"Muskerrak, sugeak eta hildako xomorroak" zioen Alaskaren Brujas de Ayer nire nerabezaroko kantak. Bai, 80. hamarkadako haurra naiz, "La bola de cristal" telebista saioa larunbatero ematen zuten garaikoa. Oraindik ere, gogoa hartu, eta askatasuna sentiarazten dit kanta honek, nire bizitzako une kuttunetarikoak burura ekarriz.
Lizarraldeko mojen ikastetxe batean hiru urte eman nituen, etxera soilik asteburuetan bueltatzen nintzela. Arau zorrotzak ziren ikastetxean."Señoritas ustedes se quieren extender hasta Abarzuza" esan zigun behin zuzendariak, muturra okertuz, futbolean ondoko larre batean jokatu nahi, eta baimena eskatzera joan ginenean. Debekaturik genuen atsedenaldietan patiotik ateratzea eta, "señoritak" ginenez futbolean jokatzea ere ez zen oso egoki ikusten. Paisai ederraz inguraturiko ikastetxea zen: labore soroak, pinudiak eta urrutian Lizarraldeko Dierriko herri txikiak han eta hemen ikusten ziren, urtaroaren arabera soro nabarretan sakabanaturik.
Alaskaren kantari jarraituz akelarre inuxente bat egin genuen lagunak eta biok ikastetxearen inguruko pinudian. Besterik gabe zuhaitzpean sartu, eta kantan eta dantzan aritu ginen. Gainera, guztia borobiltzeko, lau katakume beltzez osaturiko kumaldia aurkitu genuen sasien artean. Zoragarria izan zen adiskidetasun ospakizun hura, askatasun zirraragarria, are gehiago 12 urteko neskatoak izanik. Bihotzean gorde nuen pasadizoa. Ondoren, 30 urteren bueltan, "akelarre" kideak, lagun berak, telefonoz eta Whatsappez bilatu eta aurkitu ninduen, hobeto esanda gintuen, orain bost urte. Bere ilusio eta kemenari esker, garai bateko EGBko gelakide ohiak berrelkartu ginen. Bizigarria izan zen oroitzapenak partekatzea; hainbeste gertakizun genituen kontatzeko… Aldiz, hain denbora gutxi. Minbiziak jota joan zitzaigun laguna, orain dela urtebete. Plazer handia zein laburra izan zen adiskidea berreskuratzea. Ez dezagun denbora galdu. Tempus Fugit, Carpe diem. Eva Caroren oroimenez.