Urdalurko hoditeria luzatzetik gertuago

Guaixe 2020ko urr. 13a, 10:08
Ur sarea eraikitzeko hodiak pilatuta Uharte Arakilen. Artxiboa.

Satrustegi eta Etxarren arteko lanen afekzioen kudeaketa eta obra zuzendaritzako lanak emateko deialdia egin du Sakanako Mankomunitateak.

Sakandarrak ura hornitzeko eraiki zen Urdalurko uharka Ziordiko basoan. Han jasotako ura goi-horniduraren hoditeriaren bidez Irurtzunera arte eraman nahi du ibarreko erakundeak. Gaur egun Satrustegi hego mendebaldera arte iristen da hoditeria. Sakanako Mankomunitateak oraingoan hodi hori Etxarrengo ur biltegira arte luzatuko du. Biltegi hori Ekairen ekialdean dago. Bi puntu horiek lotu nahi ditu Mank-ek oraingoan. 

Bi puntuen arteko distantzia 2.140 metro ingurukoa da. Hoditeria nagusitik bi adar aterako dira, bata 450 metro ingurukoa Zuhatzuko ur biltegira joanen dena eta bestea, 650 bat metrokoa Ekaiko ur biltegira joanen dena. Lanak hainbat eragin sortuko ditu eta horien kudeatzea eman nahi du Mank-ek. Lan hori egin nahi dutenek beraien eskaintzak aurkezteko azken eguna gaur du. Lanen truke 3.600 euro ordainduko ditu Mankek. Aldi berean, ibarreko erakundeak aipatu lanen zuzendaritza emateko deialdia egin du 11.903 euroren truke. Interesatuek beraien eskaintzak hilaren 20ra arte aurkez ditzakete. Bi kasuetan 13:30era arte dago eskaintzak aurkezteko epea. Eta kalitate eta prezio erlazio onena duen eskaintzari emanen zaio lana. 

Sakanako Mankomunitateko presidente David Oroz Alonsok azaldu duenez, bi lan horiek eman ondoren etorriko da lanak emateko deialdia. “Aurten bertan lanei hasiera ematea nahiko genuke, heldu den urteko udarako-edo despeditzeko”.  Mank-en Ur Zerbitzuaren 551.000 euro bideratu ditu lan horietara.