Fermin Artola: "Morian larrialdi egoera aspaldikoa zen"

Guaixe 2020ko urr. 6a, 11:38
IRañetan Zaporeak-en alde egindako jaki bilketako une bat.

Jaki bilketan parte hartu zuenetako bat Fermin Artola lakuntzarra da. Moria errefuxiatu eremua bertatik bertara ezagutzen du, Zaporeak-eko boluntario gisa, udan eta aurretik ere, han lan egin duelako. 

Artolak gaztigatu duenez, “Morian larrialdi egoera aspaldikoa zen. Duela hilabete batzuk esaten genuen kanpamendu horretan zegoen egoera oso-oso-oso latza zela eta ezinezkoa zela Europan horrelako egoera bat mantentzea”. Nabarmendu duenez, irailaren 8ko suteak “are egoera larriagoa utzi du. Lehen denak kanpin-dendatan edo palet eta plastikoz egindako txaboletan bizi ziren. Bizitzeko oso baldintza txarretan, ez urik ez ezer. Sutearen ondorioz jendea hori gabe gelditu zen”. Ondorioz, errefuxiatu eremuan zegoen jendea errepide bazterretan edo supermerkatu batzuetako aparkalekutan egon zen, “ez janaririk, ez urik, ez medikurik, ez ezer”. 

Artolak azaldu duenez, “migrazio mugimendu guztiek, azkenean, denek oinarri bera dute: herrialdeetan duten bizitzeko egoera. Gehienetan gerra dago. Duela urte batzuk gehienak siriarrak ziren, Siriako gerra zela eta, handik alde egindakoak. Baina momentu honetan, % 70 edo gehiago, Afganistanetik datoz. Han, egia esanda, ez dago inolako baldintza onik bizitzeko, ez gizonezkoendako, ez emakumezkoendako, ez inorendako”. Afganistanen aspalditik gerra eta “azpiko gerra” dagoela gaineratu du Artolak. “Halako negoziazio batzuk izan dira, baina duela gutxi entzun genuen haurrendako ospitale batean bonba jarri zutela. Hori da hango eguneroko bizitza. Bizitza deitu badaiteke. Eta, beraz, jendeak handik alde egiten du, han bizitzerik ez dagoelako”. 

Oinez, autobusez, kamioiez… lurrez, beste herrialde batzuetan barrena ibilaldi luzea egiten dute pertsona horiek. “Haien helburua da imajinatzen duten Europa zoragarri honetara iristea, bizimodu duin bat lortzeko”. Artolak azaldu duenez, Lesbos Turkia ondoan dagoen uhartetxo bat da. “Hara pasatzen direnean oso baldintza txarrekin topo egiten dute. Inoiz esperoko ez luketen zerbaitekin. Eta egia esanda, han egonda, guk geuk ere espero ez dugun zerbaitekin topatzen gara Europa ‘zibilizatu’ honetan”. 

Erantzukizuna
Artolaren iritziz, “Europako Batasuneko estatu guztien erantzukizun zuzena da. Haien lana da hori bideratzea. Baina zer egiten dute: diru pixka bat eman Europako bazter batean migratzaileak mantentzeko eta gainerako herrietara ez hurbiltzeko. Horrela guk ez dugu benetan dagoen arazo bat”. Aitortu du Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) egiten dutena “adabakiak jartzea” dela. “Gurea ez da konponbidea. Konponbidea da estatuek eman behar diote”. Eta irtenbidea eman du: “Moria desegitea eta han dagoen jende guztia birkokatzea Europako gainerako herrialdeetan”. 

Horren ordez, hesiz itxitako kanpamendu berri bat egin dute. Kontzertinaz inguratuta dago. Artolak azaldu duenez, “errefuxiatuak iristen direnean, karnet moduko bat ematen diete. Zerbait erostera edo medikuarengana edo dena delakora atera nahi dutenean, izena eman behar dute eta txartel bat ematen diete. Kartzela ingurune batean bizi dira. Lehen ez zuten askatasunik. Orain gutxiago. Errefuxiatuek eremu itxi horretan egon behar dute. Acnurrek kanpin-denda handiak jarri ditu eta han sartu dituzte”. 

Moriako kanpamendu berrian ez dago inolako ur zerbitzurik. Kamioiak eramaten dituzte jendeak ura hartu ahal izateko. Egunean behin jateko zerbait ematen diete. Eta mediku zerbitzurik oraindik ez dago. Duela hilabete batzuk ez zegoen COVID-19 kasurik. Baina pasa den aste akaberan gutxienez 240 ziren positibo emandakoak. 4.000 haur inguru daude eta ez dute sekula eskolarik izan. Urte batzuk han daramatzan jendea badago. “Nik ezagutu izan ditut han lau bat urte daramatzatenak haien egoera argitu zain. Oso normala da esatea: hurrengo elkarrizketa 2021eko irailean dut edo halakoak. Halako ‘barrikada handi bat’ jarrita dago hurrengo pausoa ez emateko”. 

GKEen lana egoeraren araberakoa da. “Momentu batzuetan izan da halako elkartasuna eta laguntza. Eta besteetan, oso erosoa ez bazara, edo esaten duzuna oso erosoa ez bada, zure kontra jotzen dute. Esaterako, Morian klinika pare bat zeuden, Mugarik Gabeko Medikuak eta halako gune batzuk. Guk janaria eramateko ez genuen inolako arazorik. Sutearen ondorioz inork ez du inolako baimenik jaso medikuntza zerbitzuak emateko, ezta janaria emateko ere”. 

Une honetan errefuxiatu eremuan ezin dute jatekorik banatu. “Debekatuta dago. Halako xantaia moduko bat egin diete errefuxiatuei denak barruan mantentzeko: sartzen ez bazarete zuen paperek ez dute aurrera eginen eta ez duzue inolako zerbitzurik izanen. Hasiera batean ez zuten barrura joan nahi”. Errepidea moztu zuten eta GKEk eremutik kanpo gelditu ziren eta sartzea debekatu zieten. Ondorioz, inguruan zegoen jendeaz arduratu ziren. Baina GKE guztiak elkarrizketetan daude, eremuan sartzeko baimena lortzeko. 

Moriako errefuxiatu gunerako 4.000 jaki 
Hiriberri Arakilen, Irañetan, Uharte Arakilen, Bakaikun, Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian jatekoak bildu zituzten irailaren 25ean eta 26n. Guztira 4.000 kilo jaki jaso zituzten boluntarioek. Gehien bat lekaleak, arroza, pasta eta olioa. Erakundetik nabarmendu dutenez, “halakoen premia dugu”. Horrekin batera, kontserba latak, hauts-esnea eta bestelakoak. Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundekoek “esker ona” azaldu diete sakandarrei: “zuen elkartasunarekin desplazatutako pertsonetako batzuen bizitza ‘pixka bat okerragoa ez izatea’ lortzen da”. Eta jakinarazi zutenez, aurreneko kamioia joan den astean bertan bidali nahi zuten. 

Zaporeak-ek Greziako Lesbos irlako Moriako errefuxiatu eremu ondoko sukaldera eramanen dira Sakanan eta Euskal Herri guztian bildutako jakiak. Erakundeak egoera zaurgarrienean dauden errefuxiatuen artean banatuko du jatekoa. Eta horien egoera asko okertu da irailaren 8an sute batek errefuxiatu eremua kixkali eta gero. 

Ekarpena egin nahi duten sakandarrak oraindik ere garaiz daude Zaporeak-i dirua emateko. Sutearen ondoren aurrekontua bikoiztu edo hirukoiztu zaielako. Lesbosen fruta eta barazkiak erosten dituzte. Sekula egin ez dutena ere egin behar izan dute sutearen ondoren: ura banatu, errefuxiatuek ez zutelako. Horretan dirutza ari da gastatzen Zaporeak. 

Zaporeak-i donazioak egiteko
Transferentzia bidez
Kutxabank: ES32 2095 5011 80 9115250322

Laboral Kutxa: ES71 3035 0103 88 1030035880

Bizum bidez
Zaporeak Proiektua. Bidalketa kodea: 00435

Erlazionatuak