Pilota

Aspeko pilotariek Baikon gertatzen ari denarekin “larrituta” daudela azaldu dute eta elkartasuna azaldu diete Baikon jarraituko ez duten lau pilotariei

Guaixe 2020ko ira. 29a, 10:17
Binakako Txapelkeltaren aurkezpena, tartean Ezkurdia, Zabaleta eta Martija daudela. Unai Laso finalerdietarako sailkatuta zegoen, Albisurekin, baina Baikon ez duenez jarraituko, Agirrek hartuko du bere tokia.

Aspeko kirolariek “bidezko irtenbide bat” eskatu dute

Baiko Pilotan gertatzen ari denak pilota mundua astindu du, eta atzo Aspeko pilotariak izan ziren gertatzen ari denaz euren iritzia eman zutenak. Aspeko pilotariek atzo ohar bat atera zuten “pilotan azken egunetan gertatzen ari den egoeraz, eta, batez ere Baikon pairatzen ari direnaz” euren iritzia emateko. Aspeko pilotari guztiak, Joseba Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta eta Julen Martija sakandarrak barne, azaldu zuten “oso kezkatuta” daudela azkenaldian “ikusi eta bizi” izan dituzten “injustizia egoerekin”, eta “bidezko irtenbide bat” eskatu zuten, “errudunik gabe eta harrotasunak alde batera utzita”. Elkartasuna adierazi zieten Baikon jarraituko ez duten  lau pilotariei: Iosu Eskirozi, Victor Estebani, Unai Lasori eta Jon Mariezkurrenari. 

Aspeko pilotariek koronabirusa alde batera utzi nahi izan dute. "Ez dezagun saldu Koronabirusa izan dela arazoa. Egoera honetatik irteteko akordioak lortu nahi izanez gero, hitz egitea eta elkarlana da bide bakarra. Hala gertatu da gure enpresan" nabarmendu dute. Halaber, pilotan pentsatzea eskatu dute. "Gehiago pentsatu behar dugu hainbeste maite dugun kirol honetan, eta norabide berean arraun egin, bestela alferrik galduko da jende askok urte luzez eginiko lana".

Gertatzen ari denarekin, “irudi txarra” ematen ari direla uste dute. "Larrituta gaude egoera honekin, pilotarien munduan gertatzen ari diren bidegabekeriak ez dira normalak eta inoiz ez da halakorik gertatu" diote, eta horregatik uste dute "irudi negargarria ematen ari gara". Irtenbide bat lortzearen alde azaldu dira "harrokeria alboratu behar da eta arazoa konpondu".