Pilota

Binakako Txapelketa: Jaka-Zabaletak eta Agirre-Albisuk gaur aukeratuko dute materiala

Guaixe 2020ko ira. 30a, 10:29
Unai Laso ez da egongo gaurko aukeraketan. Agirrek hartuko du bere tokia.

Goizeko 11:00etan izango da, Bizkaia frontoian

Asteburu honetan Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldia jokatuko da. Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak Laso ordezkatuko duen Asier Agirre eta Jon Ander Albisu izango dituzte aurkari, eta larunbatean Bilboko Bizkaia pilotalekuan 17:30ean jokatuko duten partida horretarako materiala gaur, asteazkena, goizeko 11:00etan aukeratuko dute, Bizkaia pilotalekuan. Ekitaldiak ikusmin handia sortu du Asier Agirrek Baikorekin berritu ez duen Unai Laso ordezkatuko baitu. Agirrek aitortu du “ez dela gustuko egoera”, Unai Laso “lagun handia” duelako. 

Binakako finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldiko beste partidan Olaizola II.a-Zabaletak Ezkurdia-Martija izanen dituzte aurkari igandean, 17:00etan, Eibarko Astelenan. Partida honetarako materiala martxoaren 12an hautatu zuten bi bikoek, pandemiagatik guztia gelditu baino lehen, eta, hortaz, ez dute aukeraketa errepikatuko. 

Pilota Enpresen Ligak bere kudeaketa defendatu du
Pilota munduan urak ez dira baretzen. Atzo Pilota Enpresen Ligak (EPEL) agiria atera zuen Baiko Enpresako webgunean eta bere kudeaketa eredua defendatu zuen, eta ahalegin handia egiten ari direla nabarmendu zuten. “EPEL eta hura osatzen duten enpresak ahalegin handia egiten ari dira jarduera berriz ere geldiarazi behar ez izateko, aurreko hilabeteetan osasun-krisiaren unerik kritikoenean gertatu zen bezala. Edozein langilek edo langile-taldek bere interesak, pertsonalak zein kolektiboak defendatzeko, ordenamendu juridikoan aurreikusitako mekanismoen bitartez egikaritzeko dituen eskubideak errespetatzen baditugu ere, uste dugu polemika sortzea ez dela egokia egungo egoeran”.