Urteetan izan den "utzikeriaren eta planifikazio faltaren” ondorioz, Nafarroako suhiltzaileen egoera "kaotikoa” dela azaldu dute suhiltzaileen eta babes zibileko langileen sindikatuek. Hortaz, gutxienekora iristeko garilean 68 eta agorrilean 105 suhiltzaile gehiago behar zirela salatu dute CCOO, ELA eta UGT sindikatuek. Egoerari aurre egiteko administrazioak aparteko orduak egitera derrigortzen ditu langileak, sindikatuen iritziz, "zerbitzuan eta langileen seguritatean eragiten duen "konponbide faltsua”. Altsasun udan hamalau suhiltzaile behar zirela azaldu dute.
Suhiltzaileen eta babes zibileko langileen batzordeak sektore mahai bat eratzea eskatu zuen langileriaren falta eta zerbitzuko zenbait arazo konpontzeko. Besteak beste, ibilgailuen zaharkitzea, parkeetako instalazio zaharkituak, suhiltzaileen lanaren hierarkia, anbulantzian darabiltzaten suhiltzaileen lege segurtasun falta, oposizioak egin bitarteko tartean zer egin landu nahi zuten. "Baina mahai honetan ez ziren arazo hauek landu, are gehiago, ez ziren lehentasunezko konponbideak bilatu”. Ibilgailuen eta parkeen instalazioen zaharberritzea, esaterako, aurrerago lantzeko gelditu direla salatu dute sindikatuek. "Pertsonalaren faltari aurre egiteko proposatu duen konponbide bakarra aparteko orduak egiteko prest dauden suhiltzaileen zerrendak osatzea izan da”.
CCOO, ELA eta UGT sindikatuek zabaldu duten oharrean, suhiltzaileek eta babes zibileko langileek pairatzen duten egoera kaleratu nahi dute. Gainera, herritarren babeserako zerbitzu bat denez, ez dute nahi suhiltzaileen zerbitzua aparteko orduetan oinarritutako zerbitzu bat izatea. "Kalitatezko lana” sustatzea ezinbestekoa dela esan dute. Beraz, zuzendaritza orokorrari "benetako” prozesu bat martxan jartzea eskatzen diote. "Benetako eta egonkortutako konponbidea eskaintzen duena”.
Urte hasieran sustraitzaileen oposizioak egin ziren eta 38 suhiltzaile berri izendatu zituzten, baina "zuzendaritzak bakarrik dakizkien arrazoiengatik” suhiltzaile horiek "aparkatuta” dituzte. Bitartean, sindikatuek salatu dutenez, suhiltzaileen parkeak gutxieneko langileria osatu gabe lan egiten dute eta, gainera, zenbait suhiltzaile "plaza ez duten” parkeetara joan behar dute "eta bertako instalazioak, tresnak, protokoloak eta kideak ezagutu behar dituzte, lan dinamika apurtuz”. Egoera "kaotikoak” suhiltzaileei aparteko orduak egitera derrigortzen diete, sindikatuek "onartu ezin duten” egoera.