Koronabirusa Sakanan

Ikasgelen konfinamenduak segitzen du

Guaixe 2020ko urr. 6a, 11:35

Ikasleak gelan zientzialariekin. Artxiboa

Asteburuan bi ikasgela konfinatu dituzte eta ostegunean beste bi. Joan den astean etxeratutako ikasleak aste honetan bueltatuko dira klasera.

Hezkuntza Departamentuak jakinarazi duenez, Sakanako bi ikastetxetako 32 ikasle konfinatu dituzte COVID-19 gaitzagatik kaltetu ondoren: Irurtzungo Atakondoa eskola publikoko Lehen Hezkuntzako bigarren mailako 17 eta  Altsasuko Zelandi ikastetxeko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako 15. Bestalde, ostegunaz geroztik Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako bi gela Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako 14 ikasle eta Lehen Hezkuntzako lehen mailako 25 daude konfinatuta. 39 ikasle guztira. 10 eguneko berrogeialdia pasa behar dute etxean, atzera ere, klasera bueltatu ahal izateko. Aste honetan bueltatuko dira klasera aurreko astean konfinatu zituzten Sakanako beste 57 ikasleak. 

Nafarroan Haur eta Lehen Hezkuntzako 1.885 ikasle konfinatuta zeuden atzo, hau da, bi zikloetako ikasle nafar guztien % 3,04. 61 ikastetxetako 89 hezkuntza-taldetako kide dira, eta Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako bizikidetza-talde egonkor guztien % 2,55 osatzen dute.

Datuak 
Pandemiak ibarrean duen egoerari dagokionez, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, Irurtzungo Osasun eskualdean orain arte 175 pertsona gaixotu dira COVID-19 gaitzarekin, mila biztanleko 21,74ko tasa du. Azken zenbaketarekin alderatuta gaixo bat gehiago. Etxarri Aranazko osasun eskualdean 166 gaixo zenbatu dituzte pandemia hasi zenetik (5 gehiago), mila pertsonako 25,5. Eta, azkenik, Altsasuko osasun 236 pertsona gaixotu dira COVID-19rekin (8 gaixo gehiago), hau da, mila pertsonako 25,68. 

Deiak
Beraien herrietan duten egoera ikusita, Uharte Arakilgo, Urdiaingo eta Altsasuko udalek herritarrei dei egin diete arduratsu jokatzeko eta indarrean diren osasun-neurriak eta etorkizun hurbilean eman daitezkeenak betetzeko. Osasun publikoa guztion esku dagoela gogorarazi dute, eta hori bermatzeko, komunitate gisa norberak osasun-neurriak betetzea ezinbesteko jo dute.