Pandemia garaiko Arte Azoka

Guaixe 2020ko urr. 19a, 12:27

Sakanako artisten erakuslehioa den erakusketa antolatzen du duela bederatzi urte Artebide elkarteak Altsasuko ferietarako. Aurten feriarik gabeko azoka izan da. Erakusketa urriaren 31ra arte izanen da, Iortia kultur guneko erakusketa aretoan

Duela bederatzi urte Artebide elkarteak Sakanako artisten erakusketa kolektiboa egitea pentsatu zuen. Ibarreko artistek haien lanak erakusteko modua izanen zuten. Altsasuko feriak aukeratu zituzten erakusketa egiteko, eta hauek zirela baliatuz, artelanekin azoka bat egin zezaketen ere. Horrela sortu zen Altsasuko Arte Azoka. Aurtengoa berezia izanen da ez direlako Altsasuko feriak ospatu, eta, beraz, "jende gutxiago" espero zuten, gehien bat, igandean, egun handia izango zenean. "Gu bertan egongo gara, azoka modukoa egingo dugu". Helena Santano altsasuarra Artebide elkarteko kidea da eta urtero Arte Azokan parte hartzen du. Erakusketa urriaren 9an mustu zuten eta urriaren 31ra arte egonen da zabalik. Nafarroako Gobernuaren neurriak kontuan hartuz, aretoaren edukiera %30ekoa da.

Kolektibotasunak erakusketa urtero desberdina izatea eragiten du eta, urtero bezala, arte diziplina gehienak bildu dituzte Iortia kultur gunean: "Aurten argazkilaritza faltan bota dugu". Bestela, margoak, arte instalazioak, eskulturak eta ikusentzunezkoak daude ikusgai Altsasuko Arte Azokan. Iaz lehenengo aldiz gai bat jarri zioten erakusketari, Altsasuko Auzia, baina aurten artista bakoitzak nahi izan duen gaia landu du. Badira azokarako propio artelanak sortzen dituztenak, baita aurretik egindako lanak erakusten dituztenak ere.

“Koronabirusak eragin dit eta nire kasuan gai horrekin zerbait sortu dut”. Santanok bideo instalazio bat egin du. Zerk babesten zaitu? Lanarekin beldurraren inguruko hausnarketa egin du. Besteak beste, Manolita Thunders edo Josetxo Crespo artistek ere COVID-19 birusaren inguruko “zerbait” egin dute. Hortaz, Manolitak “sendotzearen eta kutsatzearen” inguruko hausnarketa bultzatu du bere artelanarekin, eta Crespok COVID-19 birusaren antza duen pieza bat sortu du, “ez dakit bere asmoa hori zen edo ez”. Bestela, pandemiaren eragina ez da oso nabarmena izan erakusketan.

Artistak
Aurtengo Arte Azokan Sakanako 20 artistek parte hartu dute: Sagri Mauleon, Maite de Miguel, Maider Percaz, Jokin Kale, Helena Santano, Argine Berastegi, Ana Goikoetxea, Rosa Arnanz, Patricia Paats, Manolita Thunders, Yolanda Mazkiaran, Jule Kosta, Angel Antonio Agirre, Joseba Salegi, Koldo Arnanz, Rivera Lauria, Chuffi, Susana Anguiano, Adela Sanchez, Arturo Arrizabalaga, Josetxo Crespo eta Txuspo Poyo. Gainera, Carmen de Ayora, Felix Ortega, Klaus Armbruster, Alfredo Murillo eta Patxi Aldunate, Jaime Roque eta Xabier Celestino Bartzelonako, Zaragozako, Iruñeko eta Euskal Autonomi Elkarteko artista gonbidatuen lanak ere erakusgai daude.

Erlazionatuak