Pilota

Larunbateko pilotak aukeratu dituzte Jaka-Zabaletak eta Agirre-Albisuk

Guaixe 2020ko ira. 30a, 14:38

Ikusmina handia izan da. Lehen jardunaldiko galtzaileak direnez, larunbatean bi bikoak irabaztera aterako dira

Masters CaixaBank Torneoa atzean utzi, eta Binakakoari begira jarri dira gure pilotariak. Larunbatean jokatuko da Binakako Finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldiko lehen partida. Hain zuzen ere, lehen jardunaldiko galtzaileak ariko dira elkarren kontra, Jaka-Zabaleta eta Agirre-Albisu hain zuzen ere, larunbatean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den partidan. Partida horretarako materiala gaur aukeratu dute. Agirrek ordezkatuko du Baikon jarraituko ez duen Unai Laso, eta une delikatua izan da Agirrerendako, Laso lagun mina baitu. Gertatutakoak gertatu, Asier Agirrek Binakako finalean jokatzeko aukera aprobetxatu beharko du. 

Jakak eta Zabaletak 104,9 g, 104,6 eta 104,3 gramoko pilotak aukeratu dituzte eta Agirrek eta Albisuk 104,8, 104,2 eta 104,6 gramokoak. Ez da inolako arazorik izan eta bi bikoek aitortu dute hil ala biziko partida batean daudela, galtzen duen bikoak finalera sailkatzeko oso zail izango baitu. Konfinamenduak ekarritako geldialdia “oso arraroa” izan zela aitortu zuten laurek, baina orain, atzera ere sentsazio onekin daudela nabarmendu dute. 

Binakako finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldiko beste partidan Olaizola II.a-Zabaletak Ezkurdia-Martija izanen dituzte aurkari igandean, 17:00etan, Eibarko Astelenan. Partida honetarako materiala martxoaren 12an hautatu zuten bi bikoek, pandemiagatik guztia gelditu baino lehen, eta, hortaz, ez dute aukeraketa errepikatuko.