Aizkora

Iban Resanok eta Goizeder Beltzak Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketari ekingo diote

Guaixe 2020ko urr. 1a, 16:32
Iban Resano, Nafarroako 2. Mailako Aizkora Txapelketa irabazi zuenean, ondoan Goizeder Beltza duela.

Igandean kanporaketa jokatuko dute Lekunberrin (12:00)

Urte berezi honetan edozein ekitaldi antolatu eta aurrera ateratzea notizia bilakatu da, eta berri ona da Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketa antolatu izana. Guztira 10 aizkolarik parte hartuko dute, eta tartean bi sakandar daude: Iban Resano dorrobarra eta Goizeder Beltza etxarriarra. Haiekin batera ondoko aizkolariek parte hartuko dute Nafarroako lehen mailakoan: Iker Vicente (Otsagi), Jon Rekondo (Leitza), Ruben Saralegi (Leitza), Joxean Etxeberria (Ziga), Oier Kañamares (Arostegi), Eneko Saralegi (Leitza), Julen Kañamares (Arostegi) eta Xuban Kañamares (Arostegi). Aipatzekoa da Juan Jose Lopez ere aritzekoa zela, baina medikuak emandako agiria aurkeztu du txapelketan aritu ezingo denaren seinale. 

Txapelketa igandean hasiko da. Hain zuzen ere, Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa hartuko du Lekunberrik, 12:00etan. Aipatutako 10 aizkolariek hartuko dute parte, eta ondorengo lana egin beharko dute: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu. Lehendabiziko bostek abenduaren 6an Donezteben jokatuko den final handirako txartela lortuko dute. Aldiz, azken hirurek lehen mailako kategoria galduko dute eta zortzigarren sailkatuak Juan Jose Lopezekin jaitsiera kanporaketa egitea eskatu ahal izango du. 

Kanporaketa polita espero da, orain arte aizkolariek apenas izan dutelako aukerarik txapelketetan edo erakustaldietan aritzeko. Hortaz, ikusmina handia da. Iban Resano lehen 5 postuetan sailkatzen saiatuko da, finala jokatu ahal izateko, eta Goizeder Beltza 1. mailari eusteko borrokan murgilduko da. Urte berezi honetan aizkolarien maila eta sasoia nola dagoen ikusteko aukera emango du Nafarroako 1. Mailako Txapelketak.