Txirrindularitza

Indurain Anaiak Saria Igor Arrietarendako eta Mikel Uncillarendako

Guaixe 2020ko urr. 2a, 09:03
Igor Arrieta, helmugan.

Sakana Group-Aralar taldeko uharte arakildarrak juniorren lasterketa irabazi zuen eta Quesos Albeniz-Burunda taldeko etxarriarrak kadeteen mailakoa

Igandean 24. Indurain Sari Nagusia hartu zuen Atarrabiak. Bi lasterketa jokatu ziren, kadeteen mailakoa (60 km) eta juniorren mailakoa (90 km), eta bietan protagonistak txirrindulari sakandarrak izan ziren, beste behin. 

Kadeteen lasterketa oso lehiatua izan zen, eta, azkenean Mikel Uncilla etxarriarra (Quesos Albeniz-Burunda) eta Xabier Zabala (Bar Restaurante El Volante) iritsi ziren helmugara elkarrekin. Esprint borrokatuan, Mikel Uncillak lortu zuen garaipena (1:21:56). Top Tenean beste bi sakandar sailkatu ziren, Ander Villalobos altsasuarra (Quesos Albeniz), 6. postuan eta Unax Trevejo olaztiarra  (Quesos Albeniz) 7. postuan, biak 1:31ra. 

Gainontzeko sakandarrak kontuan hartuta, Aimar Tadeo (Sakana Group) 14. izan zen, Adrian Martinez (Sakana Group) 16., Alex Lopetegi 25. (Sakana Group) eta Asier Etxeberria 28. (Quesos Albeniz). Taldeka Quesos Albeniz Burunda izan zen onena eta Mikel Uncillak, txapeldunaren kopa jasotzeaz gain, mendiko kopa lortu zuen. 

Junior mailan ere Aralar eta Burunda klub sakandarrak izan ziren jaun eta jabe. Lakuntzako taldeko Igor Arrieta uharte arakildarrak lasterketa irakurtzen oso ondo jakin zuen, behar zen tokian egin zuen erasoa eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:10:39). 45 segundora taldetxo bat sartu zen, Burundako Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznar buru zela. Top Tenarekin jarraituz, Iker Mintegi (Quesos Albeniz) 4. iritsi zen, Mikel Olatxea (Sakana Group) 5., Aitor Alberdi (Sakana Group) 7. eta Unai Aznar (Quesos Albeniz)10. Bukatzeko, Jon Erdozia (Sakana Group) 14. postuan helmugaratu zen, Oihan Etxeberria (Quesos Albeniz) 38. postuan eta Unax Miranda (Sakana Group) 46. postuan. 

Talde onena Sakana Group-Aralar izan zen, eta txapeldunaren sariaz gain, Igor Arrietak mendiko txapelketa eta tarteko helmugen txapelketa lortu zituen.