Andra Mari Ikastola 'Aniztasuna aberastasun' III. Eskola Lehiaketan saritua

Guaixe 2020ko urr. 7a, 09:45
Andra MAri ikastolako ikasleei saria eman zien lana.

Lehiaketa pandemiak baldintzatu du. Ikastetxeetan aurrez aurreko klaseak bertan behera uztearen eta ondorengo konfinamenduaren ondorioz, lehiaketan parte hartu nahi zuten talde askorendako etenda geratu zen hasitako prozesua. Zailtasunak zailtasun hainbat ikastetxek lanak aurkeztu zituzten.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Aniztasuna aberastasun izeneko III. Eskola Lehiaketa antolatu zuen. Aniztasunaren inguruan hausnartzea eta desberdina errespetatzen duen gizartea eraikitzeko begirada inklusiboa eta positiboa lantzea bultzatu nahi zen. Helburua izan da gizarte pluraleko herritarrak izateak eta bizikidetza errespetatzeak eskaintzen dituen aukerak erakustea. Lehiaketako sariak irailaren 25ean banatu ziren. Sei ikastalde sarituen artean dago Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolako. Zehazki, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek aurkeztutako Ez ikusi arren, hemen nago lanak jaso zuen saria. 

Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, aurkeztutako lan guztiak liburu batean bilduko dira, eta liburua Nafarroako ikastetxe eta liburutegi guztietara iritsiko da. Aniztasuna aberastasun bildumak laster hiru ale izango ditu, eta lanerako tresna erreferente bilakatzen ari da.

Sari banaketan izan ziren Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo eta Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari nagusi Martin Zabalza. Ollok sari banaketa ekitaldian adierazi zuenez, “lehiaketaren helburuetariko bat da ikasle-taldeen arteko harremanak indartzea, partaide eginaz eta ikaskideen proposamen, iritzi eta ideia desberdinak errespetatuaz. Talde osoaren artean garatzeko lan garrantzitsua da”. Pandemiak lanak sortzea zaildu bazuen ere, aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu zuen Ollok.