Monika Belastegi Aranzabal

"Ikasleek euren sormena lantzea eta garatzea da asmoa"

Guaixe 2020ko urr. 15a, 14:58
Zut aldizkari digitalaren aurkezpena.

Monika Belastegi Aranzabal, Zut aldizkariko zuzendaria.

Z belaunaldiaren aldizkaria omen da ZUT. Hasteko, zeinek osatzen du Z belaunaldia?
Z belaunaldia, gutxi gorabehera 2000 urtetik aurrera jaio diren gazteak dira. Gaur egungo nerabeak, era digitalean jaio diren natibo digitalak, hain zuzen ere. Eta ZUT aldizkariak gaur egungo nerabe eta gazteengan jartzen du fokua.

ZUT aldizkarian agertzen dira?
Noski, aldizkarian gazte horiek dira protagonista eta kolaboratzaile. Gaztetxo horiek sortutako edukiz hornitutako aldizkaria da; gazteek gazteendako egindako aldizkaria.

Eta zer egiten dute ZUTekoek Altsasu institutuan?
Nafarroako D ereduko zazpi ikastetxetako ikasleek aldizkari digital bat nola egin ikasiko dute Sormen digitala irakasgaiaren jarduera osagarrien barruan; eta Altsasuko institutua da ikastetxe horietako bat. Ikasleek ZUT aldizkaria hartuko dute eredu moduan aldizkari digitalak sortzeko eta ZUTeko lantaldea ikastetxez ikastetxe ari da saioak eskaintzen; Altsasuko kultur etxean izan ginen joan den asteazkenean. Goizetik eguerdira arte egon ginen. Guztira 80 ikasleri eskaini diegu ikastaroa, bi txandatan banatuta, kultur etxean.

Zertan trebatu zenituzten ikasleak?
Ikus-entzunezkoak mugikorrekin nola egin daitezkeen erakutsi zitzaien ikasleei: nola grabatu, editatu, ahotsa jarri bideo bati, azpitituluak...  Gainera, aldizkari digital batek eskaintzen dituen aukerak ere azaldu zitzaizkien: argazki bidezko kontakizunak, podcast-ak eta era askotako eduki interaktiboak. Horiek guztiak nola egin ditzaketen azalduko zitzaien ikasleei, ZUT aldizkaria eredu hartuta.

Nola?
Bi orduko ikastaroak eskaini genituen. Horietan, teoria apur bat azaltzeaz aparte, adibide praktikoak egin ahal izan zituzten ikasleek. Azkenean ikasleek euren sormena lantzea eta garatzea da asmoa eta sortuko duten edukiarekin, azken emaitza aldizkari digital bat egitea.

Ikasleek ikasitakoa institutuko lau pareten artean geldituko da?
Asmoa gazteen sormena bultzatzea da eta sormenak gainditu egiten ditu paretak.  

 

Erlazionatuak