Euskararen erabilera handitzeko ariketa soziala azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen da. Sakandarrek dagoeneko badakite 347 tokitan, arigunetan, euskaraz lasai asko hitz egiteko aukera izanen dutela. Izan ere, 116 entitate sakandarrek eman dute izena Euskaraldian eta haiek izan dira arigune horiek sortu dituztenak. Haietan hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboki ere egin daitekeela erakutsiko da.
Sakanako Euskaraldiko arduradunek azaldu dutenez, 347 arigune horietatik % 52 barne ariguneak eta %48 kanpo ariguneak dira. “Mota guztietako entitateek eman dute izena: udalae, mankomunitateek, ikastetxeek, euskaltegiek, liburutegiek, musika taldeek, gastronomia elkarteek, dendek, tabernek, jatetxeek, kanpinek, finantza erakundeek, botikek, ile-apaindegiek, gaztagileek, tailerrek...” Jakinarazi dutenez, “entitate horietan 1.070 lagunek parte hartuko dute, bakoitzak aukeratutako rolarekin, ahobizi edo belarriprest”. Euskal Herrian, guztira 6.737 entitatek parte hartuko dute 25.000 arigune sortuz. Antolatzaileek oso balorazio ona egin dute, are gehiago, koronabirusak eragindako egoera kontuan hartuta.
Norbanakoen txanda
Euskaraldia hasteko hilabete eskas falta da. Aurten ere parte -hartze handia izatea espero da. Sakanako Euskaraldiko batzordeek herrian izena emateko mahaiak jartzeko asmoa dute, baina pandemiak oztopatu egiten du. Horregatik, batzordeek ahal duten guztiei on-line izena emateko deia egin dute. Horretarako, Euskaraldiaren webgunea erabili. Aurreneko Euskaraldian parte hartu zutenek e-postan mezua jasoko dute parte hartzera gonbidatuz. Haren bidez eroso asko eman dezakete izena. Aipatu web orrian, gainera, belarriprest eta ahobizi rolak izateak zer suposatzen duen azaltzen da.
Euskal Herrian 421 Euskaraldi batzorde sortu dira, aurreko edizioan baino 16 udalerri gehiagotan. Sakanan ere datuak hobetu dira eta 10 batzorde izatetik 15 batzordera pasa da: Irurtzun, Arakil, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Lizarraga, Lizarragabengoa, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia. “Koronabirusak zaildu egin du batzorde horien lana, baina aurrera jarraitzen dute. Sakandarrei dei egiten diete ahobizi eta belarriprest rola aukeratu eta Euskaraldian izena emateko”.
Irañeta, Dorrao eta Unanukoendako deia
Irintarrei Uharte Arakilen izena emateko deia egiten zaie. Dorrao eta Unanukoei, berriz, Ergoiena-Lizarragan izena eman dezatela eskatzen zaie. Horrela eginda, ahobizi eta belarriprest txapen banaketa erraztuko dute.