Pilota

Egoera nahasi honen erdian, orain Binakakoa

Guaixe 2020ko urr. 2a, 14:35
Martija, Ezkurdia, Olaizola eta Urrutikoetxea, martxoaren 12an finalerdietako 2. jardunaldirako materiala bereiztu zutenean. Igandean jokatuko dute, Eibarren.

Baiko enpresako egoerak titular guztiak pilatzen dituen bitartean, martxoan bertan behera geratu zen Binakako Txapelketa bueltan da. Asteburuan finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldia jokatuko da: larunbatean Jaka-Zabaleta Agirre-Albisuren kontra ariko dira Bizkaian eta igandean Ezkurdia-Martijak Olaizola II.a-Urrutikoetxea izanen dituzte aurkari Astelenan

Masters CaixaBank Torneoa ahaztu, eta Binakakoari begira jarri dira gure pilotariak. Binakako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia jokatu berri zen COVID-19ak guztia gelditu zuenean, eta atzera egin eta orduko sentsazioak berreskuratu nahi dituzte finalerdietara sailkatu ziren lau bikoak. Txip aldaketa egitea dagokie, eta horretarako ez dute tarte handirik izan. Binakakoari ekingo zaio, baina ez da martxoko Binakako berdina izango. Gainera, Baiko enpresan gertatzen ari denak bigarren mailan jarri du lehiaketa eta txapelketa bera ere. Gaur bertan Baikoko pilotariek adierazi dute euren egoera "jasangaitza" dela eta urriko 12 egunetan greba egingo dutela. Eta egoera nahasi honetan itzuli da Binakakoa.

Atzera eginez, gogoratu beharra dago Aspetik bi bikote sailkatu ziren finalerdietara: Jaka-Zabaleta eta Ezkurdia Martija, eta Baikotik beste bi: Olaizola-Urrutikoetxea eta Laso-Albisu. Unai Lasok ez duenez Baikon jarraituko, enpresak bere ordez Asier Agirre jarri du. Nafarrari tokatu zaiona ez da samurra, halako egoera nahasian lagun mina ordezkatu behar izatea, baina horrela dira gauzak.

Zabaletak dio ez dutela martxoko maila
Larunbatean jokatuko da Binakako finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldiko lehen partida. Erik Jaka eta Jose Jabier Zabaleta Unai Agirreren eta Jon Ander Albisuren kontra ariko dira, Bilboko Bizkaian (17:30, ETB1). Materiala asteazkenean bereizi zuten eta bi bikoak gustura geratu ziren saskian topatu zutenarekin. Ikusmen handiena Agirrek piztu zuen. "Unai lagun handia dut eta ez da erraza, baina tokatzen zaidana barneratzen ari naiz, eta barneratu dut larunbatean ona etorri eta ahal den guztia ematera" aitortu zuen.

Partidak final ukitua du, bi bikoak lehen jardunaldian galtzaile izan zirelako. Hortaz, jakitun dira txapelketan aurrera egiteko ezin dutela huts egin, irabaztera atera behar direla. 

Agirre lehen aldiz arituko da Zabaletaren kontra. "Nire bizitzan ikusi dudan atzelaririk onenetarikoa da, eta Erik ere sekulako momentuan dago. Euren kontra aritzea erronka polita da. Zabaleta faboritoa da, eta bera aurre egiten saiatuko gara, aukerak sortzeko. Partida zaila izango da" azaldu zuen. Zabaletak eta Jakak, aldiz, ez daudela euren sasoi hoberenean nabarmendu zuten, ez daudela martxoan bezala. "Azken bizpahiru partidatan ez naiz oso gustura ibili, nahi nuen bezala" aitortu zuen Etxarrengo atzelariak. Erik Jakak ildo beretik jarraitu zuen: "sentsazioak ez dira lehenengoak. Hilabete asko pasa dira, uda oso atipikoa izan da...". Aldiz, Albisuk uste du Jakak eta Zabaletak partida ona egingo dutela. "Irabazteko gogor egin beharko dugu lan, eta horretan saiatuko gara" aipatu zuen. Txipa aldatzearen beharra azpimarratu zuen Zabaletak. "Aste batetik bestera txapelketa zeharo ezberdinean sartu beharra dugu, txipa aldatu. Binakakoan, martxoan, maila oso onean geunden eta ea biek maila horretan jarraitzerik dugun eta larunbatean partida ona egiten dugun".

Ezkurdiak eta Martijak lau entrenamendu espezifiko eginen dituzte 
Binakako finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldiko beste partidan lehen jardunaldiko irabazleek jokatuko dute. Horrela, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Aimar Olaizola eta Urrutikoetxea izanen dituzte aurkari igandean, 17:00etan, Eibarko Astelenan (ETB1). Partida honetarako materiala martxoaren 12an hautatu zuten bi bikoek, pandemiagatik guztia gelditu baino lehen, eta, hortaz, ez dute aukeraketa errepikatuko. Partida behar bezala prestatzeko, 4 entrenamendu espezifiko zehaztu dituzte Ezkurdiak eta Martijak.