Goikoetxea anaien berpiztea

Guaixe 2020ko urr. 13a, 13:10
'Los Goikoetxea' film laburraren une bat. BEA DE LA VEGA

Beatriz de la Vegaren film laburrak Bilboko 'Zinemakumeak gara!' zikloa mustu du, duela 25 urte egin bezala. 1990ko hamarkadako Bilboko ezkerraldearen isla da film laburra, gaur egun dokumentu historikoa bihurtu dena

1996ko azaroaren 25ean Zinemakumeak gara! Emakumeek egindako zinema erakusketaren lehenengo edizioa egin zen Bilboko Indautxu auzoan. Zikloa Los Goikoetxea Beatriz de la Vega altsasuarraren film laburrak ireki zuen. 25 urte beranduago, 1993. urtean grabatutako film laburra Zinemakumeak gara! zikloaren mustutze ekitaldian proiektatu zuten. Ondoren, De la Vegak Laburrean hitz egiten mahai inguruan parte hartu zuen, Nati Ortiz de Zarate, Amara Mosteiro, Esther Cabero y Norma Vila zinemagileekin batera.

"Nik ez nekien duela 25 urte Los Goikoetxea filmarekin zikloa ireki zutela". Istorioa "oso polita" dela azaldu du Bea de la Vega artistak: "Madrilgo lagun batzuk deitu zidaten esanez Josu Eguren Twitter bidez nire bila ari zela". Momentu horretan Urdiainen bizi den altsasuarrak ez zuen sare soziala erabiltzen, baina Egurenekin harremanetan jartzea lortu zuen. "Zikloa antolatzen ari ziren. Film laburra ikusi zuela, gustatu zitzaiola eta 25. urteurrena harekin mustu nahi zutela esan zidan". "Txundituta" gelditu zen De la Vega. "Film hori garai horretarako ongi, baina gaur egun agian…". Egurenek Los Goikoetxea film laburrarekin zuen erlazioa kontatu zion, eta aurrera egin zuten.

Astelehenean, urriaren 5ean, mustu zen Zinemakumeak gara! zikloa, besteak beste, Los Goikoetxea film laburrarekin. "Oso polita izan zen. Ilusio handiarekin zeuden ni han egoteagatik eta hitz egiteagatik. Sorpresa handia izan zen, hor erdi ahaztuta dagoen zerbaitek bat-batean berriz bizitza hartzea". Jendeak film laburra ikusteagatik "ilusioa" zuela esan du De la Vegak.


Esther Cabero, Beatriz de la Vega eta Nati Ortiz de Zarate mahai inguruan. ZINEMAKUMEAK GARA!

Goikoetxeatarrak
De la Vega Arte Ederrak ikasten ari zen eta azken ikasturtean proiektu bat egin behar zuten. Ikusentzunezkoen ibilbidea ikasten ari zen eta proiektua bideo bat izan zen. "Taberna batean emakume bat entzun nuen istorio bat kontatzen, grazia handia egin zidana: Lapurreta egin ondoren lapurrek lapurtutako dirua kotxeko leihotik bota zutela polizia atzetik zihoalako. Dirua leku heze batean erori zen, eta ordu batzuk pasa zirenean dirua berreskuratzera joan ziren". Garai horretan De la Vega Bilbon bizi zen eta azaldu duenez, "urte horietan ezkerraldeak asko erakartzen zuen, indar handia zuen". Zine "kinkia" oso erakargarria iruditzen zitzaion, eta "punketik gentozen". Taberna batean entzundako istorio hura film laburraren hasierako puntua izan zen. Horrekin istorio oso bat "asmatu" zuen; bi seme dituen amaren istorioa, hain zuzen: Goikoetxeatarrak. "Sei minutu dira baina garai horretako guztia dago: Gai soziala, gai politikoa, immigrazioa…". "Baldarkeri" bat da, "biolentzia absurdora eramatea". Errealismo zentzugabe eta komikoa bezala deskribatu du artistak Los Goikoetxea.

27 urte pasa dira Los Goikoetxea grabatu eta mustu zuenetik. Garaiko egoera kontatzen zuen film laburrak, eta gaur egun dokumentu historikoa bihurtu da. "Hori da harritzen nauena. Oso freskoa dago. Izugarri gustatu zitzaien zikloan". Makarra dela esan zuten. "Garai hartako nahasketa soziala eta politikoa ongi adierazten du eta ongi antzeztuta dago ere". Ia hiru hamarkada pasatu diren arren, "nahiko ongi mantendu" da. "Estetika aldetik ere retroa da, orain modan dagoena".

Zinemagilea
Garai horretan Bilbon bizi zen lagun talde bat zen. "Altsasuko lagun batek galdetu zidan ea beraiekin bizi nahi ote nuen logela bat libre zutelako, eta joan nintzen". Hiru pisutan bizi ziren: De la Vega Arri eta Biafarekin bizi zen, Alex de la Iglesia zinemagilearen filmen dekoratzaileak, goiko pisuan De la Iglesia gidoilari batekin bizi zen. "Oso lagunak ginen, egun guztia elkarrekin geunden". Momentu horretan Accion mutante egiten ari ziren, De la Vegak parte hartu zuen filma.

"Proiekturako bideo normal bat egin nahi nuen, baina Alexek esan zidan ezetz; ezin nuela bideo bat besterik egin. Zinean grabatu behar nuela. Nik esan nion eroturik zegoela. Nola egin behar nuen zinean". Ordurako De la Iglesiak Mirindas asesinas film laburra kaleratu zuen eta sari asko irabazi zituen. "Beraiekin bizi nintzenez eta Alex aireratzen ari zenez, giro horrekin kutxatu nintzen eta film laburra egitea erabaki nuen". Lagun taldea lan taldea bihurtu zen. "Bere bultzada ezinbestekoa izan zen". Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatu zion eta eskuratu zuen. Taldea sasi profesionala zen arren, dagoeneko haietako askok zinemaren munduan lan egiten zutelako, film laburra etxetiarra da: "Etxeko sukaldean grabatu genuen, lagunekin…".

"Geneukana zen erreferentzia edo inspirazioa". Grabaketan gauza harrigarriak gertatu zirela kontatu du De la Vegak: "Autobidetik ikusten diren Barakaldoko etxeorratz batzuetan grabatu behar genuen eta obra baten elementu guztiak jarri behar genituen. Iritsi ginenean dena jarrita zegoen obra bat egin behar zutelako". Castingean ere igeltseroz jantzitako igeltseroren papera egin behar zuen pertsona bat agertu zen. Nati aktorea zen eta "beste biak" lagunak ziren: Biafra eta Bustamante. Santiago Segura aktorea ere agertzen da poliziaren papera egiten. "Madrilen elkar ezagutu genuen justu garai horretan eta parte hartu nahi zuen galdetu nion, eta etorri zen".

Gaur egun
Unibertsitatea bukatu behar zuenean De la Vegak ez zeukan proiektua "guztiz" bukatuta, muntaia falta zitzaion. "Orduan, esan zidaten urte bat itxoiten banuen ohorezko matrikula jasoko nuela eta horrela, bukatu gabe, entregatzen banuen ongi bat edo lortuko nuela". De la Vegak gainditu zuen, baina dagoeneko zinemaren munduan zegoenez eta mundu horrekin "liluratuta" zegoenez, unibertsitatea bukatu nahi zuen.

Goikoetxea anaien istorioak idazten jarraitu zuen De la Vegak. "Zinema mota hau, baldarra, asko gustatzen zait. Estetika, musika, kontatzen diren gauzak, irudia…". Istorioarekin jarraitzea pentsatu zuen, eta "gustatuko" litzaiokeen horrekin jarraitzea. Hala ere, "gaur egungo paisaiak eta lehengoak" desberdinak direla azaldu du De la Vegak. "Desagertu dira. Ezkerraldera joaten bazara Los Goikoetxea-n ikusten dena dagoeneko ez da existitzen, ez da ikusten". Hiri handietako periferian oraindik ikus daitekeela uste du artistak, baina bere egoera dela eta ezingo luke grabazioa aurrera eraman. "Istorio polita izan zitekeen arazo sozialak direlako, egoera batzuk non jendeak sufritzen duen, baina aldi berean bizitza erretzen dute".

Los Goikoetxea aurkeztu ondoren "nahiko jaialditan" egon zen eta zenbait sari irabazi zituen ere, esaterako, Madrilgo Nazioarteko Emakumeen Zinemagileen saria. "Ilusio handia egin zidan". Telebistek ere film laburra erosi zuten. De la Vega zinemaren munduan dekorazio sailean aritzen zen momentu horretan, El dia de la bestia filmean, esaterako, eta zine zuzendaritza alde batera utzi zuen. "Baina film handietan sartu nintzen, Torrente pelikulara iritsi nintzen". Dekorazio sailean profesionalizatu behar zela konturatu zenean, "ez nuen nire burua ikusten dekorazio laguntzaile lana egiten". 1997. urtean Rafael Karasatorreren Barranca-Burunda liburua aurkitu zuen arte. "Dokumentu historikoarekin harrituta gelditu nintzen". Bigarren film laburra egitea erabaki zuen. "Madril utzi nuen eta Sakanara etorri nintzen Sarabe grabatzera". Eta hemen gelditu zen. Sarabe film laburra Kimuak programan aukeratu zuten eta "asko mugitu" zen ere.

Proiektuak
Duela lau urte De la Vegak Adarrak dantzan film labur dokumentala egin zuen. Altsasuko inauteriak ikuspuntu antropologiko batetik ikertu ditu De la Vegak. Proiektu berri batekin hasi da orain, "oso etxetiarra": "Kamera bat erosi dut eta nire ama grabatzen ari naiz". De la Vegaren amak 95 urte ditu eta zaindu behar duenez, "ezin naizenez atera, pentsatu nuen etxean grabatuko nuela". Zahartzarotik heriotzerako tarte hori "interesgarria" dela uste du: "Nire amaren bizitza oso interesgarria izan da. Dagoeneko ez du burua duela bost urte bezala, baina ea zer ateratzen den". Inguruan ikusten duena ere grabatzen du; egunerokotasuna. Helburua "dokumental etxetiarra" egitea izango da. "Ez dakit non hasiko den, baina badakit noiz bukatuko den: Amaren hileta". Ikertzeko aukera emango dio.