Pandemia garaiko ohiko txertaketa

Guaixe 2020ko urr. 12a, 09:53

Gripearen kontrako txertaketa kanpaina frontoian egiten ari dira Altsasun.

Gripearen kontrako txertoa jartzeko kanpaina hilaren 5ean hasi zen eta azaroaren 27ra arte indarrean izanen da. 

Osasun kontseilari Santos Indurain Orduna nafarrak gripearen kontra babestera animatu ditu, kutsatzeak saihestu eta arrazoi horren bidezko heriotza-tasa murrizteko. “Eta oraingoan arrazoi gehiagorekin COVID-19aren pandemia dela-eta”. Kanpaina gripearen ondorioz osasunean ondorio handiagoa izan dezaketen pertsonei zuzentzen zaie batik bat: 60 urtetik gorakoei, haurdunaldiaren edozein unetan dauden emakumezkoei edota efektu larriagoak eragiteko osasun-arazoak dituzten heldu eta 6 hilabetetik gorako haurrei.

Bestetik, txertoa hartzea gomendatzen zaie gaixotasuna arrisku handiko pertsonei transmititu dezaketenei, eta berriro ere osasun-langileak, langile soziosanitarioak, etxez etxeko zaintzaileak eta baita ere etxean arrisku handiko pertsonekin batera bizi diren haurrak sartzen dira. Era berean, txertoa bereziki egokia da edozein hezkuntza-mailako irakasleendako, segurtasun-indarretako kideendako, suhiltzaileendako, Babes Zibileko zerbitzukoendako, osasun-larrialdietako langileendako, espetxeetako langileendako eta ebazpen judizial bidezko barneratze-zentroetako langileendako.

Gripearen kontrako txertoa hartzeko 2019/2020 kanpainan zehar, Nafarroan 15.576 kasu diagnostikatu ziren (aurreko urtean baino 545 gehiago), 449 lagun ospitaleratu ziren eta 17 pertsona hil ziren.

Eskaerak Internet eta telefono bidez
Aurten, berrikuntza moduan, pasa den astetik hasita, osasun-zentro gehienetan hitzordua aurrez Internet bidez hartzeko sistema aktibatu da, izan osasun-karpetarekin edo citasalud.navarra.es web orrialdearen bitartez (erreserba egin daiteke CIPNArekin, osasun-txarteleko zortzi zifrako zenbakiarekin eta jaiotza-egunarekin). Bestela, osasun etxeetara hots egin behar da hitzordua hartzeko.



Sakana 
Irurtzungo osasun eskualdean osasun etxean eta kontsultategian egiten ari dira txertaketa. COVID-19agatik Osasunbideak erizain bat gehiago kontratatu du Irurtzungo osasun eskualderako. Medikurik ez dago eta ezin dira kontratatu. Haien oporrak eta bajak ordezkatzeko nahikoa lan izaten dutela adierazi digute Irurtzundik. 

Etxarri Aranazko osasun eskualdean ere osasun etxean eta kontsultategietan ari dira txertoak jartzen. Osasunbideak ez du Etxarri Aranazko osasun eskualdea mediku, erizain edo administrazioko langile gehiagorekin indartu. Halakorik egin ez den ibarreko eskualde bakarra da. 

Altsasuko Burunda frontoian opatu dugu Mamen Oiarbide, osasun etxeko erizaina. Gripearen kontrako txertoak han jartzen ari zaizkie altsasuarrei. “Aurten, pandemia dela-eta, ahalik eta jende gehien ahalik eta denbora gutxienean txertatzea interesatzen da. Gripearen kontrako immunizazioa gaitza agertu aurretik lortu nahi dugu. Distantziak eta bestelako neurriak bete ahal izateko tokirik onena frontoia izanen zela pentsatu genuen”. 

Zazpi egunetan egonen dira osasun arloko langileak frontoian eta egunero 200 pertsona txertatuko dituzte. 12:00etatik 14:00etara ari dira txertoa jartzen. “Baina bihar eta hurrengo asteazkenean, azokarekin bat ez egiteko eta jende pilaketak saihesteko, 15:00etatik 17:00etara izanen da txertaketa Burunda frontoian”. Aita Barandiaran adinduen egoitza eta Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa kontutan hartuta, aurreko urteetan 1.600 bat txerto jartzen dituzte Altsasun. Txertaketa kanpaina behar bezala egin ahal izateko lanaldi eta erdi gehiagorekin indartu du Osasunbideak Altsasuko osasun etxea aurten. Izan ere, Burunda frontoian txertoak jartzen ari ziren bitartean, osasun etxean COVID-19 gaitza atzemateko PCR probak egiten aritzen dira 06:30etik (astelehenean 120 izan ziren). 

Pandemiak eragindako egoerarekin osasun etxean nola moldatzen ari diren galdetuta, Oiarbidek esan digunez, “oso gaizki eramaten dugu. Mediku baten errefortzua behar genuke, baina horretarako ez dago medikurik. Erizaintzan lanaldi eta erdi gehiago lortu dugu, baina erizain falta sumatzen da. Administrazioan langile bat gehiago dago”. 

Aldageletako atetik sartu behar da frontoira. Ordu laurdenero daude hitzorduak jarrita eta sarrera kudeatzeaz udaltzain bat arduratzen da. Behin barruan, jende pilaketak saihesteko zirkuitua prest dute. Harmailaren ondotik frontiserantz joan beharra dago. Ilara sortuz gero lurrean jarritako marketan itxaron beharra dago. Erizainak izen-abizenak ziurtatu ondoren, ezker paretaren ondoan dauden mahaietara bideratzen ditu. Hara iristean beso buru bat agerian utzi behar da eta adina adierazi ondoren txertoa jartzen dute. Bi erizain daude horretarako. Txertoa jarri ondoren, ezker paretaren ondotik kalera aterako da jendea. Oiarbidek azaldu digunez, “dena oso arin doa. Oso ongi doa”. Udalak eta udaltzainek emandako laguntza eskertu ditu. 

Telefonoa
Altsasuko osasun etxeak lau telefono linea ditu. Gripearen kontrako txertoa jartzeko hitzordua eskatu nahi duenak 10:00etatik aurrera deitu behar du. “Horrela, 08:00etatik 10:00etara, egunean bertan arreta behar duten deiak hartuko ditugu”. Altsasuarrak gripearen kontrako txertoa jartzeko hitzordua irailaren 29an hasi ziren.