Nafarroako Gobernuak Etxeberri eta Lekunberri artean gasbide baterako baimena eman du. Aurreikusitako ibilbidea Aralar mendian barna da eta hori ez dute egoki ikusi Arakil eta Larraungo udalek. Horregatik, bi udalek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dute. Eta, aldi berean, gasbidea Plazaolako bide berdetik eramateko eskatu dute. Aukera horrek ingurumenari eragindako kalteak gutxituko lituzkeela uste dute bi udaletan.
Pikuxar euskal txokoak proiektuari buruzko solasaldia antolatu du gaurko, “eraiki nahi den gasbidearen inguruan informazioa emateko eta iritziak partekatzeko”. Solasaldian Mikel Uharte Martijak, Larraungo alkateak eta Oihana Olaberria Jakak, Arakilgo alkateak, hitza hartuko dute. Beraiek azalduko dute proiektua juridikoki zein egoeratan dagoen, zein baimen dituen eta abar. Izan ere, Nafarroako Gobernua lurraren desjabetzeak egiten hasia da.
Haiekin batera hitza hartuko du, batetik, Larraungo Ondarea taldeko Javier Irigoienek. Berak, ibarrean antzinako ondarea berreskuratzeko egiten ari diren lanaren berri emanen du. Eta, bestetik, Sustrai Erakuntza fundazioko Martin Zelaiak eta Kalaxkako Mikel Saralegik gasbidea eraikitzeko zeuden proiektuez eta gaur egun abian denaz hitz eginen dute. Gainera, proiektuak kaltetu ditzakeen beste herri batzuetako kontzeju-buruak ere gonbidatuta daude solasaldira.
Pandemia egoera dela eta, kultur etxeko aretoaren edukiera mugatu eginen dute eta ezarritako osasun neurriak bete beharko dira.