. Haiei janari duina eskaini ahal izateko, Zaporeak-ek Euskal Herrian larrialdiko janari bilketa antolatu du gaur eta bihar. Erakundeak Lesbosen duen sukaldean prestatzen dituen jakien osagaiak bildu nahi ditu, esaterako: arroz luzea, makarroiak, lekariak (dilistak, txitxirioak, babarrunak), atuna eta sardinak latan, oliba olioa, espeziak (piperbeltza, piperbeltz zuria, kuminoa, curry-a), esne hautsa eta energia-barrak.  

Sakanan non
Herria Tokia Eguna Ordutegia
Hiriberri Goialde kalea 13 Ostirala 10:00etatik 14:00etara + 17:00etatik 20:00etara
    Larunbata 10:00etatik 14:00etara + 17:00etatik 20:00etara
Irañeta Udaletxea Larunbata 11:30etik 13:30era
Uharte Arakil Udaletxeko ezkaratza Ostirala 18:00etatik 20:00etara
    Larunbata 18:00etatik 20:00etara
Bakaiku Udaletxeko idazkaritza eta estankoa Ostirala 12:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 18:30era
    Larunbata 12:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 18:30era
Altsasu BM eta Eroski Larunbata 09:00etatik 13:00etara
Olatzagutia Frontoia Ostirala 10:00etatik 14:00etara + 18:00etatik 20:00etara
    Larunbata 10:00etatik 14:00etara
Ziordia Gaztetxe ondoan Larunbata 10:00etatik aurrera

Zaporeak-i donazioak egiteko
Transferentzia bidez
Kutxabank: ES32 2095 5011 80 9115250322

Laboral Kutxa: ES71 3035 0103 88 1030035880

Bizum bidez
Zaporeak Proiektua. Bidalketa kodea: 00435

Erlazionatuak