Gorka eta Ion Izagirre izan ziren atzoko etapako protagonistak. Biescastik atera eta berehala hiruko batek egin zuen aurrera. Baina tropelean txirrindulariak gerrarako gogoz zeuden eta aurreneko ihesaldiko kide bakarra aurrean zegoenean, tropeletik 22 txirrindularik egin zuten ihes. 26.km zen. Maila handiko ihesaldi horretan zeuden Gorka eta Ion Izagirre anaiak.
Iheslariek tropelari lau minutuko tartea ere atera zioten. Kilometro batzuetan Gorka Izagirre Vueltako behin behineko liderra ere izan zen. Petralba eta Cotefabloko gainak pasa behar zituzten txirrindulariek Formigaleko azken igoerara iritsi aurretik. Eguraldi txarra zuen tropelak, euria, eta errepide bustian Gorka Izagirre primeran moldatzen dela erakutsi zuen. Cotefablako portuan behera iheskideak atzean utzi zituen eta minutu erdiko aldea lortu zuen. Gainera, tarteko esprinteko 3 segundoko hobaria ere eskuratu zuen. Formigalerako igoera Gorkak bakarrik hasi zuen.
Formigalen gora Gorkak dozena bat iheskide zituen atzetik, tartean Ion anaia. Hark indarrak gorde zituen eta gainontzekoak izan ziren jazarpen lana egin zutenak. Helmugarako 6,4 km-ren falta harrapatu zuten Gorka Izagirre. Orduan hasi zen etapa garaipena lortzeko buruz burukoa. Izen handi asko zeuden aurrean: Rui Costa, Rusty Woods, Sergio Luis Henao, Guillaume Martin... Baina denetan bizkorrena, eta indartsuena, ordea, Ion Izagirre izan zen. Helmugatik 3 km-ra jo zuen erasoa, 15 segundoko zuloa ireki zuen. Nahikoa izan zuen hori helmugan bi besoak jaso ahal izateko.
Bitartean, Cotefabloko jaitsieran tropela bitan hautsi zen eta Primoz Roglic liderra atzean gelditu zen. Bere taldekideek aurrera eramateko lan egin behar izan zuten. Liderra atzean gelditu zen Amadorren eta Carapazen erritmoa ezin segi. Helmugatik gertu eraso festa egon zen eta Roglic eta Enric Mas justu antzean ibili ziren, baita denbora galdu ere.
Sailkapenari dagokionez, Ion Izagirre helmugan lehena sartu zen. Bere anaia Gorka 9. helmugaratu zen, 00:53ra. Eta Imanol Erbiti, berriz, 68. iritsi zen Formigalera, 10:18ra. Gorka Izagirrek etapako lehiakorrenaren saria jaso zuen atzo. Sailkapen nagusian Richard Carapaz da lider berria. Gorka Izagirre 12. da 3:19ra eta Imanol Erbiti, berriz, 58. 41:51ra.
Tropelak gaur atseden jardunaldia du. Bihar 7. etapa jokatuko da, Gasteizen hasi eta Uribarri-Gaubearen artean. 159,7 km-ko ibilbidean tropelak Urduñako lehen mailako portua bitan pasa beharko du.