Foruzaingoak autoen elkarretaratzea desegin zuen

Guaixe 2020ko urr. 21a, 12:40

Ameskoako 22 urteko gizonezko bat atxilotu du, atentatua, kalteak eta ausarkeriaz gidatzea egotzita.

Hainbat auto gidari Gasteizko Gamarra auzoko janari azkarreko establezimendu batean elkartu ziren ostiral gauean. Handik Buesa Arenako aparkalekura jo zuten. Elkarren berri izan ondoren, gauerdiarekin batera ibilbide bati ekin zioten auto gidariek. Urbasako portua zen aurreneko pasa tokia. Foruzaingoak autoen elkarretaratze horren berri izan zuen eta Arabatik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik 40 bat ibilgailu joan zitezkeela jakin zuen. Horregatik, Lizarrako, Altsasuko eta Iruñeko patruilek (Bide Segurtasuna eta Automobilaren Delinkuentzia) parte hartu zuten prestatutako polizia-dispositiboan.

Urbasako portuan prebentzio kontrola jarri zuten eta iritsi ziren lehen ibilgailuei eta gidariei hainbat arau-hauste antzeman zizkieten foruzainek, eta salatuak izan zituzten (alkoholemiak, drogetan positibo ematea, zabarkeriazko gidatzeak, ibilgailuetan homologatu gabeko aldaketak eta maskara ez eramatea, batez ere elkarrekin bizi ez ziren pertsonak izanik).

Autoetako batek, polizia ikusi zuenean, ihes egiteko maniobra bat egin zuen baso-pista batetik kontroletik ihes egiteko, eta ausarkeriaz gidatu zuen. Zudairin, beste kontrol bat ezarri zuten foruzainek, eta auto batek polizia-ibilgailu bat jo zuen eta Lizarrako patruilariak harrapatzeko zorian egon zen. Ondorengo ikerketek Bakedanon atxilotzea ahalbidetu zuten. Agenteen aurkako atentatua, polizia-ibilgailuan kalteak eragitea eta ausarkeriaz gidatzea egotzi diote. Kasua Lizarrako Polizia Judizialeko Taldeak eta Iparraldeko Polizia Judizialeko Brigadak bideratu dute.