Pilota

ELA sindikatuak epaitegietara eraman du Binakako finalerdian Agirreri eta Albisuri partidua galdutzat emana "garbi dugulako greba eskubidearen urraketa larri bat dela"

Guaixe 2020ko urr. 13a, 17:54
Greban dauden Baikoko pilotariek larunbatean Ezkarain egindako agerraldia. BERRIA

Gaur epaitegietara jo dute pilotariek eta sindikatuak eta demanda jartzearekin batera, kautelazko neurriak eskatu dira EAEko Justizia Epaitegi Gorenean igandeko finala bertan behera uzteko

ELA sindikatuak aurreko astean iragarri bezala gaur epaitegietara jo du. Baiko enpresako 15 pilotari greban daude, tartean Joanes Bakaikoa etxarriarra. Larunbatean Binakako finalerdia jokatzekoa zuten Baikoko Agirre eta Albisuk Aspeko Ezkurdiaren eta COVID-19an positiboa eman duen Martija ordezkatu behar zuen Bikuñaren kontra. Greban daudenez, ez ziren finalerdietara aurkeztu eta EPEL-eko epaileak grebarako zuten eskubidea aitortu baina partida 22 eta 0 irabazitzat eman zioten Ezkurdiari eta Martijari. ELA sindikatuak adierazi zuen erabakiak langileek greba egiteko duten eskubidea urratzen zuela eta gaur, asteartea, epaitegietara jo dute pilotariek eta ELA sindikatuak. 

ELA sindikatuak adierazi duenez “garbi dugu greba eskubidearen urraketa larri bat izan zela pasa den larunbateko finalerdietako partidan EPEL-ek hartutako erabakia, eta horregatik jo dugu epaitegietara. Eta demanda horrekin batera, kautelazko neurriak ere eskatu ditugu EAEko Justizia Epaitegi Gorenean, igandeko Binakako finala bertan behera uzteko". 

Txartelik ez, Martija isolatuta eta Ezkurdia entrenatzen
Hortaz, igandeko finala jokatuko den, airean dago. Momentuz EPEL.ek ez ditu finalerako txartelak salgai jarri entradasfronton.com webgunean. Joseba Ezkurdiak gaur entrenamendu saioa egin du, baina Martijak etxean jarraitzen du, koronabirusean positibo eman eta gero. Bigarren PCRan negatibo balu larunbatean bukatuko luke itxialdia eta igandean jokatzeko moduan egongo litzateke. Adierazi duenez, ongi dago osasunez, baina kezka ere badu. Eta Etxeberriko atzelariak ezingo balu, Zabaletak ordezkatuko luke. Dena den, ez dago argi finala jokatuko ote den eta nola.