ATOPIA, unibertso baterako gonbidapena

Alfredo Alvaro Igoa 2020ko urr. 29a, 14:33
Etzi Portu Maritimoa taldeko kideek sortu dute ATOPIArpg rol-jokoa. Argazkiak: utzitakoak.

Durangoko Azokaren estreinako Sormen Bekaren fruitu izan zen ATOPIArpg rol-jokoa, euskarazko aurrenekoa. Joan zen urtean aurkeztu zuten azokan. Sortzaileen artean altsasuar bat dago eta hark eman ditu rol-jokoari buruzko azalpenak. 

Lastailaren erdialdean, duela bi urte, Etzi Portu Maritimoa taldea elkartu eta “harri bat ibilian jarri” zuen: ATOPIArpg (Roll Playing Game). Haien egitasmoa euskaraz sortutako rol-jokoa sortzea zen eta proiektua Durangoko Azokaren Sormen Beka deialdira aurkeztu zuten. Azokak halako deialdi bat egiten zuen estreinako aldia zen, eta Etzi Portu Maritimoa taldeak eskuratu zuen. 2018an jaso zuten beka eta urte bat geroago, 2019an, Durangoko Azokan aurkeztu zuten ATOPIArpg. 

Rol-jokoaren sortzaileen taldean dago Galder Gonzalez Larrañaga. Rol-jokoak Durangoko azokan “harrera nahikoa ona” izan zuela azaldu du. “666 ale atera genituen eta, egia esan, salmenta nahiko ongi joan zen. Uste dut dirurik ez dugula galdu. Eta hori garrantzitsua da. Beka eman zigutenean egin genuen lehenengo gauza Twitter kontua sortzea izan zen. Eta, egia esan, hor bizitza handia dago. Jarraitzen dugu tontakeriak esaten, parte hartzen eta abar”. 

Rol-jokoak www.atopia.eus web orria du eta haren bidez eros daiteke oinarri den liburua. Webgunearen bidez izena eman eta jolasteko aukera ere badago. Konfinamendua dela eta Etzi Portu Maritimokoek liburuaren PDF artxiboa liberatu zuen, jendeak irakur eta joka zezan. 

Zer da roll joko bat? 
Gonzalezek lehenik eta behin argi utzi nahi izan digu: “ez da 3Dko grafiko ikusgarriak dituen bideo-joko bat. Ez da tablero baten gainean jokatzen den mahai-jolasa. Kolaborazio historia bat da”. Eta adibidea eman du: “pentsatu antzezlan batean, idatzi gabea dagoena, eta jokalari guztien artean garatzen joan behar dutena. Normalean, zuzendari bat dago, master deitzen dena. Guk maizter jarri dugu”. 

Antzezlanetan zuzendaria, masterra, da historiaren nondik norakoa dakiena. “Baina jokalariak hori aldatzen joan daitezke. Eta beraien erabakiekin gauza desberdinak egin ditzakete. Normalean, masterraren lana da pixka bat bideratzea, baina jokalariek beste gauza bat nahi badute, bada, beste bat”. Gonzalezek gaineratu duenez, “funtsean bat-batekotasunean oinarrituta jokatzen da. Bakoitzak pertsonaia bat jokatzen du. Pertsonaia horrek ezaugarri batzuk ditu eta horien arabera, eta dadoen bidez, erabakitzen da egin nahi dituen gauzak egingarriak diren edo ez. Oso erraza den zerbait egin behar baduzu, normalki, ez duzu dadorik behar. Baina oso zaila den zerbait nahi baduzu, masterrak dado jaurtiketa eska dezake. Horren arabera erabakiko da egiten duzun edo ez”. Etzi Portu Maritimoa taldeko kideek azaldutakoa rol-jokoen oinarria da, “baina mota askotako rol jokoak daude”. 

ATOPIArpg  
Euskarazko rol-jokoaren abiapuntua gaur egungo Euskal Herria da. “Azpian dagoen hipotesia da bost fakzio existitzen direla. Fakzio bakoitzak bere interesak ditu eta haien arteko borroka betiereko bat dago. Fakzio horien interesen arabera gertatzen dira gauzak”. Irudikatutako fakzioen artean, alde batetik, Sistema (STMA) dago: “ordenaren zaintzailea, edo gauzak horrela dira eta ongi daude dauden bezala. Beraien kontra egonen litzateke Internazional Ikusezina; kaosaren maitaleak eta sistemaren kontrakoak, oro har”. 

Aipatutakoez aparte, Marxialistak fakzioa dago: “marxistak eta arte martzialetan adituak. Ikusten dutenaren arabera izan daitezke Sistema edo Ikusezinak, egin nahi dutenaren arabera. Horien antitesia litzateke Lur4a; konspiranoikoak eta dena hankaz gora jarri nahi duten inongo intuiziorik gabe. Eta beti dakite, azkenean, gauza sekretuak daudela, eta horiek aurkitzeko joera daukate”. Bosgarren fakzioa Agentzia da, “kazetariak, hackerrak eta abar dira. Informazioaren trapitxeroak deitzen ditugu. Informazioa saldu eta erosi dezakete, eta modu askotan joka dezakete, fakzio bat lagunduz, edo kontrako informazioa salduz, edo dena delakoa”. Sortzaileak laburbildu duenez, “horien arteko tirabirek osatzen dute jokoa. Azkenean, aitzakia bat dira mundu bat planteatzeko”. 

Jokatzera 
Jokaldirako elementuak eman dizkigu Gonzalezek: “Altsasun gaude, fakzio bakoitzeko jokalari bat dugu. Dokumentu zahar bat opatu dute esaten duena San Pedroko baseliza, benetan, Iturmendirena dela. Eta esaten dute: 'hau ezin da kaleratu'. Baina Agentziak filtratu du. Jokalariek abentura bat hasi dute, esaterako, hori sekula publikatu ez dadin Guaixen”. Argitalpen hori eragozteko astekariko ordenagailuak hackeatzea erabakiko balute, jokoko pertsonaien artean “ordenagailuak hackeatzeko gaitasuna” duen bakarren bat egon beharko luke. 

Ordenagailuen pasahitzaren arabera lan erraza edo korapilatsua izan daiteke eta “horren arabera maizterrak erabaki dezake zenbat dado bota behar dituen eta zein emaitza lortu behar duen”. Gonzalezek azaldu duenez, “jokatzeko sistema pokerraren antzekoa da: pareak, hirukoteak eta halakoak. Esaterako, atea itxita dago. Atea irekitzen saiatu beharrean (erraza) nik esaten badut pareta gurutzatuko dudala (zaila), dadoetan oso-oso emaitza onak lortu behar nituzke hori egiteko, nekez gerta daitekeelako”. Maizterra “abentura gidatzen saiatzen da, berak baitaki zein den 'egia', trama edo sinopsia”. 

ATOPIArp-n “guk abiapuntu bat idatzi dugu, eszena-toki batzuk eta akabera posible batzuk. Baina guk guztia ezin dugu aurreikusi”. Eta lehengo adibidera bueltatuz: “demagun jokalariek erabakitzen dutela, ez dakit, ordenagailuak hackeatu beharrean kiosko guztiak erretzea. Noski, guk hori ezin dugu aurreikusi. Beraz, maizterra horren gainean egon behar du, kontakizun berri bat eraikitzen. Baina garrantzitsua da ere jokalariek kontakizunean laguntzea. Ez da jokalariak maizterraren kontra. Guztiok batera da. Eta hori da daukan zailtasuna: guztion artean historia hori eraikitzea”. 

Normalki, fakzioek helburu desberdinak izan ditzakete. “Lehengo eszena-tokira bueltatuz, Agentziaren helburua izan daiteke publikatzea eta, demagun, Sistemarena ez publikatzearena dela, ordena mantentzearen alde. Jokalarien artean Agentziakoa den bat bera ez badago, helburua gelditzea izanen litzateke. Baina jokalariek esaten badute Internazional Ikusezina eta Agentzia direla, orduan da saiatzea hura publikatzen, baina agian trabak dituzte”. 

Gaineratu duenez, “liburuan partida batzuk eginak edo sortuak eskaini ditugu: trama batzuekin, pertsonaia batzuekin, pertsonaia horien indarra zein den eta horrelako gauzekin. Baina horiek gida batzuk dira. Guri gustatuko litzaiguke jendeak nahi duen bezala jokatzea. Eta beraien istorioak asmatu eta beraien arauak ezarri ere. Gaineratu duenez, “orokorrean, pare bat aldiz jokatzen baduzu, badakizu zein den dinamika”. 

Liburua
ATOPIArpg erosten duenak liburu bat eskuratuko du. “Hau berez, literatura lan bat da”. Liburuak lehenik unibertsoa azaltzen du: nolakoa den, fakzioak, lanbide arketipo batzuk (polizia edo eskultorea bazara egiteko edo aukera hauek dituzu). “Oinarrizko mekanika bat dauka: nola ebatzi jokaldi bat, jazarpen bat badago arau batzuk… Mekanikan ez dugu gehiegi sakondu. Eta gero partidak ditu: azkarrak eta luzeagoak. 10-12 partida inguru daude. Eskaintza desberdinekin eta fakzio desberdinendako pentsatuak. Gehienak akziozkoak dira. Baina egon daitezke gauzak aurkitu edo jokalariek dagoen misterioa argitu behar dutenak. Arrasto batzuk egon daitezke eta horietatik ondorio batera iritsi”. 

Sortzaileak azaldu duenez, “guk eskaintzen ditugun horiek nahikoa linealak izan daitezke. Hori aukera bat da. Jokalariak hortik badoaz, ongi. Badira beste batzuk abstraktuagoak direnak: eskema edo gertakari bat maizterrari baimentzen diona horren barruan istorio bat sortzeko”. Bestetik, malgutasunerako karta jokatzeko ere proposatu du. Esaterako, Bilbon garatzen den partida Iruñean kokatzea eta hiri bateko eraikinak bestekoekin ordezkatzea. “Hori bakoitzak bere herrira molda dezake”. Beraz, liburua oinarri, nork bere istorioak sor ditzake. 

Baina ez dute dena egina eman nahi izan jokalariek sor dezaten. “Ez da nobela bat. Gainera, badu zati bat, ehun pasa eleberriren lehen esaldi modukoak biltzen dituena. Hau da, egoera posible bat, gero baimentzen dizuna partida bat garatzea. Esaldi bakar batean zerbait gertatzen da eta, nahi baduzu, horren inguruan partida garatu dezakezu”.  

Gonzalezek azaldu duenez, ATOPIArpg “publiko orokorrari” zuzenduta dago. “Denetarik izan dugu, jende oso nagusia eta oso gaztea. Egia da daukan unibertsoagatik, agian, gazteek hobeto bat egin dutela. Gaur egun nerabe direnetatik 30 urte pasa dutenera arte, lagunekin jolasteko. Baina hori baino nagusiagoak direnek kultur erreferentzia batzuk gehiago ulertuko dituzte”. Izan ere, egile gehienak 30etik baino 40ko adin tartetik gertuago daude. “Maila desberdinetan goza daiteke: batzuk kultur erreferentziengatik, eta, besteak, roll jokoa lagunekin jokatzeko delako. Partida batean egon den gazteena 13 urte izanen zituen eta oso ongi pasa zuen. Baina egia da txisteetako batzuk ez zituela ulertu, bere belaunaldiari ihes egiten diote”.

Bitartean Etzi Portu Maritimoa taldekoak beraien partida propioan ari dira: “irudikatzen dirua izanen bagenu zein proiektu eginen genituzke. ATOPIArpg-ren bigarren parte bat edo zerbait. Zeren jokatzerakoan esaten duzu: honek ez du batere funtzionatzen, honek bai. Batzuek esaten dute: beste edizio bat beste ipuin batzuekin”. Horretan dabiltza. 

Konfinamenduan ipuin lehiaketa egin zuten. “Badago partida bat Orionerako bidea deitzen dena eta Telegram bidez ez dakit zenbat jende jokatze ari dena. Horrelako gauzatxoak. Gustatzen zaigu esperimentatzea. Ez ditugu proiektu gehiago, egin ditzakegunak baino. Helburua da jendeak ongi pasatzea eta euskarazko zerbait sortzea”. 

Erlazionatuak