Pilota

Binakako Txapelketako finaleko aste eroa abian

Guaixe 2020ko urr. 12a, 11:05
Ezkurdia eta Bikuña larunbatean Bizkaia pilotalekuan. DIARIO DE NOTICIAS

ELAk auzitara joko du Agirre-Albisuri finalerdikoa galdutzat eman eta euren greba egiteko eskubidea errespetatu ez izana salatzeko; Ezkurdiak aitortu du “une zailak” direla. “inork nahi ez duen zerbait”, eta egoera are gehiago korapilatzeko Julen Martijak positibo eman du COVID-19an

Pilota profesionalaren egoera geroz eta gehiago nahasten ari da. Baiko enpresako pilotari gehienak Olaizola, Urrutikoetxea, Imaz, Zubizarreta eta Uriondo izan ezik, greban daude, eta horrek bete betean hartu du jokoan dagoen Binakako Txapelketa. 

Larunbatean Binakako finalerdia jokatzekoak ziren Ezkurdia-Martija eta Agirre-Albisu Bizkaia pilotalekuan. Agirrek eta Albisuk grebari eutsi zioten eta ez ziren azaldu. Gainontzeko grebalariekin, Joanes Bakaikoa etxarriarra tartean, agerraldia egin zuten Ezkarain. Eta egoera hori gutxi ez, eta Julen Martijak COVID-19an positibo eman zuela jakin izan zen. Bikuña agertu zen Bizkaia pilotalekura Martija ordezkatzera. Baina Bizkaian bakarrik zeuden Ezkurdia eta Bikuña eta finalerdia ez zen jokatu. Honen aurrean, EPEL-eko Lehiaketa Epaileak, ohar bidez azaldu zuen "edozein langileren greba eskubidea errespetatzen” duela, baina "txapelketa aurrera ateratzeko beharrezkoak diren erabakiak hartu” behar dituztela gaineratu zuen eta partida 22 eta 0 galdutzat eman zien Agirreri eta Albisuri. 

Honen aurrean ELA sindikatuak epaitegietara joko dutela azaldu du. "Pilotarien greba eskubidea ez da errespetatzen, eta legea urratzea da hori” azaldu du sindikatuak. "Epaitegietara joko dugu, eta finala ez jokatzeko eskatuko dugu, epaile batek epaia eman arte” gaineratu du. 

Ezkurdiarendako egoera "oso tristea” da
Egoera ez da batere erosoa Ezkurdiarendako eta Martijarendako. "Gure esku ez dago zer gertatuko den finalarekin. Arraroa da dena, inork nahi ez zuen zerbait. Une zailak dira. Agirrerendako eta Albisurendako ere kolpea da finala jokatzeko aukera galtzea. Oso tristea da dena” azaldu zuen aurrelari arbizuarrak. Horri guztiari Julenen positiboa gehitu behar zaio. "Pena haundia da. Txapelketa bukaera ez da erraza izaten ari. Animo handienak eman nahi dizkiot Juleni. Uste dut iganderako prest egongo dela. Garbi daukat finala Julenek jokatu beharra duela; elkarrekin egin dugu txapelketa guztia” dio arbizuarrak. 

Zabaleta, ordezko
COVID-a dela eta, Julenek jokatuko ez balu, Zabaleta izango litzateke bere ordezkoa."Albiste txarra izan dugu Julenen positiboarekin. Ea egun hauetan osatzen den eta ea berak jokatzen duen bere partida eta bere finala. Tokatzen bada, jokatu egin beharko da, baina ea Julen osatu eta berak jokatzen duen. Hori espero dugu guztiek” azaldu zuen atzo Zabaletak. 

Zabaletak eta Elezkanok irabazi
Izan ere Zabaletak eta Jaka ordezkatu zuen Elezkano II.ak Binakako finalerdietako ligaxkako 3. jardunaldiko partida jokatu zuten atzo Aimar Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontra. 14 ta 22 irabazi zuten Elezkano II.ak eta Zabaletak, partida ona jokatu eta gero. Zabaletari, aspaldiko partez, eroso ikusi zitzaion. "Hiru hilabete eskuak errekuperatu ezinik egon naiz, baina gaur ongi sentitu naiz” adierazi zuen.