Euskaraldia, bi izen emateak zabalik

Guaixe 2020ko ira. 25a, 14:56

Aurreneko Euskaraldiko parte-hartzaile batzuk.

Entitateek Arigune gisa izena emateko epea igandean despedituko da. Belarriprest edo ahobizi rolak hartu nahi dituztenek azaroaren 19ra arte izena eman dezakete. Baterako edo besterako www.euskaraldia.eus web orrira jo behar da. 16 urtetik gorakoek parte hartu dezakete Euskaraldian 

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da euskararen erabilera handitzeko ariketa soziala, Euskaraldia. Helburua argia da: euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hitz egitea. Horretarako, lortu nahi da gaur egun gaztelaniaz egiten diren makina bat elkarrizketa elebidunak bihurtzea, eta hizlari guztiak eroso sentitzea. Hori lortzeko ezinbesteko figura da belarriprestena. Beraiek dira euskaraz lasai hitz egiteko sarea zabaltzen duten oinarrizko pieza. 

Aurreneko edizioan bezala, parte-hartzaileek bi rol horien artean aukeratu beharko dute: belarriprest edo ahobizi. Baina aukeraketa egiterakoan gauza bat argi izan behar da: rolek ez dute zerikusirik euskararen ezagutza mailarekin, jarrera bat dira. Beraz, euskaraz ongi moldatzen ez denak ez du derrigorrez belarriprest izan behar, ezta ongi dakienak beti ahobizi izan behar. Belarriprest txapa eramanen duen pertsonak adierazten du berarekin euskaraz hitz egin daitekeela, lasai egiteko berari euskaraz. Beste kontu bat da zein hizkuntzatan erantzunen duen: batzuetan euskaraz izanen da, gaztelaniaz bestetan. Ahobizi txapa dutenek euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz hitz eginen du uneoro. Eta, beti, lehen hitza euskaraz esanen du. Eta elkarrizketa elebidunetan euskarari eutsiko dio. Jarrera kontua, esan bezala. 

Horregatik, egokia da ariketa hasi aurretik zehaztea zein jarrera hartu nahi duen norberak, eta horren arabera rola hautatu. Euskaraldian parte hartzeko izena eman behar da. Gero txapa jaso ahal izateko. Gainera, prestakuntza eskaintza jasoko du (tailerrak, bideoak, irakurgaiak). Bestalde, aurreko edizioan bezala, inkesta bidali eta bizipenak jaso nahi dira. Izen emateak ere balioko du herriko Euskaraldia batzordea parte-hartzaileekin harremanetan jartzeko. 

Ariguneak 
Euskaraldiko aurreneko edizioan sumatu zen hutsuneetako bat izan zen pertsonengan uzten zela ardura guztia. Baina izaki sozialak garen neurrian, pertsonak hainbat antolakundetan parte-hartzen dugu: kirol, kultur edo gastronomia elkarte, gizarte eragile, enpresa, denda, erakunde edo administrazioa. Entitateetan ere euskararen erabilerari bultzada emateko sortu dira Ariguneak, euskaraz aritzeko tokiak. Bi motatakoak daude, barne eta kanpo Arigunean. Aurrenekoa entitate barruan sortzen da euskararen erabilera handitzeko. Esaterako, lantegi bateko makina edo bulego bateko langileak. Kanpo Arigunearen bidez, berriz, entitateek bermatzen dute jendeak beraiekin euskarazko harremanak izan ditzakeela. Arigune gisa izena emateko epea igandean despedituko da. 

Datuak
2.631 sakandarrek parte hartu zuten. 
538 belarriprest.
2.093 ahobizi. 


Hitzorduak 
Irailak 25, ostirala 
Altsasu. Euskaraldia, zer egin kuadrilletan? 19:00etatik 19:30era, Iortia kultur gunean. 

Irailak 27, igandea
Lizarraga. Euskaraldiko izen ematea. 13:00etan, parkean (frontoian eguraldiak laguntzen ez badu).