ERRAFAILAK SAKANAN, nortzuk gara?

Erabiltzailearen aurpegia Errafailak Sakanan 2020ko urr. 30a, 08:25

Azken urtean eskualdeko txoko ezberdinetan gure presentzia nabaria izan da. Altsasuko 2019ko jaietan eraso matxisten kontrako elkarretaratzea deitu genuen, emakume andana bilduz. Lizarrako Euskal Herriko Neska* Gazteen topaketetan egon ginen, 400 emakumetik gora bildu zituena. Gure eskualdean egin nahi eta COVID-19arengatik ezin egin izan diren Udaleku Feministen antolakuntzan ibili gara. Azken hilabetotan, normalitate berria desnormalizatzeko kanpaina abiarazi dugu. Finean, egunerokotasuneko koiunturari erantzuteko asmoz lanean ibili gara.

Eta galdetuko zenioten zuen buruei, nor dira neska* hauek? Erantzuna argia da, Sakanako saretze eta lanketa feministaren beharrari erantzuteko asmoz elkartu garen neska* feminista taldea gara. Bestalde, neska* gazte subjektu politikoa ezaugarritu eta neska* gazteon problematika zehatzak mahaigaineratzeari begira sortutako taldea da gurea.

Eta, berriz ere galdetuko zenioten zuen buruei, zergatik Errafailak? Eta beste behin, erantzuna argia da. Errafaila Sakanako mitologiako pertsonaia da, kondairek, sorgin bat zela esaten dute, sorgin “gaizto” bat. Baina sorginaz haratago, Errafaila indarraren eta boterearen seinale zen, gizartean onartzen ez ziren jokabideen pertsonifikazioa. Errafailak, berak, bere barne indar eta kemena betikotzea nahi zuen, hilzorian bere izatea beste emakume bati pasatuz, gaur egunera arte. Horregatik guk pertsonaia hau gureganatu nahi izan dugu, “gaiztakeria” eta gizartearekiko desobedientziaren izaeraren isla moduan.

Aurkezpen honi itxiera emate aldera, dei egiten diogu eskualdeko neska* gazte orori feminismoaren baitan antolatu eta indarrak batu ditzagun!

Errafailak gara, eta Sakanan zehar gaude! Sorgiñik badago, etzago! Tarranpatta-pattan!