Txirrindularitza

Nafarroako Erlojupeko Txapelketak: baditugu txapeldunak!

Guaixe 2020ko urr. 7a, 14:00
Nafarroako txapeldunak, Igor Arrieta eta Nahia Imaz tartean. Argazkia: Martin Early.

Igor Arrieta Nafarroako erlojupeko txapelduna izan da juniorretan, Unai eta Hugo Aznarren aurretik. Nahia Imaz emakumezkoen kadeteetako txapelduna da, Mikel Uncilla kadeteetako hirugarrena eta Ailetz Lasa 23 urtez azpiko eliteetan bigarrena

Astelehenean Nafarroako Erlojupeko Txapelketa hartu zuen Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituak kadeteen, jubenilen, eliteen eta 23 urtez azpiko eliteen mailan, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Atzera ere, gure txirrindulariek lan bikaina egin zuten eta Sakana Group-Aralar eta Quesos Albeniz-Burundako txirrindulariak podiumaren gorenean ikusi genituen, emakumezkoen Ermitagaña Nafarroa eta afizionatuen Laboral Kutxa taldekoekin batera. 

Kadeteek 8 km osatu zituzten (zirkuituari 2 itzuli). Gizonezkoetan Azkarrak taldeko Xabier Zabala gailendu zen (10:22) eta Burundako Mikel Uncilla hirugarrena sailkatu zen (10:56). Top Tenean, Ander Villalobos  5. izan zen (11:24), Unax Trevejo 6. (11:29) eta Asier Etxeberria 8. (11:33), hirurak Quesos Albeniz taldekoak. Gainontzekoei dagokienez, Alex Lopetegi (Sakana Group) 14. sailkatu zen (12:00), Iker Agudelo (Quesos Albeniz) 15. (12:05), Mikel Regil (Quesos Albeniz) 16. (12:10), Manex Zufiaurre (Quesos Albeniz) 17. (12:11) eta Aritz Oiarbide (Sakana Group) 21. (12:21). 

Emakumezkoetan Ermitagaña Nafarroa taldeko Nahia Imaz altsasuarra igo zen podiumaren gorenera (12:21), bere taldekide Laia Puigdefabregasi 12 segundo eta Ana Estellari 17 segundo atera eta gero. Oso ongi ibili zen egungo Nafarroako txapelduna dena.  

Juniorrek 4 itzuli eman zizkioten Zirkuituari, 16 km osatuz. Sakana Group Aralar taldeko Igor Arrietak hegan egin zuen eta berak egin zuen denborarik onena (19:59), Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Kortesko Unai (20:36) eta Hugo (21:05) Aznar anaien aurretik. Top Tenean, Iker Mintegi altsasuarra (Quesos Albeniz) 4. sailkatu zen (21:33) eta Jon Erdozia (Sakana Group) 9. (22:36). Unax Miranda (Sakana Group) 19. izan zen (23:42). Emakumezkoetan, Ermitagaña Nafarroa taldeko Naroa Fernandezek lortu zuen Nafarroako txapelduna izatea (23:43). 

Afizionatuek 5 itzuli zituzten egiteko, guztira 20 km osatzeko. 23 urtez azpiko mailan Lizarte taldeko Mikel Retegik egin zuen denbora onena (25:15), Laboral Kutxa Goierriko TB taldeko Ailetz Lasa ziordiarrari minutu pasa atera eta gero (26:17). Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Etxeberria iturmendiarra laugarren sailkatu zen (26:47), eta Telcom taldeko Iker Cerviño Pueyo irurtzundarra 8. postuan (27:10). Lasarg-Ciclismo Riojano taldean dabilen Andoni Ocaña urdiaindarra 10. sailkatu zen (27:25). Ion Gil lakuntzarra 15. sailkatu zen (29:26) Elite mailan Patxi Cia izan zen azkarrena (27:00).

Emakumezkoetan, Bizkaia Durango taldeko Irati Puigdefabregas nagusitu zen. 

Afizionatuen Los Arcos Zirkuituko Sari Nagusian Ailetz Lasa 25.
Atzo, asteartea, Los Arcos Zirkuituko Sari Nagusia jokatu zen, elite eta 23 urtez azpiko afizionatuen Nafarroako Txapelketa. Afizionatuek 120 km osatu zituzten, zirkuituari 30 buelta eman eta gero. Eraso asko izan ziren, baina azkenean tropela batuta iritsi zen helmugara eta Rural Kutxako Andoni Lopez de Abetxuko gailendu zen (2:36:05), Lizarteko Alex Jaimaren eta Hostal Latorre Ederlango Eder Ruiz de Balugeraren aurretik. Ailetz Lasa (Laboral Kutxa-Goierriko TB) lehen sakandarra izan zen, 25. postuan, denbora berean. Iker Cerviño (Telcom) 47. sailkatu zen.