Pilota

Binakakoa: Zabaleta finaletik kanpo eta Ezkurdia eta Martija igandean irabaztera derrigortuta

Guaixe 2020ko urr. 5a, 10:01
Agirre eta Albisu pozik, irabazi ostean, Jaka eta Zabaleta serio dauden bitartean. Mireya Lopez, El Correo.

Erik Jakak eta Jose Jabier Zabaletak 14 eta 22 galdu zuten Agirreren eta Albisuren kontra eta finalean egoteko aukerarik gabe geratu dira. Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak 22 eta 13 hartu zituzetn mendean Ezkurdia eta Martija eta finalerako sailkatu dira. Beste finalista igandean jokatuko den Ezkurdia-Martija eta Agirre-Albisu arteko partidatik aterako da

Masters CaixaBank Torneoa despedituta eta Baikon gertatzen ari direnen zurrunbiloen artean hasi da martxoan pandemiagatik etenda geratu zen Binakako Txapelketa eta asteburuan jokatutako finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldian gauzak ez dira batere ongi joan gure pilotariendako. 

Jakak eta Zabaletak ez zuten asmatu
Larunbatean, Bilbon, Jaka-Zabaletaren eta Laso ordezkatu zuen Agirre eta Albisuren arteko partida jokatu zen. Bi bikoak finalerdietako ligaxkako 1. jardunaldia galtzetik zetozen, eta, hortaz, jokoan zegoen puntua hil ala bizikoa zen. Katedrak Jaka eta Zabaleta jotzen zituen faborito, eta dirua haien alde atera zen, nabarmen, baina Etxarrengo atzelariak esana zuen, azken partidetan ez zuela bere burua ongi ikusten, eta, zoritxarrez, ildo beretik jo zuen larunbateko partidak. Azkenean, Agirrek eta Albisuk sorpresa eman zuten eta 14 eta 22 irabazi zuten, finaletara sailkatu ahal izateko airea eman zien puntua. Aldiz, finalean egoteko aukerarik gabe geratu ziren Jaka eta Zabaleta. Binakako hasierako ligaxkan sekulako maila eman zuten Jakak eta Zabaletak, baina azken txanpa honek guztia hankaz gora jarri du. 

Ezkurdiak eta Martijak ere galdu
Atzo, Tolosan, Ezkurdiak eta Martijak Olaizola eta Urrutikoetxea izan zituzten aurkari. Bi bikoak lehen jardunaldia irabaztetik zetozen, baina bigarren puntua lortu nahi zuten, finalerako sailkatzeko.  Giro ederra zegoen Beotibarren, baina Olaizolak sakea egiterakoan txistuak entzuten ziren, Baikon gertatzen ari denaren mamua, atzera ere. Zale gehienak Ezkurdiaren eta Martijaren alde zeuden, baina sakandarrak ez ziren ongi hasi. Ez ziren behar bezala partidan sartu, Ezkurdia batez ere, eta horrek airea eman zien Olaizolari eta Urrutikoetxeari, alde handia atera baitzuten lehen txanpa horretan (8 eta 1), gero ederki kudeatzen jakin zutena. Egia esan, Baikokoek askoz ere entxufatuago hasi zuten partidan. Baikokoak Ezkurdia ekiditen eta Martija estutzen saiatu ziren, eta Ezkurdiari ez zioten jokoan sartzea utzi. Etxeberriko atzelaria ongi ibili zen, eta tarteka Urrutikoetxeari bizkarra erakusten hasi zen, Ezkurdia jokoan sartzen hastearekin batera. Horrela, 13 eta 6 hurbildu ziren sakandarrak, baina Olaizolak eta Urrutikoetxeak ez zieten gehiegi gerturatzen utzi eta, azkenean, 22eta 13 gailendu ziren. 

Azken jarduna
Laburbilduz, Olaizola eta Urrutikoetxeak finalerako txartela lortu dute eta Jaka eta Zabaleta aukerarik gabe geratu dira. Bilbon larunbatean jokatuko den euren arteko larunbateko partidan, beraz, ez da ezer jokoan egongo. Beste finalista igandean Ezkurdiak eta Martijak eta Agirrek eta Albisuk Tolosan jokatuko duten partidatik aterako da.