Txirrindularitza

Erlojuaren kontra azkarrenak dira gureak

Maider Betelu Ganboa 2020ko urr. 13a, 12:15

Nafarroako Erlojupeko Txapelketak jokatu ziren aurreko astean Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituan. Igor Arrieta eta Nahia Imaz Nafarroako junior eta kadete txapeldunak dira, Ailetz Lasa 23 urtez azpiko txapeldunordea eta Mikel Uncilla hirugarren kadetea

Los Arcosko Nafarroako Zirkuituan autoek ez, txirrindulariek egin zuten hegan astelehenean. Nafarroako Erlojupeko Txapelketa jokatu zen, eta gure txirrindulariek, beste behin, sekulako maila eman zuten.

Kadeteak: Uncillak dio 'dena' eman zuela
Kadeteetan izan genuen ordezkaritzarik zabalena. Zirkuituari 2 itzuli eman behar zizkioten, 8 km guztira. Gizonezkoetan, Azkarrak taldeko Xabier Zabala gailendu zen (10:22) eta Quesos Albeniz-Burunda taldeko Mikel Uncilla hirugarrena sailkatu zen (10:56). Egindakoarekin pozik zegoen Mikel Uncilla etxarriarra. “Egia esan, oso gogorra izan zen, haizeak jotzen baitzuen. Zirkuituan aritzea ez zitzaidan horren arraroa egin; dena eman nuen eta pozik nago egindakoarekin” azaldu du kadeteen hirugarren kutxara igo zen etxarriarrak.

Kadeteak: Nahia Imaz txapelduna, 'oso pozik'
Emakumezkoetan Ermitagaña Nafarroa taldeko Nahia Imaz altsasuarra igo zen podiumaren gorenera (12:21), bere taldekide Laia Puigdefabregasi 12 segundo atera eta gero. Oso ongi ibili zen egungo Nafarroako txapelduna dena. Altsasuarrarendako ez zen Nafarroako Zirkuituan aritzen zen lehen aldia. “Egia esan ez da ohikoa horrelako zirkuituetan lehiatzea, baina ez da lehen aldia. Aurretik ere eskola mailan lasterketa bat egin genuen Los Arcoseko zirkuituan, eta aurreko ostegunean ere bertan izan ginen, Nafarroako Selekzioarekin entrenamendu bat egiten. Bestalde, joan den urteko Espainiako Txapelketako taldekako erlojupekoa ere Chesteko Zirkuituan (Valentzia) egin genuen, eta irabazi genuen. Berez, ohiko errepideetatik nabaritzen den aldea da errepidea oso zabala dela, eta oso egoera onean dagoela. Horretaz gain, Nafarroako Zirkuituaren ezaugarri bereizgarriena haizea da. Gogor jotzen du haizeak” aipatu du Imazek, Uncillak adierazitakoa berretsiz.

Lehia oso estua izan zela gaineratu du Nafarroako txapeldunak. “Halako probetan lehia oso estua izan ohi da. Kontuan izanik taldekideen artean beti hortxe-hortxe ibiltzen garela, oraindik zailagoa izan ohi da. Halako erlojupekoetan denbora guztian ahal duzun azkarren joan behar zara, baina, aldi berean, indarrak gordetzen jakiteak izugarrizko garrantzia du” aitortu du.

Nahia Imazek sekulako denboraldia egin du. “Oso gustura nago ez ohiko denboraldi honetan lortutakoarekin. Ziklokrosean, errepidean eta erlojupekoan Nafarroako Txapelketa irabaztea lortu ahal izan dut, eta, horretaz gain, Euskadiko Txapelketan eta Euskaldun Trofeoan ere garaipena lortu dut. Beraz ezin nahiz kexatu!” dio altsasuarrak. Eta ez da gutxiagorako. Eta entrenatzaileak izan ditu gogoan. “Hemendik eskerrak eman nahiko nizkieke Burunda taldean hasi eta Ermitagaña taldean orain arte izan ditudan entrenatzaile eta laguntzaile guztiei. Milesker!” eskertu du.

Juniorrak: Igor Arrietaren beste bat
Juniorren mailan txirrindulariek 4 itzuli eman zizkioten Nafarroako Zirkuituko pistari (16 km). Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrietak hegan egin zuen eta berak egin zuen denborarik onena (19:59), Quesos Albeniz-Burunda taldeko Kortesko Aznar anaien aurretik. Unai Aznar bigarrena izan zen, (20:36) eta Hugo Aznar hirugarrena (21:05).

“Nafarroako Zirkuituan aritzeak ez ninduen eragin. Beste erlojupeko bat bezala hartu nuen txapelketa, eta ongi atera zen” azaldu du txapeldunak. Ondo dagoela aitortu du. “Hauek ez dira ohiko datak, baina denboraldia bukatzen ari gara, eta egindakoarekin ongi nago” nabarmendu du. Ez da gutxiagorako. Nafarroako eta Euskadiko txapelduna da, Nafarroako Erlojupekoko txapelduna, Espainiako Erlojupekoko txapeldunordea eta ongi aritu zen Europako Txapelketetan.

Afizionatuak: Ailetz Lasak 'konpetentzia handia' zegoela adierazi du
Afizionatuek Nafarroako Zirkuituari 5 itzuli eman zizkioten (20 km). 23 urtez azpiko mailan Lizarte taldeko Mikel Retegik egin zuen denborarik onena (25:15), eta bigarrena Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra izan zen (26:17).

Ailetz Lasak azaldu du “pixka bat arraroa” egin zitzaiola erlojupekoa zirkuituan egitea, “horrelako zirkuitu itxitan lasterketak egitera ohituta ez gaudelako. Ez nuen ezagutzen, eta egia da zirkuitu nahiko teknikoa dela bihurguneei dagokienean” aipatu du. Afizionatuen mailan lehia handia zegoela aitortu du. “Banekien zaila izango zela, baina bigarrena izan naiz eta pozik nago” aipatu du.

Egindakoarekin pozik dago. “Denboraldi arraroa izan da. Ez dugu lasterketetan aritzeko aukera askorik eduki, eta horregatik bigarren postu honekin pozik nago” adierazi du. 

Nafarroako Erlojupeko Txapelketa, sakandarrak
Kadeteak, gizonak (8 km)
1.Xabier Zabala (Azkarrak) 10:22
3.Mikel Uncilla (Q. Albeniz) 10:56
5.Ander Villalobos (Q. Alb.) 11:24
6.Unax Trevejo (Q. Alb.) 11:29
8.Asier Etxeberria (Q.Alb.) 11:33
14.Alex Lopetegi (Sakana G.) 12:00
15.Iker Agudelo (Q. Alb.) 12:05
16.Mikel Regil (Q. Alb.) 12:10
17.Manex Zufiaurre (Q. Alb.) 12:11
21.Aritz Oiarbide (Sakana G.)    12:21

Kadeteak, emakumeak (8 km)
1.Nahia Imaz (Nafarroa) 12:21

Juniorrak, gizonak (16 km)
1.Igor Arrieta (Sakana G.) 19:59
2.Unai Aznar (Q. Alb.) 20:36
3.Hugo Aznar (Q. Alb.) 21:05
4.Iker Mintegi (Q. Alb.) 21:33
9.Jon Erdozia (Sakana G.) 22:36
19.Unax Miranda (Sakana G.) 23:42

23 urtez azpikoak (20 km)
1.Mikel Retegi (Lizarte)  25:15
2.Ailetz Lasa (Laboral K.) 26:17
4.Josu Etxeberria (Rural) 26:47
8.Iker Cerviño (Telcom) 27:10
10.Andoni Ocaña (Lasarg) 27:25
15.Ion Gil (Lizarte) 29:26