Hortxe dago hurrengo lerroetan idatziko duenaren inguruan pentsatzen. Pentsatu eta pentsatu… Ez zaio ezer bururatzen. Halako batean hotzikara batek astindu egin du eta mamu bat sartu zaio gorputzean. Masailak azkartasunez berotzeko gai den itxura gabeko zelataria. Bere buruan jariotasunez dabiltzan pentsamenduak izozteko zelatari pribilegiatua. Masailak bero eta burmuina izoztuta. Lepotik gora, aurkako tenperaturen arteko bataila.
Hasieran gezurra esan dizuet. Nola ez zaio ba ezer bururatuko? Ehunka ideia ditu garunean dantzan, ehunka iritzi eta esaldi irakurleari eskaintzeko eta ehunka hitz hurrengo lerroak apaintzeko. Ehunka aukera baina segurtasun ezaren milaka zantzu. Segurtasun eza, beldurra, ezinegona… horiek dira itxura gabekoak, zelatariak, pribilegiatuak. Norbanakoaren nahiak baliogabetzen dituzten mamuak.
Horixe gertatzen zaio. Ideiak plazaratu nahi ditu baina beldurrak ez dio uzten. Adierazpen libreen alde dago baina beldurrak sortutako presioak askatasuna mugatzen dio. "Ondo irudituko zaie?","Ados egongo dira?","Ez bazaie gustatzen?" eta horrelako hamaika galdera. Uneoro gainerakoek pentsatuko dutena begiratzen, bere iritzi propioa aintzat hartu gabe eta "akatsari" aukerarik eman gabe.
Idatziarekin hasi ordez galdera horietan guztietan pentsatzen. Erantzunen inguruan hipotesiak egiten. Denbora galtzen. Betiko buklean etengabe, zorabiatuta.
Behintzat gaurkoan saiatu egin da eta erronka gainditu du. Saiatzean datza gakoa.
Pentsatzen eta pentsatzen… Horrela ematen ditut orduak, ispiluan islatzen denari begira.