Baditugu aurreneko belarriprestak eta ahobiziak

Guaixe 2020ko urr. 2a, 15:00

Lizarragabengoan izena eman dutenetako batzuk.

Euskaraldian parte hartzeko izena emateko epea joan den ostegunean zabaldu eta azaroaren 19ra arte izanen da horrela. Ariguneak ere izanen dira Sakanan.

Sakanako Euskaraldiko batzordeak entitateen artean ariguneei buruzko informazioa zabaldu ondoren, buru-belarri hasi dira sakandarrak izena ematera animatzeko dinamikak lantzen. Azaroaren 19ra arte dago belarriprest edo ahobizi gisa izena emateko epea. Horretarako, www.euskaraldia.eus web orrira jo behar da. Jakinik sakandar batzuek nahiago dutela aurrez aurre izena eman, ibarreko Euskaraldiko batzordeak aztertzen ari dira nola antolatu horiek pandemia garaian. Dagoeneko Lizarragaren eta Lizarragabengoaren eskarmentua badute. Bietan izen emate ekitaldiak izan ziren. Goiztiarrenak lizarrengotarrak izan ziren, ostiralean, 14k eman zuten. Igandean, berriz, 30 lizerratarrek eman zuten izena Euskaraldian batzordeak jarritako informazio mahaiaren bidez. 

Sakanako Euskaraldiko arduradunek oraindik ez dute bukatu entitateek izen emateak tramitatzen. Horregatik, Euskaraldian arigune gisa izena ematen interesa duen administrazio, kirol edo kultur elkarte, gizarte eragile edo entitateren bat balego Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarri beharko du euskara2@sakana-mank.eus e-posta bidez. Asteleheneko 12:00ak arte du horretarako. 

Bandoa 
Altsasuarrak Euskaraldian parte hartzera animatzen dituen bandoa zabaldu du Altsasuko Udalak. Gonbidapena egitean Altsasuko Udalak gogorarazten du euskararen ezagutzaren datuak azken hamarkadetako onenak direla, ez, ordea, erabilerarenak. Euskaraldiak berarekin ikuspegi berria dakarrela ere nabarmendu du udalak, “ez baitu soilik euskaldunak aktibatzea nahi, haiekin batera euskara ulertzen dutenak ere aktibatu nahi ditu”. Hori dela eta, euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozialean, Euskaraldian, parte hartzeko eta belarriprest edo ahobizi rolak hartzera animatu  du. 

Aldi berean, udalak gogorarazi du aurtengo Euskaraldiaren berritasuna ariguneak direla. Euskaraz hitz egiteko guneak dira eta mota guztietako entitateak izan daitezke. Euskaraz lasai hitz egiteko toki bat da arigunea, euskaraz ulertzen dela bermatzen baitu. Haietan ere euskaraz hitz egitera animatu du udalak. Bigarren Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra izanen da.