Irurtzun eta Altsasu etxebizitza hutsak detektatzeko planaren barruan

Guaixe 2020ko urr. 26a, 10:14

Irurtzungo ikuspegia.

Nafarroako Gobernuarena da plana, eta bigarren fasean sartu dira ibarreko bi herriak. Jenderik gabeko higiezinen errolda egiteko helburua du planak.

Aitor Larraza Carrera eta Javier Ollo Martinez, Irurtzungo eta Altsasuko alkateak, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko kontseilari eta bigarren lehendakariorde Jose Maria Aierdi Fernandez de Barrenarekin bilera izan zuten joan den asteartean. Azken horrek foru administrazioak etxebizitzaren eta hiri-birgaitzearen arloan duen politikaren berri eman die alkateei. Eta, aldi berean, jakinarazi die etxebizitza hutsen errolda sortzeko Foru Gobernuaren plan pilotuaren bigarren fasean sartu dituztela, beste 31 herrirekin batera. 

Irurtzunen eta Altsasun hutsik egon daitezkeen etxebizitzen zerrenda egina du departamentuak eta haien jabeei aurki gutuna bidaliko die. Idatzi horren bidez jabeei jakinaraziko zaie Nafarroako Gobernuak etxebizitza horien alokairua sustatzeko bere esku jartzen dituen neurriak eta pizgarriak zein diren. Helburua litzateke jabeek beraien etxebizitza huts horiek Nasuvinsa enpresa publikoaren alokairu-poltsan sartzea.

Nasuvinsa sozietate publikoak Zure pisu hutsa gure etxea izan daiteke proiektua kudeatzen du. Haren bidez etxebizitzen alokairua berme guztiekin eginen dela bermatzen du. Programa horrek etxea alokatzeko ematen duen jabeari ziurtatzen dio errenta garaiz kobratuko duela, eta komunitateko gastuak ordainduko direla. Programak, gainera, honako onurak eskaintzen dio etxejabeari:kontratua sinatzerakoan 1.500 euroko dirulaguntza, kontratua bukatu ondoren pisua egoera ezin hobean itzultzen dio, %40ko desgrabazio fiskala eta eraberritze-lanak beharrezkoak balira, haiek egiteko finantzazioa %0ko interesekin.

Aierdik azaldu duenez, “kontraesana da Nafarroan alokairuko etxebizitzen milaka eskatzaile egotea eta, aldi berean, etxebizitza huts ugari egotea, eta horien jabeek, hainbat zirkunstantziagatik, uko egitea behar sozial horren mende jartzeari”. Aierdik defendatu duenez, “agerikoa da, tokiko erakundeekin eta mankomunitateekin lankidetzan, etxebizitza horiek detektatzera eta alokairu-eskariaren zerbitzura jartzen saiatzera behartuta gaudela”. Aierdik azaldu duenez, bi helburu lortu nahi dituzte: “alokairu erregimeneko etxebizitza eskuragarrien eskari larriari erantzutea eta hirigintza trinkoagoa eta iraunkorragoa bultzatzea", azaldu du. 

Etxebizitza hutsa
Nafarroako Gobernuaren ustez etxebizitza batean ez da inor bizi “ez bada bizitoki gisa benetan erabiltzen elkarren segidako sei hilabetez, hala egindako azken egunetik urtebeteko epean”. Ez dira hutsik dauden etxebizitzatzat hartuko bigarren etxebizitzak, alokairu bidez aldi baterako etxebizitza gisa erabiltzen direnak, ezta Foru Erkidegotik kanpo daudenak ere.

Bilera-sorta
Udal arduradunek eta Aierdik bestelako gaiak lantzeko ere elkartuko dira heldu diren hilabeteetan: eraikinak birgaitzeko eta hiri-berroneratzeko plana, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren barruan dagoena, eta Nafarroako Lurralde Estrategiaren berrikuspena, hiri-jasangarritasunaren printzipioak sartzeko, batez ere, hirigintzako planteamenduei eragiten diena.