Popularren senatari nafarrak "EITB erakunde publikoak Altsasuko zigortuak telesail batean biktima gisa aurkezteko duen asmoa” salatu du. Eta gogorarazi du "biktima gisa aurkeztea aurreikusten diren gazteek bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso zietela”. Nafarroako PPko senatariak azpimarratu du telesail horren enkargua bat datorrela EiTBk Altsasuko auziari buruz izan duen ildo editorialarekin. "Urteak daramatzate kriminal horiek zuritzen, terrorismoagatik kondenatuak izan direnak zuritzen, Barruko leihoak bezalako dokumentalen bidez, eta presoen inguruan, edota Estatuko erakundeei eraso eginez”, argudiatu du. Salanuevak gaineratu duenez, "nafarrek ez dute merezi propaganda nazionalistari eutsi behar izatea”.
Salanuevak gaztigatu duenez, ETB Nafarroan "PSN abertzaletasunarekin bat eginda dagoelako” emititzen da. Seinalea hartzeko akordioa aldiro berritu behar izaten dute Euskadiko eta Nafarroako gobernuek. Hitzarmena berriki Senatutik pasa da eta haren aurka egin zuen PPk. Salanuevak oraingoan hitzarmena bertan behera uztearen alde egin du.