Hondakin bilketarako kamioi berria

Guaixe 2020ko ira. 29a, 11:00
Hondakin bilketarako Sakanako Mankomunitateak erosi duen kamioi berria.

Sakanako Mankomunitateak atzo jaso zuen ibilgailua. 

Azaroan kamioi bat jaso zuen Sakanako Mankomunitateak eta ostegunean beste bat. Giltzak jasotzearekin batera, Mank-eko gidariek Iveco eta Ros Roca enpresen prestakuntza jaso zuten. Kamioiarekin probak eginen dituzte edukiontziak modu egokian hartzen eta igotzen dituela ziurtatzeko eta horiek gainditu ondoren, aste honetan, lanean hasiko da. 

Erosketagatik Mank-ek 135.000 euro pagatu ditu (BEZ kanpo). Guztia Mank-ek ordaindu du, dirulaguntzarik gabe. Miren Ortiz Olabe idazkariak azalduu duenez, “horrek ekonomia ahalegin handia eskatzen du. Urte bakarrean bi kamioi ekarri ditugu”. Flota berritzeko asmoa dute, baina erosketa egutegia oraindik ez dago zehaztuta. Hondakin Bilketa Zerbitzuan dauden ibilgailuak berritzeko beste pauso bat eman du ibarreko erakundeak. Sakanan hondakinen gaikako bilketa egiteko 11 ibilgailu ditu Mank-ek: karga konpaktagailua duten zortzi, auzo-konpostari jarraipena egiteko bat, edukiontziak garraiatzeko bat eta garbigune mugikorra. 

Ortizek gogorarazi du azken urteetan Hondakin Bilketa Zerbitzuan inbertsio handiak egin direla: tratamendu plantan hondakinak biltzeko zelda berriak, transferentzia guneari atea jartzea, konpost planta eraikitzea, kamioien erosketa eta aurki edukiontzi berriak erosiko dituzte (62.244,5 euro).  

Mank-ek Arbizun duen hondakinen kudeaketa gunean jaso zuen kamioi berria. Erakundea ordezkatuz David Oroz Alonso presidentea, Nerea Malkorra Araolaza kontu-hartzailea, Itziar Iribarren Rekarte kudeatzailea eta Miren Ortiz Olabe idazkaria izan ziren. Talleres Cobos enpresako Jose Antonio Garcia Sanchez eta Pablo Cobos izan ziren, baita Ros Roca enpresako Gotxon Olmo Arco.