Txikitan denbora asko pasatzen nuen Etxarriko liburutegian komikiak irakurri eta begira. Nire kuttunenak Mortadelo eta Filemon ziren, dudarik gabe, baina egun batean auskalo nola edo zergatik Mafalda izeneko komiki bat aurkitu nuen ene esku tartean. Marrazkiak politak ziren, irakurtzeko erraza zen –ikusten da txikitan gutxirekin konformatzen nintzela–, liburuak forma bitxia zuen eta orrialde bakoitzean, behin baino gehiagotan, batzuetan ezkutaturik eta bistan beste batzuetan, hitz bat: QUINO.
Hala ere, oso komiki arraroak ziren, ez nuen tutik ulertzen. Protagonistak, umea izanda, Mafalda honek oso galdera bitxiak egiten ditu... Hasieran ez nuen batere gustuko, baina gero eta gehiago irakurri, gero eta zirrara handiagoa sorrarazten zidaten Quinoren komikiek. Quino kritika soziala egiten maisua izan zen. Gure buruan ideia konplexuak eta galdera nahasiak sortzeko gai zen marrazkien bidez, eta inoiz izan den ezpata zorrotzena erabiliz: umorea. Helduek bizitzaren aurrean izaten duten jarrera pesimista, negatibo eta aspergarria umeen begien bidez erretratatzen zuen.
Azkenean, komikiarekin ez zara barre algaraz lehertuko, burua eraginaraziko dizu. Zoritxarrez, Quinok orain dela asko utzi zuen marraztez. Are zori txarragoa, orain dela egun gutxi batzuk hil zen. Bere oroimenean eta eman dizkidan hainbeste une onengatik, gertuen duzuen liburutegira joan eta haren komiki bat hartzera animatzen zaituztet irakurle guztioi. Ez baitzarete damutuko.