Koronabirusa Sakanan

Gauerdian mugatuko dira Nafarroako sarrera-irteerak

Guaixe 2020ko urr. 21a, 20:40

Santos Indurain osasun kontseilaria prentsaurrekoan azalpenak ematen.

Nafarroako Gobernuak COVID-19 gaitzaren hedapena geldiarazteko ezarri dituen neurri berriak osteguneko 00:00etan indarrean sartuko dira, eta bi astez indarrean egonen dira.

Santos Indurain osasun kontseilariak sinatutako lastailaren 21eko 57/2020 Foru Aginduak, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiari aurre egiteko neurri berriak ekarriko ditu. Osasun kontseilariak gaztigatu duenez, “gaur egun ikusten da agerraldi aktiboen %85 gertatzen direla familiaren eta gizartearen esparruetan eta esparru mistoetan, inplikaturiko 2.637 pertsonen %68 hartuz. Horrek justifikatu egiten du eremu pribatu eta publiko guztietan neurri murriztaileagoak hartzea”. Neurriak hartzeko, bestalde, gaineratu du Nafarroa dela intzidentzia-tasa metatu handiena duen autonomia-erkidegoa 14 egunetara (1.002,73 kasu 100.000 biztanleko) eta 7 egunetara (543 kasu 100.000 biztanleko), “eta goranzko joera du aurreko astearekin alderatuta”.

Foru aginduak jaso duenez, ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak, bingoak eta jolas-aretoak erabat ixtea; saltokiak eta zerbitzu- eta aisialdi-guneak 21:00etara aurreratzea itxiera. Bestalde, eremu publiko eta pribatuko bilerak 6 pertsonak baino ez ditzakete egin, bizikideek izan ezik. Horretaz aparte, Iruñerriko garraio publikoa % 50era murriztea eta hilerrien edukiera azaroaren 1eko jaieguna dela eta mugatzea xedatzen da.

Prebentzio-neurri horietako batzuk, merkataritza-establezimendu eta -lokalen edukierari, gurtzarako lekuei, arautu gabeko irakaskuntzari edo kirol-instalazioei buruzkoak, indarrean zeuden jada lastailaren 11n onartutako Foru Agindua onartu ondoren.

Berrikuntza nagusiak
Aparteko neurri berriei dagokienez, mugikortasun-mugaren salbuespenak honako hauek dira: irakaskuntza arautuak ematen dituzten zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioetara eta ikastetxeetara joatea, unibertsitatekoak barne; ohiko bizilekura itzultzea; adineko pertsonei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, ezgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea; ezinbesteko arrazoiak edo beharrizan-egoera; antzeko izaera duen beste edozein; Nafarroa zeharkatzen duten ibilgailuek zirkulatu ahal izango dute, baldin eta Foru Erkidegotik kanpo jatorria eta helmuga badute; Kirol-arloan, Foru Komunitateko lurraldean sartu eta bertatik irten ahal izanen dira lehiaketa profesionaletan parte hartzen duten taldeak (kirolariak eta teknikariak), bai eta lehen eta bigarren kirol-mailakoak diren izaera ez-profesionaleko estatu-mailako lehiaketak ere. Kategoria absolutuko Espainiako txapelketetan edo nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten banakako modalitateetako kirolariei ere ez zaie muga hori ezarriko, baldin eta kategoria altukoak badira.

Garraioari dagokionez, Iruñerriko ibilgailuen okupazioa % 50era murriztu da ordu-tarte guztietan, eta neurri bereziak ezarri dira ibilgailuak aireztatzeko, gel hidroalkoholikozko banagailuak eskaintzeko eta erabiltzaileei prebentzio-neurriak gogorarazteko. Hiriarteko garraioari dagokionez, eskatuko da autobusetan gel hidroalkoholikoa egotea sarreran zein irteeran, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean. Neurri horiek ezin zaizkio aplikatu eskola-garraioari, bere arauketa propioaren arabera arautuko baita.

Orain arte indarrean zegoen edukiera-mugari eusten diote neurriek, baina, nolanahi ere, 21:00etarainoko gehieneko ordutegia ezartzen dute honako establezimendu hauek irekitzeko: jarduera bide publikoan egiten duten merkatuak; akademiak, autoeskolak eta arautu gabeko ikastetxeak; liburutegiak; kirol-jarduerak eta -instalazioak, igerilekuak barne; aire zabaleko parkeak eta kirol-guneak; monumentuak, museoak eta erakusketa-aretoak; zinemak, antzokiak, auditorioak eta antzekoak.

Eremu publiko eta pribatuko bilerei dagokienez, edozein talde edo bileratan gehienez 6 pertsonak parte hartuko dute espazio publiko eta pribatuetan, bizikideen kasuan izan ezik. Hala ere, eremu pribatuan, komeni da elkartu daitezkeen pertsonak bizikidetza-unitatera mugatzea, hau da, etxe berean bizi diren pertsonak, zaintzaileak eta/edo laguntzaileak barne.

Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduei dagokienez, itxieratik kanpo geratzen dira ostatuetako otordu-zerbitzuko ostatu-jantokiak, osasun-neurriei eutsita eta gehienez ere 6 pertsonako mugarekin. 21:00etara arte, ogia eta/edo kafea eman ahal izanen da etxera eramateko, bai eta otorduak zerbitzatu eta jaso ere. Debekutik kanpo geratzen dira, halaber, osasun-zentroetako, eskola-jantokietako eta izaera sozialeko jatetxeak.

Hilerrietan, Domu Santu Egunean, espazio libreko 3 metro koadroko pertsona batendako lekua egon behar du. Iruñean, berriz, 2.000 lagunentzako lekua.

Ehorzketa eta beilatokietan pertsonak kontzentratzeko murrizketek bere horretan jarraitzen dute: 25 pertsona espazio irekietan eta 10 leku itxietan. Halaber, segizioek 25 laguneko muga mantentzen dute.

Kirol-lehiaketa eta -ekitaldiei dagokienez: irekitzeko eta/edo jarduera egiteko gehieneko ordutegia 21:00ak arte izanen da, kirol profesionala izan ezik. Hala ere, lehen eta bigarren kirol-mailakoak diren lehiaketa profesionaletan parte hartzen duten taldeek, bai eta estatu-mailako lehiaketa ofizialetan eta ez-profesionaletan parte hartzen dutenek ere, 21:00etatik aurrera erabili ahal izanen dituzte kirol-instalazioak, baldin eta instalazioaren titularrak horretarako baimena ematen badu, eta lehiaketak egiteko baino ez, entrenamenduak egitea alde batera utzita.

Jolas-erabilerako igerilekuetan edukiera % 30ean mantentzen da, eta instalazioetan aldagelak erabil daitezke, baina ez dutxak.

Kongresuak, topaketak, negozio-bilerak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak ez dira aurrez aurre eginen.

Araudi berriaren beste berritasun bat ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dituzten establezimenduen jarduerak etetea da.


“Gizarte-harremanak murriztea”
 Indurainek azpimarratu duenez, “neurri gogor” horiek oinarri sanitarioa eta filosofia orokorra dute: “beharrezkoa da gizarte harremana eta mugikortasuna gutxienekora murriztea, birusaren transmisioa eteteko. Bihar indarrean sartuko diren sektore-, edukiera-, ordutegi- eta abar-murrizketa guztiak helburu horretan oinarritzen dira, eta, halaber, hilabete hauetako esperientziaren ondorioz, birus horrek nola jokatzen duen eta nola kutsatzen den egiaztatzean oinarritzen dira, Osasun Publikoko azterlanen arabera”.

Santosen ustez, horien helburu markoa da “biztanleriaren jarduera, pare bat astez, subjektuari eta oinarrizkoa eta ezinbestekoa denari dagokionez bizikidetza egonkorreko taldeetara mugatzea, hau da, funtsezko eremuetara (lana, hezkuntza, ariketa fisikoa edo elikadura)”. 

Eta hori guztia, -gogorarazi du-, 14 egunez, “garrantzitsua baita azpimarratzea pakete hau denbora-tarte jakin batera mugatuta dagoela, eta atzeratu daitekeen guztia atzeratzen dela, eta ez dela beharrezkoa birusaren eraginpean egotea; izan ere, birusaren zirkulazioa handia da, eta are gehiago aldaketa meteorologiko horrekin”. Gaineratu duenez, Nafarroako Osasun Publiko eta Laboraleko Institutuak ohartarazi du estazio-aldaketaren eraginaz barne-espazioak gehiago erabiltzera bulkatzen gaitu”.

Foru Araua beteko dela ziurtatzeko, egunero herrialdeko mugak zaintzen Foruzaingoaren, Guardia Civilaren, Policia Nacionalaren eta udaltzaingoen 300 agente baino gehiago egonen dira lanean. Ertzaintzarekin ere koordinatuko dira.