Txirrindularitza

Arrietaren marka etxeko etapan

Guaixe 2020ko urr. 22a, 10:31
Movistarrek Urbasan hartu zuen tropelaren aginte makila.

Uhartearrak zuzentzen duen Movistar taldeak etxean irabazi zuen.

Iruñea eta Lekunberri Sakanan barna lotu zituen Espainiako Vueltako bigarren etapak. Jose Luis Arrieta uhartearra zuzentzen duen Moviestarrek ederki ezagutzen duen parajeetan barna ibili zen tropela atzo. Taldeak Urbasan bizitu zuen erritmoa eta tropela bakantzen hasi zen. Mendia jaisterako txirrindulariak hiru taldetan banatuta zeuden. Ihesean zegoen boskoteari Movistarrek tiratutako onenen taldeak pedalkada bakoitzean denbora jan zien eta Aralarko igoerarako onenak ziren lasterketa buruan. Imanol Erbitik gogoz lan egin zuen Sakanan barna. 

Mendian gora ere Arrietaren mutilek aurreneko postuetan erritmo bizia jarri zuten. Carapazek hanka egiteko saiaketara egin zuen baina Movistarrekoek ongi lotu zuten. Hala ere, eraso horrek bakandua sortu zuen onenen taldean. Aralarko gainetik faborito guztiak batera pasa ziren. Eta guardetxera iritsi aurretik mendi gainean 100 bat metro galdu zituen Movistarreko Marc Solerrek guztiak aurreratu eta Lekunberriraino bera bakarrik iritsi zen, Arrietaren taldeari garaipena emanez. Onenen taldea Primoz Roglic (Jumbo) liderra buru zutela 19 segundora sartu zen. Gorka Izagirre Insausti 19. sartu zen helmugan minutu eta segundo batera eta taldekideendako gogor lan egin zuen Imanol Erbiti, berriz, 47. postuan helmugaratu zen 10:47ra.

Liderrak gainsariak lortu zituen Lekunberrin eta bigarren den Daniel Martin orain 9 segundura du sailkapenean. Hirugarrena Richard Carapaz da, 11 segundura. Sakandarrei dagokienez, Izagirre,  14. da 1:49ra eta Erbiti 41. 18:04ra. 

Gaur 3. etapa jokatuko da Lodosa eta La Laguna Negra artean jokatuko da. 166 km-ko ibilbidean tropelak 79. km-an 3. mailako gain bat pasa beharko dute eta etapa lehen mailako portuan bukatuko da.