Nafarroako presidenteak, Maria Txibite Navascuesek Foru Dekretu bat sinatuko du bihar, Ministroen Kontseiluak atzo onartutako Alarmaren Estatuko Errege Dekretuan jasotako neurriak Nafarroan zehazteko. Araudi horren berritasun nagusia da eremu pribatuko bilerak bizikidetza-unitatera mugatuko dituela, eta neurri hori, printzipioz, azaroaren 4ra arte egonen da indarrean. Salbuespenak dira: bakarrik eta mendekotasunen bat duten pertsonak, adingabeak eta beste etxe batzuetan bizi diren bikoteak. Gainera, azaroaren 4ra arte, egun hori barne, mantenduko dira foru lurraldean sartzeko eta irteteko murrizketak, eta 23:00etatik 06:00etara zirkulatzeko muga berretsiko da, osasun, lan edo ezinbesteko egoeretan izan ezik.
Txibiteren dekretua lastailaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan xedatutakoaren babesean ematen da. Errege-dekretu horren bidez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen da, eta Foru Komunitatean egoera horren baldintzak zehazteko gaitasuna ematen dio. Araudi berria etzi sartuko da indarrean. Era berean, indarrean jarraitzen dute Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan azken asteetan hartutako neurri guztiek, baldin eta ez badira kontraesankorrak Lehendakariaren Dekretuan eta lastailaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan adierazitakoekin.
Gauez zirkulatzea
Nafarroako Foru Komunitatean pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatzeari dagokionez, 23:00etatik 06:00etara bitartean mantentzen da. Ordutegi horretan, pertsonek Nafarroako erabilera publikoko bide edo espazioetatik soilik zirkulatu ahal izanen dute honako jarduera hauek egiteko:
- Sendagaiak, osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.
- Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.
- Albaitaritza-zentroetara joatea urgentziazko arrazoiengatik.
- Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
- Ohiko bizilekura itzultzea, atal honetan aurreikusitako jarduera batzuk egin ondoren.
- Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntzea eta zaintzea.
- Ezinbestekoa edo premia-egoera dela eta.
- Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.
- Gasolindegietako edo gasolina-zerbitzuguneetako hornitzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.
Neurri hori alarma-egoera amaitu arte egongo da indarrean.
Eremu pribatuko bilerak
Eremu publikoan eta pribatuan bilerak mugatzeari dagokionez, erabilera publikoko guneetan bilerak gehienez ere sei lagunekoak izanen dira, salbu eta bizikideak badira, eta jendearendako zabalik dauden bulego, instalazio eta establezimenduei dagokienez ezartzen diren salbuespenei kalterik egin gabe. Elkarrekin bizi diren nahiz bizi ez diren pertsonak sartzen diren taldeen kasuan, gehienez ere sei pertsona izanen dira.
Erabilera pribatuko espazioetan egiten diren bileretan, esaterako, etxebizitzetan, bizikidetza-unitatera mugatuko dira, hau da, etxe berean bizi diren pertsonak, zaintzaileak eta laguntzakoak barne. Muga horretatik salbuetsita daude honako egoera hauek:
- Bakarrik bizi diren pertsonak eta mendekotasuna duten pertsonak; banakako bisitak jaso ahal izanen dituzte, eta, ahal dela, hurbilen duten familia- edo gizarte-eremukoak.
- Gurasoak beste etxe batzuetan dituzten adingabeak.
- Ezkontza-lotura duten pertsonak edo izatezko bikoteak, beste etxe batzuetan bizi direnak.
- Aurreikusitakoen pareko kasuetan dauden pertsonak.
Igarobide publikoetako bilerak eta Konstituzioaren 21. artikuluan araututako oinarrizko eskubidea egikaritzean egindako manifestazioak mugatu, baldintzatu edo debekatu ahal izanen dira, baldin eta sustatzaileek aldez aurretik aurkeztutako jakinarazpenean ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den distantzia pertsonala.
Aurrez aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan-jarduerak, instituzio-jarduerak, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetakoak, unibertsitate-irakaskuntza barne, ezta araudi aplikagarrian berariazko neurriak ezartzen direnak ere.
Neurri horiek azaroaren 4ra arte egonen dira indarrean, eta egoera epidemiologikoaren arabera luzatu, aldatu edo indargabetu ahal izango dira.
Foru lurraldeko sarrerak eta irteerak
Berretsi egiten da Nafarroako pertsonen sarrera- eta irteera-murrizketa, arrazoi hauetakoren batengatik egiten diren eta behar bezala justifikatuta dauden joan-etorrien salbuespenetarako izan ezik:
- Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.
- Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
- Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak, arautu gabeko irakaskuntzak ematen dituzten akademiak eta autoeskolak barne.
- Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.
- Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.
- Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.
- Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.
- Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.
- Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.
- Ezinbestekoa edo premia-egoera dela eta.
- Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.
Neurri horren indarraldia azaroaren 4ra arte izanen da, egun hori barne, eta egoera epidemiologikoaren arabera luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izanen da.