Pilota

Greba, elkartasuna eta Baikoko egoerak ekarri duen soka luzea

Maider Betelu Ganboa 2020ko urr. 9a, 12:30
Asteazkenean material aukeraketa egin zuten Agirrek, Albisuk, Ezkurdiak eta Martijak. Argazkia: Aspe.

Baikoko pilotariek grebako deialdiari eutsi diote eta azken orduko aldaketarik ezean, Agirre eta Albisu ez dira agertuko Binakako finalerdian Ezkurdiaren eta Martijaren kontra aritzera. Sakandarrak pasako dira finalera inoren gustukoa ez den egoeran

Baiko Pilota enpresako pilotariak, Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea, Ander Imaz Zubizarreta eta Uriondo izan ezik, atzo bildu ziren eta aho batez grebara joateko erabakia berretsi zuten. 15 dira gaurtik aurrera greban dauden Baikoko pilotariak, Joanes Bakaikoa aurrelari etxarriarra tartean.

Gaur, ostirala, hasi dute greba, besteak beste enpresari “lan baldintza duinak, errespetua eta gardentasuna” eskatu eta kontratua berritu ez duten 4 pilotarien kasua berraztertzea eskatzeko. 12 eguneko greba da eginen dutena: urriak 9, 10, 11, 12, 16, 17, 18, 19, 23, 24, 25 eta 26. Jakina, honek bete betean hartzen du oraintxe bertan jokoan dagoen Binakako Txapelketa eta ondoren hastekoa den Buruz Burukoa.

Azken orduko aldaketarik ezean, finalerdirik gabe
Binakako Txapelketan, aurreko asteburuan finalerdietako ligaxkako finalerdietako 2. jardunaldia jokatu zen. Bizitzaren paradoxak: Binakako hasierako ligaxkan nola edo ahala ibili eta azken unean finalerdietara sailkatu ziren Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak finalerako txartela lortu zuten eta, aldiz, hasierako ligaxkako bikoterik finenetakoa, Jaka eta Zabaleta, finaletik kanpo geratu zen. Bi biko hauek igandean, Tolosan, finalerdietako ligaxkako 3. partida jokatuko dute, ezer jokoan ez dutela (17:00, ETB1), eta Olaizola eta Urrutikoetxea grebalarien artean ez daudenez, partida bere horretan mantenduko dela aurreikusten da, aldaketarik ez badago. Ildo honetan, Elezkanok arazo fisikoak dituen Jaka ordezkatuko du.

Beste bikote finalista nor izango zen larunbateko Bizkaiko partidak erabaki behar zuen.  Ezkurdiak eta Martijak Agirre eta Albisu zituzten aurkari (17:30, ETB1), baina Baikokoak greban daudenez, ez da partida jokatuko eta Ezkurdia eta Martija pasako dira finalera, inork nahi ez duen moduan. Egoera nahasia da, inoren gustukoa.

Ildo honetan, ELA sindikatuak aurreko astean esan zuen Agirreri eta Albisuri partida galdutzat ematen badiete, pilotarien greba egiteko eskubidea bera jarriko litzatekeela kolokan. Beraz, erabakiak hautsak harrotu ditu.
Gogoratu beharra dago, Aspeko pilotari guztiek, Ezkurdia, Zabaleta eta Martija barne, euren elkartasuna adierazi dietela Baikoko pilotariei. Beraz, eurendako ere ez da batere gozoa halako egoera gertatzea.

Aspekoen elkartasuna
Atzo Aspeko pilotariek erabaki zuten igandetik aurrera ez dituztela jokatuko Baikok antolatutako jaialdiak, eta enpresa horretakoek aritu beharko dutela. “Ez dugu inondik inora egiten ari den grebak indarra galtzea nahi, ezta Baikok antolatutako partidak Aspeko pilotariekin aurrera ateratzerik nahi ere” azaldu dute. Igandeko Gernikako jaialdia jokatuko dute “jokatu ezean, bertan izango diren pilotariek ondorio larriak izan ditzakete euren kontratu legalekin, baita Aspek EITBrekin ere”.

Inoiz baino gehiago pilota Baiko enpresaren teilatuan dago, hark baitu giltza egoera bere onera eraman eta konponbidea aurkitzeko. 

"Aste arraroa" dela aitortu zuten material aukeraketan
Giro nahasi honetan, asteazkenean larunbateko partida erabakigarrirako pilotak bereizi zituzten Joseba Ezkurdiak, Julen Martijak, Asier Agirrek eta Jon Ander Albisuk Bizkaia pilotalekuan. Jakina, Baikon gertatzen ari denak baldintzatu zuen material aukeraketa. Baikoko pilotariek nabarmendu zuten bizitzen ari diren egoera ez dela batere gozoa. “Tristea da. Azken bi aste hauetan pilotaz baino beste gauza batzuez hitz egiten da, eta pena da pilota zaleendako ere egoera honetan egotea; ea egoera hobetzen den” adierazi zuen Albisuk. Antzera mintzatu zen Martija. “Pandemia eta Baikoren kontuekin ez da sentitzen pilota partida handietako tentsio eta kezka maila hori. Pena da fokua kantxetatik kanpo egotea eta ez finalerdi batean” adierazi zuen.

Jon Ander Albisuk nabarmendu zuen larunbatean Bilbon egon nahi dutela, baina pilotarien bileran erabakiko zela hori. “Gogotsu gaude larunbatean hemen egoteko, horrelako partida bat ez baita askotan jokatzen” aitortu zuen. Ezkurdiak ere hala nahiko lukeela azaldu zuen. “Aste arraroa izan da; gu saiatzen ari gara hau guztia alde batera uzten, gure eskutan dagoena egiten. Ea dena bere onera etortzen den eta larunbatean finalerdi garrantzitsu hau jokatzen den” gaineratu zuen arbizuarrak. Finalerdia, hil ala bizikoa aurreikusten zuela gaineratu zuen Ezkurdiak. “Gauza asko hobetu behar ditugu Eibarren galdu genuen partidatik, partidan sartu gabe hasi baikinen. Erasokor jokatu eta iniziatiba guk geuk dugunean funtzionatzen du ongi gure bikoteak, eta igandean ez genuen egin” aitortu zuen.

Bere aldetik, Martijak adierazi zuen finalerdiak jokatzeko “gogo ikaragarria” zuela. “Gu jokatuko dugulakoan gaude eta horrela pentsatu behar dugu” gaineratu zuen.

Tamalez, guztia pikutara joan da. Esan bezala, Baiko Pilota enpresako arduradunek dute guztia bidera eramateko giltza.