Maria Txibite Navascues lehendakariak jakinarazi duenez, “gaur gauean 23:00etatik 06:00etara mugatuko da mugikortasuna, Espainiako Gobernuak onartu duen bezala, nahiz eta bihar aztertuko den ordutegi hori mantendu edo aldatuko den, eta bestelako neurririk gehituko ote den”. Oroitu beharra dago Foru Gobernuak kontuan izan zuela onarturiko azken foru-aginduan gauez mugikortasunari mugak jartzeko aukera, baina ez zela hala egin foru-eskuduntzetatik haragoko gaia izateagatik, eta gaur onartu dena bezalako araudi-babesa behar zuela irizteagatik.
Txibitek uste du Ministro Kontseiluak gaur onarturiko alarma-dekretua “bat datorrela” ostiralean Foru Erkidegoak eskatu zuenarekin, eta tresna “baliagarria dela birusaren aurka borrokatzeko eta herritarren osasun publikoa babesteko”. Txibitek oroitarazi du “lege-dekretuko neurri garrantzitsuenetako batzuk Nafarroak bazituela ezarririk azken egunotan, eta horrek erakusten du Foru Erkidegoak aurrez hartu dituela erabakiak, ildo tekniko-sanitarioei jarraikiz eta justizia-epaitegien erabateko bermearekin”. Neurri horien artean daude Nafarroaren perimetroa ixtea eta gune publiko zein pribatuetan gehienez sei pertsona elkartzeko agindua, elkarrekin bizi direnak izan ezik.
Txibitek gutun bidez Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eskatu zionez, agintari ordezkariak autonomia-erkidegoetako presidenteak izanen dira. Era berean, lankidetzako eta partekaturiko gobernantzako organoa Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseilua izanen da, eta bertan ordezkaturik egonen dira Osasun Ministerioa eta erkidegoak, Espainiako Gobernuak Nafarroako Gobernuarekin, gainerako autonomia-erkidegoetakoekin eta tokiko erakundeekin duen lankidetza-dinamika sakontzeko.
Erkidegoei beren lurraldeetan sartzea eta haietatik irtetea guztiz edo partzialki mugatzeko aukera ematen dien neurria, eta gune publiko zein pribatuetan gehienez 6 pertsona egotea baimentzekoa (elkarrekin bizi direnak izan ezik) bazeuden indarrean Foru Erkidegoan, eta gainera berrespena eman die Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Aretoak, baita beste neurri-sortei ere.
Txibite lehendakariak dei egin die indar politiko guztiei, eta bereziki Diputatuen Kongresuan Nafarroa ordezkatzen dutenei, “arduraz jokatzera eta bai alarma-egoerako dekretuaren bai hura luzatzearen alde bozkatzera, Sánchez Presidenteak proposaturiko kondizioekin”. Azkenik, Txibitek nafar herritarrei eskatu die “ardurazko jokabidea izan dezatela, egun hauek nahasiak baitira eta egun eta hilabete zailak etorriko baitira, hortaz, prest egon behar dugu eta konpromisoa izan behar dugu egiten jarraitu behar dugun ahalegin kolektiboa egiteko. Nafarroak eta bertako herritarrek erakutsi dute badituztela sendotasuna, enpatia eta elkartasuna, bereziki unerik zailenetan, oraingo hau kasu. Gobernuak eta haren Lehendakariak nafar guzti-guztiekin bat egiten dute, herritar ororen eta batez ere zaurgarrienen osasuna babesteko”.