Txirrindularitza

'La Vuelta' etxetik ikusteko deia

Guaixe 2020ko urr. 21a, 13:42

Duela sei urte zaleen babesa izan bazuten ere, aurten txirrindulariek ez dute halakorik izanen Aralarren.

COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, Nafarroako Gobernuak eta lasterketako antolatzaileek herritarrei ez mugitzeko eskatu diete, eta lehiaketa telebistaz ikusteko deia luzatu ere.

Espainiako txirrindulari itzulia gaur hasiko da Irun eta Arrate arteko 173 km-ko etaparekin. Irteera puntuan, tropela osatzen Imanol Erbiti (Movistar) eta Gorka Izagirre (Astana) txirrindulari sakandarrak izanen dira. Bihar eta etzi Nafarroatik pasako da tropela. Baina bakarrik eginen du eta ez du zaleen berotsunik izanen bide bazterrean. Izan ere, Nafarroako Gobernuak eta lasterketaren antolakuntzak txirrindularitza zale nafarrei eskatu diete ibilbidera ez joateko eta etapak telebistaz ikusteko. Horretarako arrazoia da Nafarroak bizi duen eta COVID-19k sortu duen pandemiaren egungo egoera dela eta.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak gomendatu du jendea ibilbidera sartzen ez uztea, batez ere hiriguneetan eta portuetan, Vueltako sentsibilizazio kanpainaren ildotik, “Aurten etxean gera zaitez”. Bestalde, foru administrazioak bere egin du itzuliaren leloa, zaleei zuzendua: “etxean bizi Vuelta”, eta antolatzaileek lasterketa telebistaz jarraitzeko gomendatu diete zaleei.

Lasterketako antolakuntzatik adieraz dutenez, “aurten mesede bat eskatu behar dizugu. Inoiz eskatu nahi izan ez genizun mesede bat. Aurten eskatu behar dizugu ez etortzeko gu ikustera. Txirrindularitza benetan gustatzen bazaizu, gera zaitez etxean”. Gomendio horrekin batera, txirrindulari proba etxetik jarraitzeko eskaera egin dute. 

Foruzaingoak dispositibo berezia prestatu du etapa bakoitzerako, eta Guardia Zibilarekin koordinatuta jardungo du, korrikalarien segurtasuna eta trafikoaren arintasuna bermatzeko, ibilbidean zehar.