Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratu dute

Guaixe 2020ko urr. 5a, 14:11

2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalistak. NAF. BERTSOZALE ELKARTEA (ARTXIBOA)

2021. urtearen hasieran ospatzekoa zen Nafarroako 45. Bertsolari Txapelketa, baina COVID-19 birusaren pandemiagatik atzeratzea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak

Urtarrila eta martxoa bitartean jokatuko zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa, baina "egoera aztertu ostean" Nafarroako Bertsozale Elkarteak atzeratzea erabaki du. Elkarteak zabaldu duenez, pandemiak eta hura kontrolatzeko neurriek, egitasmoaren berezitasunak bermatzea "zailtzen" dute, "bereziki jartzen dute ezbaian txapelketaren oinarrizko irizpidea den aukera berdintasuna". Besteak beste, bertsolariak konfinatu behar izatea eta txapelketan parte hartzeko aukera galtzea; saiotik saiora epaimahai bera bermatzeko zailtasunak izatea, saio batetik besterako aldaketak aforo eta ezaugarrieta eta abarrek txapelketaren data aldatzera eraman dute. "Pandemiaren bilakaeraren arabera erabakiko da data berria".

Txapelketaren berezitasunak direla eta ezin izanen dute aurretik zehaztutako datetan jokatu, baina Nafarroako Bertsozale Elkarteak "kultura segurua" dela azpimarratu nahi izan du. Bide batez, txapelketaren hutsunea "bertso plaza" sustatzeko baliatuko du elkarteak. 

Bardoak 2020
Zazpi hilabete beranduago jakinen da zein den Nafarroako Bertso Talde txapelduna. Urriaren 17an, larunbatean, 17:00etan, jokatuko da Bardoak 2020ko finala, Lizarrako ikastolan. Goizuetan eta Jauntsaratsen ostiralean egindako finalaurrekoetan Malerrekako Bertsonautak eta Berako Lamixene taldeek irabazi zuten finalerako txartela. Haiekin batera Leitzako Atekaberts komeni taldea izanen da finalean. 

Guaixe Fundazioak Lizarrako finalerako bi sarrera zozketatuko ditu. Parte hartzeko azken eguna urriaren 15: Bardoak 2020 sarrerez zozketa