Babestutako gizarte enpleguan 24 pertsona ari dira

Guaixe 2020ko urr. 15a, 09:45
Babestutako Gizarte Enpleguko langileak masa egiten. Artxiboa

Gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei lana eskaintzeaz aparte, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek haien beharretara egokitutako eta lan mundura begirako prestakuntza eskaintzen diete.

Gizarte Eskubideen Departamentuak Nafarroako 45 gizarte-zerbitzuak dituzten 45 udal eta mankomunitateren artean 5.255.593 euro banatu ditu. Haren bidez babestutako gizarte enpleguko programak garatzeko aukera izan dute erakunde horiek. Dirutza horretatik Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru mankomunitateek 197.324,78 euro jaso dituzte (% 3,75): Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 70.750,98 euro jaso ditu, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 37.006,26 euro eta Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 89.567,54 euro. 

Irurtzun aldekoan zazpi pertsona hartu dituzte lan egiteko, sei emakumezko eta gizonezko bat. Urte guztirako proiektua bada ere, langileei sei hilabeteko kontratua egin diete. Haietako bat Irurtzungo Udalarendako garbiketa lanak egiten egon da eta gainontzeko seiak Iturraskarri proiektuaren barruan, herriz herri lan egin dute. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin 40 hilabete finantzatu dituzte eta udalek jarritakoarekin beste 2. Iturraskarrik aurrera egiteko begirale bat ere kontratatu dute. Horretarako udalek 10.000 euro inguru jarri dituzte eta foru administrazioak 7.000 bat. 

Etxarri Aranazkoan bost pertsona kontratatu dituzte (hiru emakumezko eta bi gizonezko). Haietako lau Etxarri Aranatzen ari dira lanean eta bosgarrena Lakuntzan. Haietako hiruk urte erdirako kontratua dute, batek bots hilabeterako eta batek hiru hilabete eta erdirako. Guztien artean 27 hilabete eginen dituzte lanean. Horietatik, 21,5 hilabete dirulaguntzarekin finantzatuko dute. Udalek gainontzeko bost hilabeteak pagatuko dituzte. 

Burunda mendebaldekoan 12 pertsona kontratatu dituzte (10 emakumezko eta 2 gizonezko), baina urtea despeditu aurretik bizpahiru gehiago hartuko dituzte. Urte erdi eta urte beteko kontratuak dituzte. Pertsona horiek Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko udaletako langileekin batera lan egiten dute normalean, besteak beste, kale garbiketa, eraikinak margotzea, lorezaintza lanak eta beste egiten dituzte. Mankomunitateak 60,5 hilabeteko kontratazioak egiteko dirulaguntza jaso du. Haietatik 54,69 hilabete gobernuak pagatzen ditu eta gainontzeko seiak udalek.  

Lanarekin batera, haien beharretara egokitutako eta lan mundura begirako prestakuntza eskaintzen die. Kontratazioen %80 Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonen artean eginen dira, eta gutxienez %50 emakume langabeen artean, horiek baitira langabezia-tasa handienak dituztenak.