Koronabirusa Sakanan

Nafarroan koronabirusaren hedapena kontrolatzeko neurri berriak

Guaixe 2020ko urr. 11a, 12:40

Terrazak konfinamenduaren ondorengo egunetan. ARTXIBOA

Maria Txibite Nafarroako presidenteak prentsaurrekoan azaldu duenez, hurrengo 14 egunetan "ezinbestekoak ez diren jarduerak" murriztuko dituzte. Kutsatze foko handienak arlo pribatuan eta aisialdian ematen direla esan du. Hortaz, denda, taberna eta abarren edukiera murriztu du Nafarroako Gobernuak. 

Datuak ez direla onak esan du Nafarroako presidenteak. Beraz, "urrats bat gehiago, eman behar dutela argitu du gaur eguerdian eman duen prentsaurrekoan. Kutsatze foku handienak arlo pribatuan eta aisialdian ematen direla argitu du Maria Txibitek eta hurrengo 14 egunetan ezinbestekoak ez diren jardueran etetea arautuko du gobernuak. Ostalaritzan edukiera %30era, terrazetan %50era, izango da eta 22:00etan itxiko dute, eta denden eta kirol, kultur eta aisialdi guneen edukiera ere %30era mugatuko da. Momentuz ez dute herrien eta herrialdeen arteko mugimenduak murriztu.

Foru legea eta, ondorioz, neurri murriztaile berriak, urriaren 13an, asteartean, sartuko da indarrean. 

Arloka 
Eremu publikoko eta pribatuko bileretan, edozein elkarte edo bileratan parte-hartzaileen kopurua sei pertsonakoa izanen da gehienez ere, gune publikoetan zein pribatuetan, elkarrekin bizi direnen kasuan izan ezik. Horrek ez du esan nahi COVID-19a prebenitzeko osasun-agintariek ezarri dituzten segurtasun- eta higiene-neurriak bete behar ez direnik.   

Ostalaritzan eta jatetxeetan, onarturiko edukiera handienaren %30 betetzea baimenduko da establezimenduen barneko kontsumorako. Mahaian eserita kontsumitu beharko da betiere, barnean zein terrazetan. Terrazetan, baimenduriko gehienezko edukieraren %50 onartuko da. Mahai-multzoetan, barnean zein terrazetan, ezin izanen dira sei pertsona baino gehiago egon, eta elkarren arteko distantzia 1,5 metrokoa izanen da.  

Ostalaritza-establezimenduek eta jatetxeek 22:00etan itxi beharko dute, lokala hustea barne, etxez etxe janaria zerbitzatzen dutenek izan ezik. Eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanen da une oro, kontsumitzeko une zehatzean izan ezik, elikagai likidoez zein solidoez den bezainbatean. 

Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetako bisitak eta irteerak murriztea erabaki da. Bestalde, adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonendako eguneko zentroek, kontziliaziorako eta familia-atsedenerako funtsezko zerbitzuak diren aldetik, irekita jarraituko dute, nahiz eta arreta-neurriak zorroztu. Zentro horietan, edukiera % 75era mugatuko da, ezarrita zegoen bezala. Erretiratuen zentroetan, berriz, edukiera % 30era murriztu da, orain arte onartutako % 50aren aldean.

Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetako bisiten eta irteeren murrizketak salbuespenak jasotzen ditu hiru kasutan: bizitzaren akabera, egoiliarraren desoreka neurokognitiboa arintzea, edo egoiliarraren egoera psikoafektiboaren narriadura larriko egoerak.

Ehorzketetan eta gaubeiletan, pertsonen elkarretaratzeak 25 pertsonara mugatuko dira gune irekietan, eta 10era toki itxietan. Segizioak 15 lagunekoak izanen dira gehienez ere.   

Zenbait ospakizunen kasuan (hala nola ezkontzak, jaunartzeak, bataioak, sendotzak eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso eta zibilak, eta elkarretaratzeak oro har, zeremoniaren ondoren ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan egin litezkeenak) errespetatu eginen dira pertsonen arteko segurtasun-neurri orokorrak eta, kasu orotan, 1,5 metroko aldentzea. Ezin izanen dira, inola ere, 12 pertsona baino gehiago egon barnean, eta 18 baino gehiago kanpoan. Ez da baimenduko dantza egiteko pistak edo xede horrekin egokituriko bestelako guneak erabiltzea.    

Gurtzarako guneetan ezin izanen da gainditu baimenduriko gehienezko edukieraren %30, eta kasu orotan bete beharko da erabiltzaile bakoitzarentzat 2,25 metro koadro izateko araua.

Txikizkako merkataritzako establezimendu eta lokaletan, eta jendearentzat zabalik dauden jarduera eta zerbitzu profesionaletan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehienezko edukieraren %40.      

Hipermerkatuetan eta gainazal ertain eta handiko saltokietan, eta merkataritza-gune eta -parkeetan, ezin izanen da gainditu bertan dauden merkataritza-lokal bakoitzean baimenduriko gehienezko edukieraren %40.  
   
Ez da baimenduko bezeroak gune komunetan egotea, merkataritza-establezimendu batetik bestera joateko ez bada. Debekaturik dago gune komunetako jolas-guneak erabiltzea, hala nola haurrentzako parkeak eta antzekoak, eta bestelako atseden-guneak. Eremu horiek itxita egin beharko dute. 

Azoka txiki izena ematen zaien kaleko, aire zabaleko edo salmenta ez-sedentarioko merkatuetan, aurrez aurre dauden saltokien artean iraganbide bat egonen da. Bide horretatik ibiliko dira merkatuko erabiltzaileak, eta bermatu eginen da haien arteko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izatea eta bideak gutxienez 4,5 metroko zabalera edukitzea. Bata bestearen ondoan dauden saltokien artean elementu isolatzaileak jarriko dira, elkarrekiko independenteak izan daitezen, edo, hala ez balitz, batetik besterako 1,5 metroko tartea izanen dute gutxienez.      

Ikastetxeetan, auto-eskoletan, arautu gabeko irakaskuntza-zentroetan eta prestakuntza-zentroetan jarduera aurrez aurre gauzatzen ahal izanen da, betiere baimenduriko gehienezko edukieraren %40 gainditzen ez bada eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia segurtatzen bada.    

Titulartasun publikoko nahiz pribatuko liburutegiek baimenduriko gehienezko edukieraren %30 gainditu gabe eskainiko dituzte beren jardueretarako zerbitzuak. Zerbitzu horiek telematikoki erabiltzea sustatuko da. Ez da haurrentzako jarduerarik izango.        

Kultur ekipamenduetara sartzeko aukera izanen da, bisitari-kopurua baimenduriko gehienezko edukieraren %30etik gorakoa ez bada. Neurriak ezarriko dira pilaketak saihesteko eta pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko une oro.      

Kirol-jarduerak eta -instalazioak: kirol-instalazioen barnean egiten diren jardueretan ezin izanen da baimenduriko gehienezko edukieraren %30 gainditu, eta kanpoko aldean, %40.  Ez da baimenduko aldagelak, dutxak eta iturriak erabiltzea.

Gimnasioetako kirol-jarduerarako aldez aurreko hitzordua beharko da. Jarduera gauzatzeko tokialdatzea beharrezkoa denean, pertsona bakoitzak 20 m2 izan beharko ditu. Tokialdatzerik gabeko jardueretan, pertsona bakoitzak 8 m2 izan beharko ditu. Maskara erabili beharko da une oro.    

Kirol-jarduera profesionaletan ez da ikuslerik izanen.

Haurrentzako parkeak eta aire zabaleko kirol-guneak: Haurrentzako parkeak eta aire zabaleko kirol-guneak erabiltzen ahal izanen dira baimenduriko gehienezko edukieraren %30 gainditzen ez bada.

Aire zabaleko zein estalitako aisialdirako igerilekuetan, edukieraren %30eko muga errespetatu beharko da, bai sarbideari bai jolas-jarduerari dagokionez. Aldagelak erabiltzen ahal izanen dira, baina dutxak ez. Kirol-jarduerarako igerilekuen araudia Nafarroako Kirolaren Institutuak ezartzen duenaren araberakoa izanen da.

Toki itxietan zuzenduriko ariketa fiskoak eta kirol-ariketak egiteko taldeak sei pertsonakoak izanen dira gehienez, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak ezartzen duenaren arabera jardungo dute. Maskara erabiltzea nahitaezkoa da edozein kasutan.

Monumentuak, erakusketa-aretoak eta museoak: Museo eta erakusketa-aretoetako jardueretan ezin izanen da baimenduriko gehienezko edukieraren %30 gainditu. Ez da inauguraziorik eginen, ezta ekitaldi sozialik ere. Bisitetan eta gidaturiko jardueretan taldeak sei pertsonakoak izanen dira.  

Zinema-aretoetan, antzokietan, entzunaretoetan, karpadun zirkuetan eta antzekoetan jarduerak egiten ahal izan dira, eserlekuak aldez aurretik esleiturik eta baimenduriko gehienezko edukieraren %30 gainditu gabe. Edozein kasutan, gehienezko edukiera 1.000 lagunekoa izanen da.       

Aire zabaleko aretoetan eta antzeko lokaletan, baita ikuskizun publikoak eta jolas- edo aisialdi-jarduerak egiteko prestaturiko establezimenduetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehienezko edukieraren %30, eta, edozein kasutan, pertsona-kopurua 300ekoa izanen da asko jota.

Biltzarrak, topaketak, negozio-bilerak, konferentziak, ekitaldiak eta antzekoak: Biltzarrak, topaketak, negozio-bilerak, konferentziak, ekitaldiak eta antzekoak egiten ahal izanen dira baimenduriko gehienezko edukieraren %30 gainditzen ez bada, eta goitik jota 100 lagun bildurik. 

Joko- eta apustu-aretoak: Joko- eta apustu-establezimenduek beren jarduera gauzatzen ahal izanen dute baimenduriko gehienezko edukieraren %30 gainditzen ez bada. Joko- eta apustu-establezimenduek 22:00etan itxi beharko dute, hustea barne. 

Ekitaldietarako funtzio anitzeko guneak dituzten establezimenduak: Funtzio anitzetarako aretoak alokatzen dituzten establezimenduek ekainaren 19ko Gobernu Akordioan adosturiko higiene- eta prebentzio-neurriak bete beharko dituzte, baita horren ondoren ezarririko araudia ere.

Familia-ospakizunetarako edo ekitaldi sozialetarako aretoak alokatzen direnean, taldeek ezin izanen dute sei kide baino gehiago izan, elkarrekin bizi direnak izan ezik. 

Lokalaren barneko kontsumoa mahaietan edo mahai-multzoetan egin beharko da ezinbestean. Mahai bakoitzean sei pertsona egonen dira gehienez ere, segurtasun-tartea mantenduz. Kasu orotan, bereziki kontrolatuko da maskara erabiltzen dela eta pertsonen arteko distantzia mantentzen dela. Ez da baimenduko lokalaren barnean dantza egiteko guneak prestatzea. Areto horiek 22:00etan itxi beharko dira.            

Gastronomia-elkarteak eta peñak: Gastronomia-elkarteek eta peñek itxita egin beharko dute eta jarduera eten beharko dute, 500 biztanletik beherako udalerri eta kontzeju txikietan daudenek izan ezik (herri horietan kafetegirik, jatetxerik eta tabernarik ez badago, eta herritar guztien biltoki bakarrak badira). Kasu horietan, ostalaritzako establezimenduetarako ezarri diren irizpideak bete beharko dituzte.

Alkohol-salmenta: Debekatu egiten da 22:00etatik 08:00etara bitartean alkohola saltzea saltoki-mota orotan, haien lizentzia edozein dela ere, taberna berezi, kafe-antzoki, taberna, kafetegi eta jatetxeko lizentzia duten establezimenduetan izan ezik.   
    
Gainera, Foru Aginduak aurreikusten du toki-erakundeek, beren eskumenen esparruan, bestelako neurriak hartzen ahal izanen dituztela, osasun-agintea diren heinean, foru-agindu honen edo indarrean dagoen osasun-arloko beste edozein erreferentziazko araudi baten aurka ez badoaz.