Gazteen artean kultura digitala sustatzeko tailerrak

Guaixe 2020ko urr. 12a, 14:54
Sormen tailerrean mugikorrak parte garrantzitsua dira. Argazkia: utzitakoa.

Nafarroako Gobernuak kultura digitalari buruzko tailerren eskaintza egin du laugarren urtez. 10 ikastetxeen bidez 925 gaztek euskarazko tailerretan parte hartzeko aukera izanen dute. Gainera, 23 herritan ere tailerrak  eginen dira, tartean Arbizun eta Altsasun.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) arloan euskararen erabilera sustatzeko eta ezagutzera emateko eta euskarazko kultura digitala sustatzea helburua du Sarean Euskaraz programak. Gazteei zuzendutako programa hori, alde batetik, hamar ikastetxeetara iritsiko da eta  4. DBHko eta 1. Batxilergoko 925 ikaslek tailerretan parte hartzeko aukera izanen dute. Zortzi tailer eskaini dizkie Euskarabideak eta haien artean aukeratu beharko dute ikastetxeek. 

Gainera,  Moodle online ikaskuntza libreko plataformaren bitartez bi saio eskainiko dira. Horien bidez IKTak modu egokian erabiltzen irakatsi nahi da; horretarako, zenbait jarraibide emanen dira. Prestakuntza osatzeko, 4-5 minutuko hainbat bideo-pilula eta horiekin loturiko ariketak eskainiko dira. Saio batean, Maider Likonak (Gipuzkoako software librea) Pribatutasuna sarean gaia jorratuko du, eta beste saio batean, Ane Ortizek (Emaize Sexologia Zentroa) 3.0 harremanak: emadazu like bat gaia.

Doako ikastaroak herrietan
IKTei buruzko euskarazko doako ikastaroen eskaintza Nafarroako 23 herritara iritsiko da. Zortzi tailer praktiko eskaini dira: Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala); bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta); App Inventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios); Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers); wikipedia: entziklopedia auzolanean eta euskaraz nola elikatu (Euskal Wikilarien Elkartea); Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers); 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers); eta Raspberry Pi: plaka ordenagailu txiki eta merkeak (Protomakers).

Bi ikastaro horietako bana hartuko dute Arbizuk eta Altsasuk. Eskaintza 12 urtetik gorako gazteendako pentsatuta dago, baina gai horretan interesa duen edonork parte har dezake ikastaroetan. Horretarako www.sareaneuskaraz.eus web orrian eman behar da izena. COVID-19ak eragindako larrialdiko osasun-egoera dela-eta, aretoen %50a erabili ahal izanen da; ondorioz, herri bakoitzean parte har dezaketen ikasleen kopurua desberdina izango da, baina gehienez ere 20 lagunekoa.

Sakanako egitaraua 
Lastailak 24, larunbata
10:00etatik 13:00etara Robotika ikastaroa, Arbizuko liburutegian. 
Robotika eta automatizazioan murgiltzen hasteko tailerra, baita eskema elektronikoak interpretatzen ikastea ere, Arduino mikrokontrolagailua beste elementu elektroniko batzuekin konektatzeko. LED bat piztu, zenbait sarrera landu: pultsadoreak, tenperatura sentsorea… bozgorailu eta motorrak irteera gisa aktibatu... Doako ikastaroa da. Zuzendaria: Joseba Senosiain (Protomakers).

Azaroak 7, larunbata 
17:00etatik 20:00etara 3D inprimagailuak ikastaroa, Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean.
Badakizu gai zarela zeure objektuak sortzeko 3D inprimagailu baten bidez? Objektu bat sortu, diseinatu eta modelatzeko prozesu guztia segituko duzu objektua inprimatu arte. Baita saretik diseinuak eskuratu eta konpartitzeko aukera ere. Doako ikastaroa da. Joseba Senosiain (Protomakers)