Herri kirolak

Bideoa, herri kirolak sustatzeko egiten den lana erakusteko

Maider Betelu Ganboa 2020ko ira. 30a, 12:20

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanan herri kirol ezberdinak sustatzeko egiten den lana jaso du bideo batean. Amaia Erdoziak eta Oscar Corrozak egin dute, "herri kirolei hauspoa emateko eta herri kirolak mantentzearen alde lan ordainezina egiten duten boluntarioak omentzeko"

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanan herri kirol ezberdinak sustatzeko egiten den lana erakusten duen bideoa ekoitzi du. Amaia Erdoziak eta Oscar Corrozak egin dute, eta  www.sakana-mank.eus webgunean eta Youtuben dago ikusgai. Aurreko astelehenean egin zen bideoaren aurkezpena. Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak azaldu zuenez, ideia Aizkora Eskolako Miguel Angelen alaba Amaia Erdoziarena izan zen. "Amaiak Aizkora Eskola ezagutzen zuen, gertutik, eta aipatu zidan ideia polita litzatekeela Sakanako Aizkora Eskolari buruzko bideo bat egitea, bertan egiten den lana polita iruditzen zitzaiolako. Mankomunitatean ideia bikaina iruditu zitzaigun, baina Aizkora Eskolaz gain, Sakanako Harri Jasotze Eskolari buruz hitz egin nion, ikastetxeetan herri kirolak sustatzeko egiten zen lanaz, Nafarroako Herri Kirol Jolasetan Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolen parte hartzeaz, herri kirolak sustatzeko hainbat boluntarioren dedikazioaz… eta ikuspegia zabaldu eta Sakanan herri kirolak nola lantzen ziren erakusten zen bideoa egitea erabaki genuen, Mankomunitateak, sortu zenetik, herri kirolak sustatzen dituelako” aipatu zuen Gerrikagoitiak. Bideoan herri kiroleko eskolak barrutik nola diren ikusten dela nabarmendu zuen teknikariak. "Uste dut horrek beti animatuko duela jendea parte hartzera” gaineratu zuen. 

Erdoziak eta Corrozak 19 minutu pasako bideoa egin dute, ikusteko arina eta Sakanan herri kirolak sustatzeko egiten den lana ongi islatzen duena. Bideoaren aurkezpenean Aizkora Eskolako Juanito Erdozia, Harri Jasotze Eskolako Mikel Lasarte, Sokatira Eskolako Nerea Lizarraga eta Andra Mari ikastolan herri kirolak sustatzen urte mordoa daramatzan Jexux Senar izan ziren. Ekitaldian egoterik ez zuten izan baina herri kiroletan ibiltzen direnak izan zituzten gogoan, nazabaldarrak, Axio Flores zena, Jesus Mari Arza edo gorrititarrak, tartean. Bideoa "oso polita” zela aitortu zuten gehienek. 

Amaia Erdozia: "Sakandar asko daude herri kirolari asko ematen diotenak”
Amaia Erdozia pozik geratu da egindako lanarekin. "Sakanan herri kirolak sustatzeko eskoletan eta ikastetxeetan egiten den lan handia jasotzen du; ez da bakarrik kirolaren aldetik egiten duten lana, euskal kulturari begira egiten dutena ere nabarmendu nahi genuke. Eta bideoarekin lan hori jaso eta gorde nahi da, halakoak gordetzea oso garrantzitsua delako. Lan hori borondatezkoa da, eta egiten duten lana omendu nahi du bideoak. Izan ere, gurean pertsona asko daude herri kirolari izugarri ematen diotenak” azaldu zuen Amaia Erdoziak aurkezpenean.

Amaia Gerrikagoitia: "Herri kirolak indarra galtzen ari zirelako kezka genuen, eta 2004an Aizkora eta Harri jasotze Eskolak martxan jarri genituen”
Sakanako Mankomunitateak bere sorreratik sustatu ditu herri kirolak. Kirol Zerbitzua duela 19 edo 20 urte Sakanako Herri Kirol eguna antolatzen. Baina 2004. urtean Sakanan herri kirolak ahultzen ari zirela jabetu ziren. "Ikastetxeen arteko herri kirol topaketak antolatzea bururatu zitzaigun; horretarako, ikastetxe guztiei herri kirol materiala banatu genien, unitate didaktikoak sortu genituen, eta orduan ziurtatu genuen Sakanako ume guztiak herri kirolak ezagutzen zituztela, ikastetxean lantzen zituztelako. Harrera bikaina izan zuen. Hala ere, herri kirolak indarra galtzen ari zirela eta, kezka genuen. Horrela, Nafarroako Gobernuko dirulaguntza aprobetxatuta, Sakanako Aizkora Eskola jarri genuen martxan Etxarri Aranatzen, eta Sakanako Harri Jasotze Eskola Irurtzunen. Sakanako Sokatira Taldea martxan zegoen Arbizun, eta baliabide ezberdinekin laguntza eman genien” aipatzen du Amaia Gerrikagoitiak bideoan. 

Sakanako Aizkora Eskola Axio Flores zenak eta Kirol Zerbitzuak jarri zuten martxan. Juan Mari eta Floren Nazabal izan ziren lehen irakasleak, Axiorekin batera, eta nazabaldarren bordan aritzen ziren. "Axio beti prest zegoen edonor laguntzeko. Gazteei erakutsi beharra zegoela, eta horrela hasi ginen, gurean gazte kuadrilla bat trebatzen, hiru hilabetez, astean bitan. 15 gazterekin hasi ginen” gogoratzen du Juan Mari Nazabalek bideoan. Floren txapeldun handiak halako eskolak egotea beharrezkoa dela gaineratzen du bideoan. "Herri kirolek aurrera egiteko eskolak beharrezkoak dira. Izan ere, aizkoran trebatzeko materiala behar da: egurra, aizkorak, egurrak kontserbatzeko bordak edo pabilioiak, entrenatzeko tokia... edonork eskura ez dituenak. Laguntza behar da materiala prestatzeko, eta irakasle bat, aizkoraz dakiena. Eta Aizkora Eskolak hori ematen du. Gazteei aukera bat da ematen zaie, behintzat, aizkora ezagutu dezaten. Aukera bat da gazte jendeak ikasteko kirola nolakoa den” dio bideoan.

Urte batzuren buruan, Axio gaixotu zen, nazabaldarrek utzi zuten eta erdoziatarrek hartu zuten eskolako ardura. "Ni jubilatuta nengoen eta pentsatu nuen laguntzarekin egingo genuela; eta hala segitzen dugu” azaldu zuen Juanitok. 

Juanito Erdozia: "Trebe garen bitartean, Aizkora Eskolan jarraituko dugu”
"Sakanako herri kiroleko eskolak oso ongi daude, garrantzitsuak dira gazteei aizkora, harri jasotzea eta halakoak erakusteko. Gure garaian Katxo zena egon ez balitz, gu ez ginen aizkoran ibiliko. Eta Aizkora Eskolak zaletu haiek egiten zutena eskaini nahi du. Aizkora eskolan gazteei garaiz bidaltzen zaie informazioa, zer den eskola, non apuntatu ahal diren… garbi-garbi. Jendeak badaki eta nahi duena joaten da” azaldu zuen aurkezpenean Aizkora Eskolako egungo arduradun Juanito Erdoziak, bideoa "asko” gustatu zaiola azpimarratuz. "Boluntarioek egiten dugun lanaren aitortza den aldetik, bideoa eskertzen dut. Sarritan esaten dit andreak, ea zergatik oraindik halako lanak hartzen ditudan, baina nik esaten diot nik ez dudala Aizkora Eskola utziko. Lan hau egiten jarraituko dut, gustura, trebe naizen bitartean. Kirola egitea oso garrantzitsua da, oinarrizkoa, eta guk aizkorarekiko sekulako zaletasuna dugula kontuan hartuta, txiki bat mozten ikustean horrek ematen didan pozak ez du preziorik. 20 urte dituztenera bitartean kirolean badabiltza, hori bide ezin hobea da pertsona egiteko” nabarmendu zuen Erdoziak. 

Erdoziatarren bordan mugimendu handia egoten da. Aizkora eskolak asteartetan eta ostiraletan ematen dituzte Juanitok, Miguel Angelek eta Juanjok. "Ebakitzen ordu bata aritzen gara, baina aurretik prestaketa lan handia dago. Nafarroako Gobernuak Aizkora Eskolari 20 enbor ematen dizkigu urtero, baina horiek bota eta bidera atera behar dira, traktorearekin. Hori guk egiten dugu, Manolo Gorritirekin. Gero Mankomunitateak bidalitako kamioi batek jaisten ditu bordara. Han, egurra ongi mantendu behar da, heze. Horretarako belarra jartzen diegu gainean, eta ureztatu. Eta, klase bezperan egurrak atera, balio duena utzi, besta kendu, enborrak prestatu, txaflanak egin, josi eta borda barrura sartu. Horrela ibiltzen gara” zihoen Erdoziak. 

Aurten, 2020an, 18 gazte hasi ziren trebatzen. Hiru saio egin zituzten eta konfinamenduagatik dena gelditu zen. Irailean berrekin diote ikastaroari, eta urte bukaera bitartean lanean ariko dira. "Neska bat dago, eta oso poliki ari da jartzen. Mutiletan oso onak daude, baina onak e? Oso ongi dabiltza. Gu hiru belaunaldi aritu gara sarritan, erakustaldietan, eta izugarri pozten nau horrek. Handia da kirolak segida duela ikustea” aitortu zuen Erdoziak. 2021ean ohiko moduan hasteko asmoa dute, egoerak uzten badu behintzat, martxotik ekainera bitartean, eta orduan irekiko da izena ematea. 

Mikel Lasarte: "Eskola egotea oso garrantzitsua da, bestela jendeak ez ditu eskura harriak  ez teknika erakutsiko dionik”
Mikel Lasartek aurkezpenean aipatu zuen Sakanako Harri Jasotze Eskola urte osoan dagoela zabalik. "Harri jasotzen trebatzeko urte guztian aritu beharra dago lanean. Konfinamenduan geldialditxo bat egin genuen, baina gero berehala hasi ginen entrenatzen. Hortaz, noiznahi norbait animatzen bada, Irurtzunen ongietorria izango da. Etortzen denari gogoa eta seriotasun pixka bat eskatzen diogu; harriak jasotzen ikasteko gogoa eta zaletasun pixka bat behar baita. 16 urte hauetan hona probatzea asko etorri izan dira, urtero lauzpabost. 50 lagun inguru pasako ziren hemendik, baina gero jarraitzea ez da hain erraza, kirol honetan sufritu beharra dagoelako eta urte osoan lanean aritu behar delako, etenik gabe, kirolari onak ateratzeko. Teknika asko landu behar da, posturak zaindu, gorputzaren ergonomia eta kontrapisua bilatu… Ikastea kosta egiten da, baina behin ikasiz gero ia beste gauza bat da” azaldu zuen Lasartek. 

Egun hiru harri jasotzaile trebatzen dira Irurtzungo eskolan, eta bakarra da sakandarra, Jon Irañeta irurtzundarra. Gainontzekoak ingurukoak dira, Arostegiko Julen Kañamares eta Berriozarko beste gazte bat. "Txapeldun bat dugu, Jon Irañeta, eta txapeldun bat ateraz gero motibazioa ere gehixeagoa izaten da. Ildo honetan, azaroaren 6an Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa jokatuko da Irurtzunen. Aurtengoa urte arraroa izan da, zailtasun asko dago txapelketak jokatzeko, eta txapelketa Irurtzunen antolatzearen aitzakiarekin gazteak motibatuta daude” nabarmendu zuen. 

Irurtzungo Udalak utzitako lokal batean dago Sakanako Harri Jasotze Eskola. Lokala nahiko handia da, eta urtez urte harri bilduma polita osatu dute. 30 harri pasa daude eskolan, tamaina, pisu eta forma ezberdinetakoak: zilindroak, laukizuzenak, kubikoak, bolak... "Eskola leku aproposa da harri jasotzean trebatzeko. Gaur egun eskola egotea oso garrantzitsua da, bestela jendeak ez ditu eskura harriak eta behar diren materialak, ez teknika erakutsiko dionik. Horregatik sortu genuen eskola, jendeari errazteko” ondorioztatu zuen Lasartek. 

Jexus Senar: "Herri kirola kirolik garbiena da, kiroltasun handikoa, noblea”
Jexus Senar ez da Mankomunitateak aurkeztutako bideoan ateratzen, baina urte mordoa daramatza Sakanan herri kirolak sustatzen, bereziki Andra Mari eskolan neska mutikoak trebatzen, gerora Nafarroako Herri Kirol Jolasetan parte har dezaten. Jubilatuta dago, baina oraindik ere herri kiroletan jarraitzen du, Mikel semearekin. Herri kirolek gora egin dutela argi du. "Iaz Andra Marirekin Nafarroako Herri Kirol Jolasetan aritu ziren taldeek gora egin zuten. Kimutan 8-9 talde ginen, haurretan bospasei, kadetetan hiruzpalau, eta sokatiran ere talde asko. Andra Maritik 100 ikasletik gora ibili ziren, astebururo bi autobus goraino mugitzen genituen. Hori asko da, e? Eta horri Iñigo Aritzako taldeak eta Nafarroako beste talde guztiak gehitu behar zaizkio” azaldu zuen. Tamalez, COVID-19 birusarengatik bertan behera geratu zen txapelketa, eta ikasturte honetan txapelketa antolatuko ote den zalantzan jartzen du. "Ez dakit aukerarik izango ote dugun; zaila ikusten dut, bai entrenatzeko eta baita lehiatzeko ere” gaineratu zuen. 

Herri kirolei ez dizkie onurak besterik ikusten. "Niretzat herri kirola kirolarik garbiena da, eta haurrak oso gustura egiten dutena. Kiroltasun handiko kirola da, oso noblea. Neskak eta mutilak berdin-berdin aritzen dira: trontzan jartzen badituzu, ahal duten guztia egiten dute, eta gustura; zaku bat jartzen badiezu, berdin; koxkolak jartzen badizkiezu, berdin...Sokatiran talde mistoak dira, nahastuta aritzen dira; berdin zaie. Hori da herri kirolek duten gauzarik hoberena” ondorioztatu zuen. 

Sakanako Mankomunitateak urtero antolatzen duen Sakanako Ikastetxeen Arteko Topaketak duen arrakasta ekarri zuen gogora. "Oso ongi pasatzen dute, herri guztiko ikastetxeetako haurrak nahasita osatzen dira taldeak. Amaia Gerrikagoitiari beti esaten diot herri kirol topaketa hauek gehiagotan egin beharko zirela: hiru hilabetean behin, urtean behin egin beharrean. Horrela haurrek hobeki ezagutuko zuten elkar,  harreman gehiago egingo lituzkete... herri kiroletan asko gozatzen dute, asko gustatzen zaie” aipatu zuen.

Nerea Lizarraga: "Gustura ibiltzen dira sokatiran eta talde politak egiten dira”
Nerea eta bere ahizpa Belen Lizarragak urte asko daramatzate sokatiran. Bere garaian Munduko Txapelketa irabazi zuen Sakana Sokatira Taldeko kideak biak, gaur egun Arbizuko Sokatira Eskolan aritzen dira Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako sokatira taldeak prestatzen, Nafarroako Herri Kirol Jolasetan aritzeko. Bideoan Sokatira taldeko urrezko garaiak ekartzen ditu gogora Belenek. "Ikusten da zer lana dagoen horren atzean” azaldu zuen Nereak aurkezpenean. Gaur egun ez dago talderik. "Taldea osatzea zaila da. Zortzi bat pertsona elkartzen dira, baina gero zortzi horiek taldean jarraitzea oso zaila izaten da. Jarraipena ematea zaila da. Horregatik, aspalditik ikastoletako sokatira taldeak trebatzen aritzen gara. Gustura ibiltzen dira eta talde politak egiten dira” gaineratu zuen Nereak. 

Eskolak dauden bitartean, beraz, aurrera eginen dute herri kirolek. Urte askotarako izan dadila. 

Bideoa

Sakanako Mankomunitateko webgunean