Joseba Ezkurdia

"Niri pena ematen didate Agirrek eta Albisuk, eta euren borroka ulertzen dut"

Maider Betelu Ganboa 2020ko urr. 16a, 14:16
Joseba Ezkurdiak bakarrik egin zuen atzo material aukeraketa.

Igandean Binakako Txapelketako finala jokatu behar zen Bilbon, baina Justizia Epaitegi Gorenak bertan behera utzi du. Ezkurdiak aitortu du Agirreren eta Albisuren borroka ulertzen duela. Bestalde, finala Julen Martijarekin jokatu nahi duela oso argi du Ezkurdiak.

Pilota profesionala kinka larrian dago. Baikoko 15 pilotari greban daude eta horrek bete betean hartu du Binakako Pilota Txapelketa. Aurreko larunbatean Agirrek eta Albisuk Ezkurdiaren eta Martijaren kontra finalerdia zuten jokatzekoa, baina Baikokoak ez ziren kantxara agertu, greban daudelako, eta partida galdutzat eman zieten. Horregatik, epaitegietara jo zuten Agirrek eta Albisuk eta ELA sindikatuak, euren greba egiteko eskubidea urratu dela salatzeko eta, halaber, igandean jokatzekoa den finala ez jokatzeko kautelazko neurriak eskatzeko. Jakin berri denez, epaileak arrazoia eman die. Ezkurdiarekin epaileak hartu baino lehen egon ginen.

Igandean Binakako Txapelketako finala jokatuko da, edo ez. 
Asteartean aurkeztu zuten errekurtsoa eta hiru egun behar omen dira erabakitzeko. Ea epaileak zer erabakitzen duen. 

Egoera arraroa, ezta?
Bai, egoera arraroa da eta egun zailak, egun txarrak, mugituak... izaten ari dira. Gertatzen ari den guztia ez da batere ona pilotarendako; ea poliki guztiak buelta ematen duen eta guztia bere onera etortzen den. 

Zer sentitu zenuen larunbatean, hutsik zegoen Bizkaia pilotalekuan? 
Guri esan ziguten Bilbora joan beharra genuela. Egia esan, guztia oso surrealista zen. Ez dakit nola azaldu. Inork ez genuen pentsatzen halako egoera batera iritsiko ginenik.Beste enpresan, Baikon, ez dira ulertu, ez dira gauzak ongi egiten ari eta egoera honetara iritsi gara. Pena da, larunbatean frontoian eman genuen itxura ez baita ona pilotarendako, eta horri buelta eman beharra dago. 

Aspeko pilotariek elkartasuna adierazi diezue Baikoko grebalariei eta adierazi duzue zuek ez dituzuela Baikoko jaialdiak osatuko. 
Beraiek greba egitera iritsi dira, ez dira momentu onak, eta guk, Aspeko pilotariek, Baikok antolatzen dituen jaialdietan parte ez hartzea erabaki genuen, ez zaigulako justua iruditzen. Azken batean, beraien pilotariekin jaialdi bat aurrera ateratzeko gai ez badira, zerbait gaizki egiten ari direnaren seinale da.

Egoera gehiago korapilatzeko, Julen Martijak positiboa eman zuen koronabirusean. Badirudi urte hau madarikatua dagoela, alde guztietatik. 
Bai, hala ematen du. Pasatzen ari dena gutxi ez, eta beste kolpe bat. Kolperik handiena Julenendako izan da. Orain lasaiago dago, baina ez ditu egun onak pasa. Bere lehenengo finala jokatzeko aukera, eta final hori arriskuan egotea kolpe latza da. Orain baikor dago, baina egun gogorrak izan dira. Esaten da txar guztiaren ondoren zerbait ona datorrela, eta ea finala ekartzeko gai garen. 

Julenek bigarren PCR proba gainditu beharko luke igandeko finalean egoteko. Okerrenean jarrita, hala ez balitz, bere ordez Zabaleta aritu beharko litzateke. Jose Jabierrek berak esana du finala Martijarena dela eta Julenek jokatu beharko lukeela. 
Ez dut balizko egoera horretan jarri ere egin nahi. Julenek ezingo duela jokatu ez dut pentsatu ere egin nahi. Enpresak badaki zer pentsatzen dudan; nik esan diet halako egoera ematen bada, finala aste bat atzeratu beharko litzatekeela finala Julenek jokatu ahal izateko. Justuena iruditzen zait. Esaten dute ezin dela. Aurreneko txapela Zabaletarekin atera nuen; dagoen atzelaririk hoberenetakoa da, eta alde horretatik ez dago inolako aitzakiarik, baina nik uste dut Julenek partida hau jokatzea merezi duela eta Julenek jokatu beharra duela. Finala Julenekin jokatzea, hori da buruan dudan bakarra. 

Gertatzen ari den guztiaren aurrean Binakako finala bera bigarren maila batera pasa da. Finalerako zure prestakuntzan burubelarri zabiltza edo zaila egiten ari zaizu?
Zaila izaten ari da. Entrenatzen ari naiz eta entrenamendu onak egin ditut, baina gero burua finalean zentratuta izatea ezinezkoa ari da izaten. Azkeneko egun hauetan finala hor dagoela eta igandekoa egun polita izan daitekeela barneratu nahiko nuke. Hori pentsatu beharra dugu eta burubelarri kontzentratuta egon. Ez da erraza baina lortu beharra dugu, finala lehiatzea nahi badugu. 

Orain bi aste, Olaizola eta Urrutikoetxearen kontra, kosta egin zitzaizuen partidan sartzea eta eurak gailendu ziren. Esan zenuen partida horretatik gauza asko hobetzeko zenituztela eta erasokor jokatu eta zuek iniziatiba izatea, hori dela gakoa, eta hori lortzera joan behar zaretela. 
Gurea oso ongi egin beharra dugu. Eibarren, Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontra, ez nintzen eroso sentitu. Galtzen hasi ginenean burua pixka bat joan zitzaidan, ez nuen konfiantzarik, eta tiraka jokatu genuen, deseroso. Finalean burugogorrak izan beharra dugu. Nik jokoan sartu beharra daukat, erritmoa ezartzen dudala sentitu, horrela jokatzean mina egiten dudala nabaritu. Ea kantxara erasokor ateratzen garen eta erasokor jokatzen dugun. Nik uste dut hori dela txapela lortzeko bidea. 

Nola ikusten dituzu Olaizola eta Urrutikoetxea? Badirudi Baikoko aferak jokoan ez diela eragiten.
Beraien lana oso ongi egiten ari dira. Beraien aurkako partidan gu buruz ez ginen sendo egon, eta badirudi kantxatik kanpo gertatzen ari diren gauza guztiek beraiei ez diela eragiten. Dena kanpoan uzten dute, eta partidan kontzentratzeko gai dira. Eta hori da guk lortu behar duguna, bestela, badakigu ez dugula ezer egitekorik. Esatea erraza da, egitea zaila, baina itxaropena badut eta ea lortzen dugun. 

Eibarko partida horretan lehendabiziko aldietako bat izan zen frontoian norbaitek sakea egiterakoan halako txistuak entzuten zirela. Hori ere deserosoa izango zen, ezta?
Bai. Aimarrek ondoren esan zuen ongi egin ziola, txistuak ongi etorri zitzaizkiola motibatzeko, baina nik uste dut frontoian txistuak entzutea ez dela seinale ona. Gauzak ongi doazenean ez dira entzuten. Bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu, bere izateko era eta pentsatzeko modua du eta guztiek ere ezin dugu berdin pentsatu, baina tristea da frontoian txistuak entzutea. 

Epaileak igandeko finala bertan behera utzi eta Agirreren eta Albisuren kontrako finalerdia jokatu behar duzuela erabakiko balu, nola hartuko zenuke?
Ongi. Berriz ere prestakuntza aldatu beharko genuke, baina ongi. Niri pena ematen didate Agirrek eta Albisuk. Final batean egoteko borrokatzeko aukera latza zuten, eta normal ikusten dut beraiek ere aukera hori galdu nahi ez izatea. Ulertzen diet, eta nik ere esan nuen, finalera horrela pasatzea baino, nahiago nuela finalerdia jokatzeko aukera izatea, nahiz eta galtzeko arriskua izan. Ea epaileak zein erabaki hartzen duen eta zein egoera sortzen den. 

Epaileak Baikoko grebalarien eskakizunak ez baditu kontuan hartzen eta igandean finala jokatzen bada, eta Julenek jokatzeko aukera badu, irabaziz gero txapel horrek zapore ezberdina izango luke?
Azkenean txapela, txapela da. Finala jokatzen bada, guk irabaztea nahi dugu. Zalantzarik gabe. Hemendik 10 urtera jendeak ez du gogoratuko nola edo zer gertatu zen. Eta gertatzen ari den guztian guk ez dugu inolako errurik. Begira, pilotan jokatzen jarraitu ahal izateko gure enpresarekin atzera ere akordio batera iristen ari gara oraintxe bertan. Bestetik, txapela halako egoeran lortzeak meritua ere badu, ezta? Aste zailak izaten ari dira, gogorra izaten ari da, bereziki buruarendako, eta egoera honetan zentratua jokatzea eta maila ona ematea zaila da. Beraz, egoera honetan txapelak jantziko bagenitu bere meritua izanen luke. 

Jokatuz gero, igandekoa pandemiaren ondotik lehendabiziko txapelketa baten final handia izango litzateke. Normalean finalak festa handia izaten dira, baina hau ezberdina izango da, 600 ikusleren muga baitago.
Bai, baina nondik gatozen, non gauden eta gauza nola dagoen, kontziente izan behar dugu. Gaur egun, ikusleekin jokatzen ari garen kirol bakarrenetako bat gara, eta hori oso garrantzitsua da, baloratu beharra dago. Etorriko dira garai hobeak. Gauden egoeran ez da gutxi zaleen aurrean jokatu ahal izatea; ea poliki berriz argia ikusten hasten garen, eta berriro aurreko final haiek jokatzeko moduan jartzen garen. 

Final ondorengo ospakizunez ere galdetuko genuke ohiko egoera batean, baina aurten egoera ez dago ospakizun handietarako.
Hala da. Azkenean ezin da ospatu, eta pena da, zure jendearekin elkartu eta txapelketa ospatzea oso polita baita. Aurten ezin da eta beste modu batera disfrutatu beharko dugu, beti ere finala irabazten badugu eta disfrutatzeko moduan bagara. Bueltan, bidean senitartekoekin eta gertukoekin akaso nonbaiten geldituko ginateke afaltzera, baina, egia esan, ez dakit.