Pilota

Baikoko pilotariak, grebara

Guaixe 2020ko urr. 2a, 13:01
Argazkia: Aritz Loiola, FOKU.

Euren egoera “jasangaitza” dela salatu dute eta enpresak langileak kaleratzeko mehatxuak egin dizkiela. 12 eguneko greba egingo dute, urrian. Lan baldintza duinak, errespetua eta gardentasuna eskatu dute gaur Bilbon egin duten agerraldian

Baikoko pilotariek irailaren 23an Beotibar pilotalekuan egin zuten agerraldian argi eta garbi adierazi zuten egoera konpondu ezean protestak egiteko prest zeudela, eta hala egin dute. Gaur Bilbon egindako agerraldian Baikoko pilotari guztiak egon dira, Olaizola II.a, Urrutikoetxea eta Imaz pilotariak izan ezik, eta irailean Tolosan esan zutena berretsi dute: egoera “jasangaitza” dela eta enpresak langileak kaleratzeko mehatxuak egin dizkiela. Ekitaldian gaur bertan Etxarri Arantzen Buruz Buruko atarikoa jokatuko duen Joanes Bakaikoa etxarriarra zegoen.

Horrela, 12 eguneko greba egingo dute “lan baldintza duinak, errespetua eta gardentasuna” eskatzeko. Egun hauetan egingo dituzte lanuzteak: urriak 9, 10, 11, 12, 16, 17, 18, 19, 23, 24, 25 eta 26. Greba bertan behera uztea enpresaren borondateak baldintzatuko duela adierazi dute pilotariek, eta negoziatzeko prest agertu dira.