Osasun etxeen defentsarako deia

Osasun etxe parean, atzera ere, gaur bilkura eginen da.

Lehen Mailako Arretarako pertsona eta material baliabide gehiago aldarrikatuko dituzte hilabeteko asteazkenetan, 11:00etatn, osasun etxeen parean. 

Foru geografian barnako 26 kontzentrazio baino gehiago egin ziren osasun etxeen parean joan den asteazkenean. Horietako bat Altsasun egin zen eta 30 bat pertsona elkartu zituen. Nafarroako Osasun Plataformak deitutako bilkurak izan ziren, Oinarrizko Osasun Arretako osasun zentroen defentsan deituta. Plataformak dinamika abiarazi du “Oinarrizko Osasun Arretako ereduaren aldaketa aldarrikatzeko helburuz”. Izan ere, deitzaileen iritziz, “bai profesionalek bai herritarrek arlo horren egoera larria kezka handiz bizi dute”.

Bilkuretatik Osasun Departamentuari eskatu zioten “jasaten dugun arretaren kalitatearen okerragotzea zuzentzeko, neurri zuzentzaileak eta esanguratsuak hartzeko”. Departamentuak iragarritako 55 profesionalen errefortzua “ez da, inondik inora ere, nahikoa; askoz gehiago behar dira, eta osasun zentroen zerbitzu poltsa zabalduko duten osasun kategoria berriak ere behar dira, gainera”.

Hala ere, plataformako kideek “osasun kudeaketa ereduaren aldaketa zorrotz baten beharra” ikusi dute. “Eredu berria behar dugu, baliabide gehiago eskainiko dituena prebentziorako eta hezkuntzarako, auzo eta herriekiko gertutasuna lantzeko eta sozio-ekonomia desberdintasunak gainditzeko”. Horregatik, herritarrak eta profesionalak lastaileko asteazkenetan, 11:00etan, osasun etxeen parean kontzentratzera animatu dituzte.