Aizkora

Resanok Nafarroako 1. mailari eutsi dio baina Beltza 2. mailara jaitsi da

Guaixe 2020ko urr. 8a, 15:30
Goizeder Beltzak ezin izan dio Nafarroako 1. mailari eutsi.

Iker Vicentek irabazi du Nafarroako I. Mailako Txapelketako Lekunberriko kanporaketa, Jon Rekondori ia 3 minutu aterata. Resanok mailari eustea lortu du, baina Goizeder Beltzak maila galdu du eta datorren denboraldian 2. mailan ariko da 

Aspaldiko partez aizkoraz gozatzeko parada izan zuten aizkora zaleek. Lekunberrik Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa hartu zuen, eta 10 aizkolarik parte hartu zuten, bi sakandar tartean: Iban Resano dorrobarra eta Goizeder Beltza etxarriarra. 

Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak. Iker Vicentek maila ikaragarrian jarraitzen duela erakutsi zuen, hasieratik aurrea hartu eta aparteko estuasunik gabe lanak bukatzen lehena izan baitzen (12:52). Otsagiarrak gainerakoak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen, ia 3 minutu atera baitzizkion Jon Rekondo leitzarrari (15:51). Eneko Saralegi leitzarra 3. sailkatu zen (17:38), Ruben Saralegi leitzarra laugarren (17:46) eta Oier Kañamares bosgarren (18:08). Hain zuzen ere lehendabiziko bost aizkolariek abenduaren 6an Donezteben jokatuko den Nafarroako I. Mailako Txapelketako finalera sailkatzea lortu zuten. 

Resanok eutsi eta Beltzak maila galdu
Julen Kamares 6. izan zen (18:45) eta Iban Resano dorrobarra 7. (19:01). Beraz, 1. mailari eustea lortu du Resanok. Joxean Etxeberria 8. sailkatu zen (19:16), Goizeder Beltza etxarriarra 9. (20:59) eta Xuban Kañamares arostegiarra 10. (21:20). Azken bi sailkatuek, hau da, Goizeder Beltzak eta Xuban Kañamaresek, maila galdu eta Nafarroako 2. Mailan jokatuko dute datorren denboraldian. Eta 8. postuan sailkatu zen Joxean Etxeberriak Juanjo Lopezen kontra jaitsiera kanporaketa eskatu du, hain zuzen ere Lopezek, lesio bat tarteko, ezin izan zuelako finalean aritu. Jaitsiera kanporaketa jokatzeko 8 hilabeteko tartea dago.